NAIZ

Adimen-gaitasun handiko 1.610 ikasle daude Hego Euskal Herrian

Hego Euskal Herrian dauden adimen-gaitasun handiko ikasleak Estatuko %3,93a suposatzen du. Oraindik asko falta da dauden guztiak identifikatzeko, EAEko ikasleen %0,25 eta Nafarroako %0,57 besterik ez baitira, %10 inguru izan beharko ziren bitartean.

Adimen-gaitasun handia etxean edo eskolan identifikatu ohi da.
Adimen-gaitasun handia etxean edo eskolan identifikatu ohi da. (GETTY IMAGES)

Hego Euskal Herriak adimen-gaitasun handiko 1.610 ikasle ditu, hau da, estatuko ikasle guztien %3,93. EAEn 937 ikasle dira, 2020-2021 ikasturtean unibertsitatez kanpoko irakaskuntzetan matrikulatutako ikasleen %0,25a suposatzen duena, eta Nafarroan, 673 ikasle, matrikulatutakoen %0,57.

Estatu espainolak gaitasun intelektual handiko 40.916 ikasle ditu identifikatuta eta aitortuta bere hezkuntza-sisteman, matrikulatutako 8.232.295 ikasleen %0,49.

Gaur egun,adimen-gaitasun handia duen ikasle baten balorazioa familien txostenaren, ikastetxeko orientazio-taldearen eta, azkenik, adimen-proben arabera ezartzen da. Proba horiek hainbat esparru neurtzen dituzte, hala nola hitzezko arrazoibidea, arrazoibide logikoa, memoria, sormena eta arrazoibide arina, besteak beste.

Baliabideak aztertu ondoren, ezartzen da ikasle batek adimen-gaitasun handia duela eremu guztietan (gaindotazioa) 75 pertzentilaren gainetik dagoenean, edo 80tik gora hiru eremuetan (talentu konplexua edo anizkoitza), edo 95 pertzentilaren gainetik eremu jakin batean.

Horrela, Espainiako Hezkuntza Ministerioak argitaratutako azken zifren arabera, Estatuan adimen-gaitasun handia duten 40.916 ikasleetatik 26.601 gizonezkoak izan ziren (%65,01) eta 14.315 emakumezkoak (%34,98); 27.517 ikastetxe publikoetakoak (%67,25) eta 13.399 (%32,74) ikastetxe pribatuetakoak (11.037 itunpekoak eta 2.362 guztiz ordainpekoak).

Prestakuntza-zikloari dagokionez, egungo hezkuntza-legearen arabera «premia espezifikoak» dituzten adimen-gaitasun handiko ikasleen gehiengoa (%84) Lehen eta Bigarren Hezkuntzako zikloetan dago.

Zehazki, haur-hezkuntzan (3-6 urte) 157 ikasle daude, Lehen Hezkuntzan (6-12 urte) 17.082, Bigarren Hezkuntzan (13-16 urte) 17.527, eta Batxilergoan eta Lanbide Heziketan (16-18 urte) 5.538 eta 612, hurrenez hurren.

Egungo hezkuntza-legearen arabera, adimen-gaitasun handia duten ikasleen balorazioa egin ondoren, neurri zehatzak ezarriko dira, hala nola curriculum-egokitzapenak, eskolatzearen malgutzea (ikasturteko igoerak) edo aberasteko eskolaz kanpoko programak.

Adituek diote, gutxienez, ikasle kopuru osoaren %10a gutxienez direla adimen-gaitasun handikoak, beraz, oso gutxi daude identifikatuta; Estatu osoan %0,49 soilik, EAEn %0,25 eta Nafarroan %.0,57. Andaluzian pilatzen dira Estatuan identifikatutako ikasle gehien, 16.995 (Estatuko %41,5a), eta hala ere bertako ikaslegoaren %1,06 soilik suposatzen du. Honek argi uzten du lan handia egin behar dela adimen-gaitasun handia duten ikasleak lokalizatzeko.