NAIZ

EHE: «Murgiltze-eredua da haurrak euskalduntzea lortu dezakeen eredu bakarra»

Euskal Herrian Euskaraz ekimenak Lakuak egindako Hezkuntza Legearen aurreproiektua aztertu du, eta murgiltze-eredua aldarrikatu du, «haurrak euskalduntzea lortu dezakeen eredu bakarra» delako.

Gasteizen asteazkenean egindako agerraldia.
Gasteizen asteazkenean egindako agerraldia. (EHE)

Euskal Herrian Euskaraz ekimenak Lakuako Hezkuntza Sailak EAEko hezkuntza legearen aurreproiektua aztertu du, eta bere irakurketa plazaratu du asteazken honetan Gasteizen.

Azaldu zuenez, «euskarari dagokionez, azken urteetan, inpasse egoeran gaude, ez atzera ez aurrera, eta gure lurraldeetan indarrean ditugun hezkuntza-sistemek egiturazko aldaketak behar dituzte».

«40 urteren ondoren, EAEn indarrean izan den hezkuntza-sistemak, hizkuntza-ereduen bidetik, ez ditu lortu ezarritako helburuak. Duela zazpi urte argitaratu genuen ikerketa batek ondorioztatu zuen 1983tik 2016ra bitartean, gutxienez, 200.000 ikasle baino gehiago atera zirela EAEko hezkuntza-sistematik euskaldundu gabe», gaineratu du.

Egoera honen aurrean, murgiltze-eredua haurrak euskalduntzea lortu dezakeen eredu bakarra dela azpimarratu du, «nahiz eta horrek soilik ez bermatu. Izan ere, murgiltze-ereduak gero eta zailtasun handiagoak ditu herritarrak euskalduntzeko. Ikerketa baten arabera, murgiltze-ereduan ikasi duten ikasleen %40ak ez dute euskararen nahikotasun maila eskuratzen».

Hala, EHEk murgiltze-eredua eskola publiko zein itunpeko guztietara zabaltzea proposatu du, «eta gainontzeko hizkuntza-ereduak bertan behera uztea».

«Ikasle guztiek euskarazko gutxieneko maila (B2) lortu dezaten, gutxiago duenari gehiago emango zaio; hau da, euskararen egoera ahulagoa den eremuetan hizkuntza gehiago indartuko da», azaldu du, eta «euskara etxetik jaso ez duten ikasleei, eskola barruan, behar bezalako laguntza eta baliabideak ematea» mahaigaineratu zuen. Era berean, eskolaz kanpo eta behar den tokietan, eskolako lanak egiten laguntzeko doako zerbitzua antolatzea proposatu zuen.

Halaber, «finkatutako euskara-gaitasun maila hori lortzen dela bermatzeko, neurri eta baliabide zehatzak ematea eta, ikasketa-ibilbidean zehar, aurreikusitako mailen jarraipena egitea» babestu du, «ebaluazio-sisteman arlo horri leku eginez».

Euskal curriculuma garatzearen alde ere agertu da EHE. «Horrek Euskal Herri osoko ikuspegi nazionala izan beharko luke, zazpi probintzietako errealitateak maila berean kontuan hartuz», azpimarratu du.

«Hizkuntz komun gisa»

Euskararekiko atxikimendua eta jarrera euskaltzalea sustatzeko «proposamen didaktiko integral bat» garatzea eskatu du ere, «euskal nortasuna eta kultur-transmisioa ardatz hartuta»; eta euskara inklusiorako eta kohesiorako tresna bezala ulertzea eta baliatzea exijitu du.

«Segregazio sozioekonomikoa eta linguistikoa gainditzeko, Euskal Herrian hitz egiten diren gainontzeko hizkuntza guztiak (100 baino gehiago) kontuan hartuz eta balioetsiz, euskara hizkuntza komun gisa ulertzeak potentzial handia izan lezake», adierazi du.

Irakasleak eta ikastetxeetako gainerako langile guztiak euskaldunak izan daitezen ziurtatzeko hizkuntza-eskakizunak eskatzea proposatu du, eta langileak euskalduntzeko plan zehatzak nahiz baliabideak ematea. Eta «hezkuntza formaletik haratago, euskarazko aisialdi osasuntsurako planteamendu integral bat garatzea», aldarrikatu du.

Manifestazioak martxoaren 23an

Amaitzeko, ‘Hezkuntza Euskaraz izan behar da’ lelopean, Gazte Euskaltzaleen Sareak eta Unibertsitateetako Euskara Taldeek martxoaren 23rako deitutako manifestazioekin bat egin du EHEk. 12.00etan hasita, mobilizazioak Gasteizen (Elurreta), Bilbon (Jesusen Bihotza), Donostian (Bulebarra) eta Iruñean (Antoniutti) izango dira.