Eipkoa, sinestezina, kaotikoa, akigarria...gaurko Ogetako partidari jar dakizkiokeen adjetibo guztien artean euskeraz «muturrekoa» izan daiteke erabil daitekeen egokienetako bat. Muturrekoa, azken ordu erdi luzea ia pausurik eman ezinda amaitu duelako Xabi Tolosak, muturrekoa, muturrekoa Jokin Altunak biren aurka jokatu behar izan duelako 16-14koaz aurrera, muturrekoa orain arteko lehiarik luzeena izan delako 105 minutu eta 867 pilotakadekin eta muturrekoak izan dira baita ere lau pilotariek bizi behar izan dituztenak gora-behera izugarriak izan dituen lehia gehiegizkoan. Izan ere, azken tantoetako agoniarekin ahazteko modua bada ere, ezin ahaz liteke Altuna-Tolosa 12-4 aurreratu direla eta errazena amore emateak zirudienean, Laso-Imazek erakutsitako fedeak ezinezko garaipen bat eskuratzera eraman ditu. Iazko txapeldun ordeek herio batean amaitu dituzte azken bi asteetan jokatutako hil ala biziko partidak eta, kontraesankorra dirudien arren, muturrean bakea aurkitu dutela esan genezake, puntu bat baino gehiagorekin itzuliko baitira etxera Ogetatik.
Bihar goizean lauren gorputzek giharretako min izugarriekin esnatuko badira ere, Altuna-Tolosari bihotzak eta buruak ere ederki estutuko die, ez baitirudi erraza azaltzea horren ondo bideratuta izan zuten partida batek nola egin ahal izan zien ihes, baina pilota borobila da eta halako gauzak izaten ditu. Muturreko lehia batean, 12. tantoko atsedenaldiak zuritik beltzera, edo beltzetik zurira aldatu jokoaren gidoia.
Lehen zati hori erabat urdina izan da. Altuna-Tolosa, bakoitza berean, Laso-Imaz baino askoz gehiago izan dira. Atzean, oiartzuarra pilotara jarri ezinda aritu da, neurririk hartu ezin eta altuerarik eman ezinda. Tolosak, ordea, ikaragarri gozatu eta baztertu du eta dena alde zuela, Jokin Altuna ere oso eraginkor aritu da lehen zati luze batean.
12-4 bildu dira aldagelara eta handik bueltan, ordea, partidaren kolorea erabat gorritu da. Lasok baztertutako pilotakada batekin sakea berreskuratu eta euren gustuko pilota bat jokoan jarrita, ordura arte bi tanto jarraian egin ezinda aritu badira, 9 egin dituzte jarraian segidan. Ander Imaz eroso aritu da tarte horretan pilota horrekin eta ordura arte horren sendo zirudien Xabi Tolosa izan da, hiruzpalau akatsekin, krisialdi larrian sartu dena. Altunaren ezker eskuak ere zalantzaren bat piztu du jokoan sartzeko izan dituen zailtasunekin eta Aspekoak konturatzerako Baikokoak aurretik zituzten markagailuan 13-12.
Muturretik muturrera, partidak kolore gorria hartu du zeharo bigarren parte horretan, are gehiago, Xabi Tolosaren ezintasun fisikoa gero eta agerikoagoa egin den heinean. 96 pilotakada eta 5 minutuko tanto batekin 16-14 jarri dira Baikokoak aurretik eta Xabi Tolosak akituta, aldagelerako bidea hartu behar izan du, oinak lurrean jarri ezin zituela.
Pausu bat eman ezinik
Beste bost bat minutu eman ditu anoetarrak kantxara irten aurretik zangoetako muskulu guztiak bere lekura eraman nahian eta geldialdiak mesede egin die amezketarrari eta berari. Oso joko praktikoa egiten, pilota etengabe atzeratu eta aurrean ezer jakin nahi ez zuela emana zion buelta partidari Unai Lasok, baina etenaldi horretatik bueltan erabat nahastu da jokoa eta horrek ez die mesederik egin nafarrari eta oiartzuarrari.
Pilotakada bakoitza hil edo bizikoa izan da une horretatik aurrerakoa, Altunak bihotz eta arima jokatu behar izan du bere lagunaren ezina nolabait tapatzeko eta sekula izan duen garaipenik zailena ere eskuan izan du, amiera itogarri batean 20-21 aurreratu direnean.
Nekeak lau pilotariei ere eragin die, baina azkenerako ezin izan du bi baten aurka planteatu dioten jokoarekin eta amore ematen amaitu du amezketarrak, giharretako baino biohtzeko min handiagoarekin. Kontsolamendurako gogoratu beharko diogu, nahiz eta ziur berak oso gogoan izango duen, frontoi horretan bertan Tolosaren antzera amaitu zuen David Merinok jantzi zuela aste batzuk beranduago Titinen latuntzarekin.
FITXA TEKNIKOA:
Laso-Imaz: 22
Altuna III.a-Tolosa: 21
Pilotakadak: 867. Iraupena: 105,50 minutu. Markagailua: 0-1, 1-1, 1-3, 2-3, 2-7, 3-7, 3-11, 4-11, 4-12, 13-12, 13-13, 14-13, 14-14, 16-14, 16-17, 17-17, 17-18, 18-20, 20-20-20-21, 22-21. Sakeak: Falta 1 Lasok eta 6 (falta 1) Altuna III.ak. Egindakoak: 7 Lasok, 1 Imazek, 8 Altuna III.ak eta 0 Tolosak. Galdutakoak: 5 Lasok, 1 Imazek, 8 Altuna III.ak eta 5 Tolosak. Gorabeherak: 1268 ikusle Ogetan.