![Xebas Christyk hedabideekin mintzatzen, gaur Alda!k egin duen ekintzaren tokian.](/media/asset_publics/resources/000/982/372/article_main_landscape/alda-etxebizitza.jpg)
Alda! elkarteko kideek ekintza berria burutu dute, gaur goizean, Baiona iparraldeko auzo batean, haien bizitokia salmentara atera ondoren maizterrek bizi duten egoera zaurgarriaren gainean oharra egiteko.
Elkartearen ordezkariek jakitera eman dutenez 2019. urtean alokaturik ziren 300 bat etxebizitza salmentarako prozedura batean ezarri zituzten etxejabeek Lapurdiko hiriburuan.
Batzuetan etxejabeak aldarrikatzen du etxea behar duela baliatu, baina hainbat kasutan bizitoki hori bigarren egoitza bezala saltzen dutela nabarmendu du Xebas Christyk Alda!ko ordezkariak.
Hain zuzen bigarren egoera hori pairatu duen maizterraren aitzineko apartamenduaren aurrean eman du hitzordua elkarteak gertatzen ari den maizterren kanporatzeak salatzeko asmoz. Horrela nabarmendu nahi izan du salmentarako prozeduren baitan gauzatzen diren maizterren kanporaketa horiek «kasu askotan, ondorio psikologiko, ekonomiko, profesional, sozial eta familiar biziki kaltegarriak» dituztela.
300 etxe kopuru hori sinbolo gisara hartuta zinta batekin inguratu dute elkarteko ekintzaileek alokakairuaren gainean bizi den krisia aregotzera datorren praktika horren gainean arreta ezarriz.
Abbe Pierre fundazioaren sustenguarekin, neurriz kanpoko kanporaketen «neurgailu berri eta biziki adierazgarria« eskuratzea lortu du Aldak.
2012az geroztik Baionako Auzitegiak balioztatu dituen alokairuen desagertzea etengabe emendatu da. 228 kasu izan ziren 2016an. Alta, 2019an 302 kasu neurtu ziren.
2019ko azkeneko datua eskutan «Marseilla, Lyon, Okzitaniako Tolosa, Niza eta Nanteseko auzitegietako salmenta prozedura guztiak bilduta baino prozedura kopuru handiago izan zela Baionan» ondorioztatu du Alda!k.
Baionako auzo herrikoetan ere bai
Etxebizitzak saltzeari begira burutzen diren maizterren kanporatze prozesuak ez direla soilik Lapurdiko kostako herrietan gertatzen ari agerian jarri du gaurko ekintzaren bidez Alda!k.
Baionako Santa Gurutze auzoaldean mobilizatu da gaur elkartea, «Karinen bizitegi ohiaren aitzinean».
Haurtzain ogibidez, bere alokairuaren amaiera jakinarazi zioten eta ondorioz etxebizitzaren salmentarako kanporatze prozedura baten biktima bilakatu zen.
2021eko ekainean Karinek bere bizitegia eta bere lantokia galdu zituen. Haren bizitegia bigarren egoitza bilakatu da.
Gaurko ekintzaren ostean heldu den apirilaren 1ean Herrian Bizi-Se loger au Pays plataformak Baionan deitu duen manifestaziora joateko deia zabaldu dute Alda!ko lagunek.
Mobilizazio horri begira hainbat hitzaldi eta eztabaida antolatu ditu plataformak.
Getarian joan zen ostiralean eginiko zinema eztabaidaren baitan datu esanguratsua eman zuen Txetx Etxeberrik.
Alda!ko kideak zehaztu zuenez, Ipar Euskal Herrian alokagai ziren 45.000 etxebizitzen artean, 11.000 alokairu turistiko iraunkor bilakatu ziren 2020an «lehen etxebizitza nagusi gisa erabiliak zirelarik».
![Estebandomeno](/media/asset_publics/resources/001/135/856/article_thumb_horizontal/Estebandomeno.jpeg)
Cien años del primer muerto en el recorrido del encierro y algo de porno
![Bestak-garbiketa](/media/asset_publics/resources/001/136/867/article_thumb_horizontal/bestak-garbiketa.jpg)
Dos bestazales violentamente atacadas por defender a un hombre de una agresión
![Captura_de_pantalla_2024-07-25_a_las_15.22.51](/media/asset_publics/resources/001/140/611/article_thumb_horizontal/Captura_de_pantalla_2024-07-25_a_las_15.22.51.png)
UPN manipula una imagen para borrar las referencias a Euskal Herria de la camiseta de un edil
![Alpargata-maule](/media/asset_publics/resources/001/140/789/article_thumb_horizontal/alpargata-maule.jpg)
Arranque de temporada complicado para los últimos fabricantes de alpargatas suletinas
![Gasteiz](/media/asset_publics/resources/001/140/870/article_thumb_horizontal/gasteiz.jpg)