Euskarafoboen garaipena
Errealitate hau euskarafobia sustatzen duten horien garaipen bat da. Euskaltzaleok jendartearen %30-%35a izaten jarraitzen dugun bitartean ez dugu gaitasunik edukiko alderdi politikoen jarreretan aldaketak eragiteko.
«Solo el 6,8% de los navarros usa el euskera más o igual que el castellano». Hau izan zen ‘Diario de Navarra‘-k VII. inkesta soziolinguistikoaren datuei buruz argitaratu zuen albistearen titularra. Nafarroan euskararen ezagutza eta erabileraren datuek bilakaera motel baina positibo bat erakusten badute ere, herrialdeko egunkari hegemonikoak eta eskuin instituzionalak datuak nahieran interpretatu ohi dituzte jarraian euskara sustatzera diru publiko gehiegi bideratzen dela salatzeko.
‘Diario de Navarra’-k eta eskuin instituzionalak elikatzen duten marko ideologikoa ideia gutxitan laburbildu daiteke: jende gutxik erabiltzen du euskara; diru publiko gehiegi bideratzen da euskararen sustapenera; bere ezagutza eta erabileraren aldeko neurriak «inposaketa nazionalista» hutsa dira, «ez euskaldunen diskriminazioa» eta «ez dute bat egiten Nafarroako errealitate soziolinguistikoarekin»; euskararen ezagutza eta erabileraren sustapenerako neurrien aurrean, «aukera askatasuna» aldarrikatzen dute, euskarari bizkarra emateko hautua mozorrotzeko era bat baino ez dena. Bestalde, ‘Diario de Navarra’-k eta eskuin instituzionalak ez dute euskararen ezagutza eta erabileraren aldeko mezu positiborik bat ere plazaratzen. Eta, oraindik ere, euskara nafar guztion ondasuna dela aldarrikatzeko kopeta dute.
Ez naiz esateaz nekatuko: euskarak Nafarroan bizirauten du eta, poliki-poliki, aurrera egiten ari da hamarkadetan zehar instituzioek praktikatutako kontentzio eta desbalorizazio politiken aurrean, eta Nafarroako eskuin instituzional eta mediatikoaren etengabeko zirimiri euskarofoboaren aurrean, milaka euskaltzalek egindako ahaleginari esker.
Inkesta soziolinguistiko ezberdinek emandako emaitzek pultsu dialektiko honen emaitzaren bilakaera erakusten dute. Jar dezagun arreta euskararen erabilera sustatzearen inguruko jarreretan. Termino orokorretan, sustapenaren aldeko, kontrako eta indiferentziaren jarrerak nahiko egonkor mantendu dira azken hiru hamarkadetan zehar. Errealitate hau euskarafobia sustatzen duten horien garaipen bat da. Azken inkestaren emaitzak partikularki kezkagarriak dira, datuon arabera euskararen sustapenaren aldeko joeraren beherakada bat eman baita, batez ere gazteen artean. Euskaltzaleok jendartearen %30-%35a izaten jarraitzen dugun bitartean ez dugu gaitasunik edukiko alderdi politikoen jarreretan aldaketak eragiteko eta, ondorioz, ezta erakundeek harresi legalak eraitsi eta erabilera eta ikaskuntza indarrez sustatzera eramateko ere.
Euskarari prestigioa ematea eta mezu positibo baten bidez urrun dauden sektore sozial esanguratsuak erakartzea helburu izango duen eta, honen osagarri, euskarafobia eta berau sustatzen dutenak salatuko dituen artikulazio handi baten falta sumatzen dut.