Binakako txapelketa bere azken fasean sartzen ari den honetan, asteburu honetan lehen finalisten izenak ezagutu ditzakegu Iruñea eta Eibarren ematen diren emaitzen arabera, Aspe eta Baikok ez dute apirilaren bederatziko asteburuan hasiko den Buruz Burukoa prestatzea ahaztu eta momentuz urteko zitarik garrantzitsuenaren zenbait zertzelada jakitera eman dituzte. Binakakotik kanpo geratu diren pilotari batzuk dagoeneko hasi dituzte Manomanistari begirako entrenamenduak eta enpresa bakoitzaren atarikoek jokatu behar dituzten pilotariek badakite noren aurka eta non jokatu beharko duten hil edo biziko kanporaketa hori.
Horretan bi enpresak bat etorri dira eta hurrengo ostirala, martxoak 24, izango da euren azken parte hartzaileak erabakitzeko azken eguna. Baikok arratsaldez egingo du kanporaketa, Errioxako Villar de Arnedon, arratsaldeko 18.00etan eta bertan Asier Agirre eta Jon Alberdi arituko dira nor baino nor. Bilboko enpresak, gainera, argi esan du kanporaketa honetako garaileak lehen mailako Buruz Burukoan jokatuko duela eta 22ra heldu ezinik geratzen denak Promozio mailakoarekin konformatu beharko duela.
Aspek, aldiz, bere atarikoa Larraintzarrera eramango du eta bertan etxean arituko den Peio Etxeberria eta Danel Elezkanok jokatuko dute. Ez dirudi kasu honetan galtzaileak Promoziokoan jokatzearen koltxoirik izango duenik.
Printzipioz, enpresek iazko eskema bera errepikatuko dutela dirudi, hau da, final laurdenetan ligaxka batekin, baina aurten egutegi aldetik arinxeago dabiltza eta iaz eman ziren partidak jokatzeari uko egiteak ekidin asmoz, oso posiblea da tartean pilotariek atseden gehiago izan dezaten aukeraren bat ahalbidetzea.
Seina pilotari
Hala bada, enpresa bakoizak seina pilotari aurkeztuko lituzke txapelketara eta lehen jardunaldian final zortzirenetako lau kanporaketa jokatuko lituzkete lau zerrendaburuak izan ezik –Laso, Ezkurdia, Jaka eta Altuna–, gainerako parte hartzaileek.
Izenei dagokionean, Aspen Elezkano eta Peio Etxeberriak atarikoa jokatuko dutela baieztatuta, badirudi iazko ligaxkan izan ziren bost pilotariek –Ezkurdia, Altuna, Zabaleta, Dario eta Rezustak– errepikatuko dutela eta horrela osatuko litzateke seikotea. Irribarriarik gabe, Binakakoan horren maila bikaina ematen ari den Aitor Elordi kanpoan geratuko litzateke, atarikoren bat jokatzeko datarik gabe egongo litzatekeelako.
Baikoren kasuan, Lasok, Jakak, Urrutikoetxeak, Artolak eta Peñak ziurrak dirudite eta seikotea atariko irabazleak osatuko luke. Kasu honetan, azkenaldian horren itxura bikaina ematen ari de Larrazabal geratuko litzateke hautatuen zerrendatik kanpo.