NAIZ

Gidatzeko baimena 17 urtetik aurrera Euskal Herri osoan? Bai, baina baldintza batzuekin

Ibilgailuak gidatzeko gutxieneko adina 17 urtetara murriztu daiteke EB osoan (dagoeneko hala da hainbat estatutan). Horren alde egin du Bruselak, baina letra txikiari adi: esaterako, bi urtean alkoholarekiko zero tolerantzia ezarriko litzateke.

16 urtetik aurrera gidatzeko aukera dago Ipar Euskal Herrian, baina lagunduta.
16 urtetik aurrera gidatzeko aukera dago Ipar Euskal Herrian, baina lagunduta. (Getty)

Bruselak 17 urtetara aurreratu nahi du automobilak eta kamioiak gidatzeko baimena ateratzeko adina. Neurria jada aplikatzen da Europako zenbait herrialdetan, hala nola Estado frantsesean 90eko hamarkadatik, eta honek egoera desberdina sortzen du euskal herrialdeetan: Ipar Euskal Herrian posible da 16 urtetik aurrera gidatzea, «lagundutako gidaritza» formulan, eta Hego Euskal herrian, berriz, 18 urtera arte itxaron beharra dago.

Erreformak aurrera egiten badu, eta Espainiako Estatuko Trafiko Zuzendaritza Nagusiak ez du oztoporik jartzen, zazpi herrialdeetan gutxieneko adina berdinduko litzateke, eta 17 urtetan geratuko litzateke. Hori bai, bete beharreko arau batzuekin: Europako Batzordeak bere proposamenean planteatzen du gazteek beti ondoan 25 urtetik gorako gidari bat beharko dutela, gutxienez duela bost urte baimena duena, adin-nagusitasuna bete arte, eta alkoholarekiko «zero tolerantziako» arau bat ere ezarriko litzateke, bi urtez.

Egia esan, Frantziako Estatuan ez ezik, Europako beste herrialde batzuetan ere ezarrita dago 17 urteko gutxieneko adina. Hala gertatzen da Alemanian, Irlandan, Hungarian edo Islandian.

Gero eta beranduago

Baliteke berritasunak aldaketa handirik ez ekartzea, Hego Euskal Herrian gida-baimena lortzeko batez besteko adina atzeratzen ari baita. Hau da, gazteen artean ez dirudi ibilgailu bat gidatzeko presa –edo aukera– handirik dagoenik.

Trafiko Zuzendaritza Nagusia Bruselak proposatutako neurriaren alde agertu da, baina zalantza batzuk onartu ditu, Espainiako Estatuan ez baitago «lagundutako gidaritzan» esperientziarik.

Jesús Monclús Mapfre Fundazioko Prebentzio eta Bide Segurtasuneko zuzendariaren ustez, 18 urteko gidari hasiberri bat ia mugarik gabe irten badaiteke errepidera ikasteko epe motz baten ondoren, batzuetan aste gutxiren buruan, «sarbide progresiboagoa, kilometro gehiagoko esperientziarekin eta tutore arduradun batek lagunduta, ideia ona izan beharko luke».

Gainera, Monclusek azpimarratu du oso garrantzitsua dela «gidari-bekadunen» prestakuntzan kontzientziazio-moduluetan parte hartzea sartzea, non trafikoko biktimekin elkar eragiten den, lehen laguntzak ikasten diren eta bizikletan ibilbideak egiten diren, erabiltzaile ahulenekin enpatizatzeko.

Enrique Lorca ere, Autoeskolen Estatuko Konfederazioko (EJSN) presidentea, neurriaren alde agertu da, betiere DGTk egiaztatutako irakasleen prestakuntza ona bermatzen bada.

Bide-prestakuntzako irakasleen defizita gorabehera (gai horretan DGTrekin ari dira lanean, eta laster konpon liteke), Lorcak dio autoeskolek gaitasuna izango luketela neurritik erator litekeen eskaerarik handienari erantzuteko, baina ez du uste «uholde handi bat» egongo litzatekeenik.