NAIZ

Realak «gaitzetsi» egin ditu Erromaren aurkako partidaren atarikoan jazotako istiluak

Realak Erromaren aurka jokatu beharreko partida erabakigarriaren aurretik, istilua sortu zen bi taldeetako zaleen artean. Ertzaintzaren jarrera oldarkorra ere salatu zuten zenbait zalek –hiru pertsona atxilotuta eraman zituzten–. Istilu horien harira, Realak bere «gaitzespena» erakutsi du.

Anoeta inguruan sortu ziren istiluak.
Anoeta inguruan sortu ziren istiluak. (NAIZ)

«Realak gogor gaitzetsi nahi ditu ustez Realeko eta AS Romako jarraitzaileek atzoko partidaren atarian eragindako gertakariak», adierazi du klub txuri-urdin, ostiral arratsalde honetan argitaratutako ohar baten bitartez.

«Futbola pertsona, hiri eta herrien arteko bilgune bezala ulertzen dugu, ez gorroto eta borroka gune bezala. Horrelako gertakariak futbola eta kiroletik oso urrun daude eta horrek asko kezkatzen gaitu», ondorioztatu du Realak.

Hala, aurreratu du bazkide bezala ez dituela onartuko istiluetan parte hartu zutenak, ikerketak hala baieztatzen badu.

Europa Leagueko final zortzirenetako itzulerako partida hartu behar zuen Anoeta eta joaneko partidan, italiarrek abantaila polita lortu bazuten ere, tentsio handiko partida izango zela aurreikusten zen.

Partida hasi aurretik, baina, tentsioa estadio kanpoan bizi izan zen. Bertan, bi taldeetako zaleen arteko istiluak sortu ziren afizionatu erromatarren autobusa Anoeta ingurura hurbildu zenean. Tabernetako aulki eta mahaiak airetik ikusi ahal izan ziren.

Zonaldean Ertzaintzaren presentzia areagotuz joan zen eta honen oldarkortasuna salatu zuten zenbait zalek. Jaurtigaiak erabili zituen poliziak eta horietako batzuk pertsona batzuk zauritu zituzten. NAIZek jakin ahal izan zuenez, zale baten tibian jo zuen jaurtigai batek.

Iturrien arabera, 19 eta 31 urte bitarteko hiru pertsona atxilotu zituen Ertzaintzak istiluetan parte-hartzea egotzita eta gaur bertan aske geratu dira epailearen aurretik pasa ondoren.