Isidro Esnaola
Iritzi saileko erredaktorea, ekonomian espezializatua / Redactor de Opinión, especializado en economía

Zer tresna geratzen zaizkio Europari?

Duela egun batzuk, Hage Geingob Namibiako presidenteak Alemaniako enbaxadoreari errieta egin zion kamera baten aurrean, diplomatikoa kexu agertu zelako txinatarrek Namibian zuten presentziaz. Egun batzuk geroago, ikusi genuen atzerri ministroak G20aren Indiako bilerara iritsi zirela. Sergei Lavrov arretaz hartu zuten arren, inor ez zegoen Annalena Baerbock Alemaniako Atzerri ministroaren zain hegazkineko eskaileraren oinean. Bileran, Indiako presidentetzak uko egin zion Ukrainako gerraren afera gai ordenan sartzeari, Hegoalde globaleko herrialdeen lehentasunak beste batzuk zirela argudiatuta. Azkenik, Emmanuel Macroni paternalismoa leporatu zion Felix Tshisekedi Kongoko presidenteak, biek batera egindako prentsaurreko batean.

Adibideak besterik ez dira, baina Hegoalde globalean Europarekiko zerbait aldatzen ari dela erakusten dute. Txinaren arriskuaz hitz egitean ez ezik -Namibian diplomatikoak egin zuen bezala-, Europa ez da egoerak eskatzen duen mailan egon beste kasu askotan ere. Esate baterako, Munduko Merkataritza Erakundean, covid-19aren aurkako txertoen patenteak etetea planteatu zenean. Izan ere, Europak ez zuen ez errukirik ez elkartasunik erakutsi egoera zailena zutenekin, beren multinazional farmazeutikoen irabaziak ziurtatzea lehenetsi baitzuen.

Borrellek esan zuen bezala, Europa munduko lorategia da, eta gainerakoa, oihana. Zertarako kezkatuko dira lorategian bizi direnak oihanean gertatzen denaz? Ez dago ezer hoberik, hitz-jario hutsaren atzean benetan zer asmo dagoen jakiteko, diplomaziaren buru harroputz bat jartzea baino. Izan ere, agintari europarrek oso barneratuta dute judaismoaren herri hautatuaren ideia, eta hori ere sekta protestante ia guztien doktrinan sartu da.

Kontzeptua izugarria da. Izan ere, aukeratutako herria bazara, jainkoa aldekoa duzu eta gainontzeko guztiak begirunerik gabe trata ditzakezu, bai haien herrialdeak bonbardatuta bai txertorik gabe utzita. Edota engainatuta ere, Minskeko akordioekin argi geratu den bezala. NATOk akordio haiek denbora irabazteko erabili zituela argi utzi dute protagonistek. Are gehiago, akordioen eragile nagusiek, François Hollandek, Angela Merkelek eta Petro Poroxenkok azken boladan emandako elkarrizketetan aitortu dute ez zutela horiek betetzeko inongo asmorik. Engainatu egiten dute eta, gainera, aldarrikatu egiten dute engainua. Europako agintariek munduko gainerako agintariek baino maila altuagoan daudela sinesten dute eta beraz, ez diotela inori konturik eman behar.

Ukrainako gerra fase berri batean sartu zenean, duela urtebete, Borrellek berak ere onartu zuen NATOk ez zuela bete ekialderantz ez hedatzeko konpromisoa, eta jarraian adierazi zuen ez-betetze hori ez zela hain larria ere. Euskaldunontzat emandako hitza garrantzitsua da; Europako buruzagientzat ez, ordea. Agian, Borrellek gauza batean arrazoi zuen eta konpromisoa ez betetzea ez zen tropak bidaltzeko adinakoa izan. Hala ere, airean geratzen den galdera da zer egin zezakeen Errusiak, behin argi geratu zenean Europak eta NATOk ez zutela emandako hitza beteko. Izan ere, hitza da diplomaziaren oinarria eta Europak mundua gutxiesten jarraitzen badu eta sinatutako akordioak edo emandako hitzak urratzen baditu, bere kapital diplomatikoa suntsituko du. Hortaz, badirudi indarra erabiltzearen aldeko apustua egin duela. Jainkoa alde duelako izango da. •