Euskal presoek lortutako hirugarren graduen aurkako erasoaldiak aurrera segitzen du, eta orain prozedura larriago batean bitartez: lehendabiziko aldiz Entzutegi Gorenak abenduan ezarritako erizpidea erabili du Auzitegi Nazionalak, eta Fiskaltzak helegitea eskatu bezain laster, tramitera onartu eta bi preso kartzelara itzuli ditu.
Gauzak honela, bertan itxaron beharko dute Xabier Atristainek eta Juan Manuel Inziartek helegite horri dagokion erabakia. Orain arte kalean egon zitezkeen preso hauek, Auzitegi Nazionalak auzia aztertu bitartean. Lege aldaketa honekin, azkenik espainiar epaitegi bereziak hirugarren graduak ontzat emango balitu, presoei eta senideei eragindako kaltea begibistakoa litzateke.
Etxeratek eman du kartzelaratze hauen berri, astelehen honetan. Gainera, bi kasuotan aldagai bereziki larriak daude. Atristaini dagokionez, jakina da Europako Giza Eskubideen Auzitegiak bere aurkako kondena bidegabea izan zela agindu zuela 2022ko urtarrilean, baina hala ere epai hari eutsi dio Estatu espainolak, eta gainera bigarren aldiz ezertan utzi du Lakuako Gobernuak Atristaini onetsitako hirugarren gradua. Hamabi urte baino gehiago daramatza kartzelan.
Inziartek, bere aldetik, 68 urte ditu eta 14 urte egin ditu preso jada. Datorren urtean bere zigorraren hiru laurdenak beteko ditu. Hau erantsi du Etxeratek: «Duela hamar egun inguru Eusko Jaurlaritzak hirugarren graduan sailkatu zuen, espetxearen proposamenari kasu eginez. Duela gutxi iktus bat izan zuen Inziartek», jakinarazi du.
Sendatze bidean da oraindik preso hau, baina hala ere berriz espetxeratua izatea agindu du Auzitegi Nazionalak. «Ohartarazi nahi dugu espetxera itzultzeak ez diola inolako mesederik egingo berrosatze prozesuari», salatu du Etxeratek.
Hamaika egun geroago
Etxeratek azaltzen duenez, Atristaini zein Inziarteri martxoaren 2an onartu zien hirugarren gradua Lakuako Gobernuak, eta ondorioz kalea zapaldu ahal izan zuten berriz. Baina laster heldu da Fiskaltzaren helegitea eta horrekin hamaika egun baino ez dira pasa berriro espetxeratuak izan diren arte.
«Euskal gizartearen aurrean gure haserrea adierazi nahi dugu, berriro ere oztopoak baino ez dituztelako jartzen gure senide presoek aspaldi hasitako espetxe ibilbidea moztu nahian. Izan ere, eginiko ibilibidearen helburua askatasuna da, horietako askori dagoeneko dagokien askatasuna hain justu», adierazi du Etxeratek.
Mobilizazioak izango direla aurreratu du. Deialdiak oraindik guztiz zehazteko daude, baina dagoeneko Donostiako Sarek iragarri du ostiral honetan manifestazioa egingo dutela, arratsaldeko 19.00etan, Bulebarretik hasita.
Azken asteotan beste zenbait preso hirugarren gradutik bigarrenera pasa dituzte berriz, eta salatzeko manifestazioak egin dira Etxarri-Aranatzen, Azkoitian, Urretxun...