Arnaitz Gorriti

Hamargarren garaipena eta egundoko lasaitua pilatu ditu Bilbao Basketek (84-77)

Emir Sulejmanovic eta Francis Alonso izan dira jokalaririk garrantzitsuenak Basquet Gironaren aurkako garaipen hau erdiesteko. Talde katalana hurbildu den uneetan ere aurretik mantendu dira bilbotarrak, Alex Reyesek unerik egokienean sartutako hirukoei esker.

Francis Alonsoren amorrua, Bilbao Basketekin aspaldian jokatu duen partidarik onenean.
Francis Alonsoren amorrua, Bilbao Basketekin aspaldian jokatu duen partidarik onenean. (A. ARRIZABALAGA | ACB PHOTO)

SURNE BILBAO BASKET 84 - BASQUET GIRONA 77

ACB Ligako 16 onenen artean mantentzeko urrats handia eman du igande eguerdi honetan Surne Bilbao Basketek. Francis Alonso eta Emir Sulejmanovic izan dira protagonista beltzezko gizonek hamargarren garaipena erdiesteko. Baita sufritzen jakitea ere, ez baitu ondoegi jokatu talde bilbotarrak, baina aurretik eutsi dio partidaren gehienean eta horrek asko balio izan dio minuturik zailenetan patxada eta arnasa izateko.

Barrutik kanporantz eraiki du Bilbao Basketek garaipena. Izan ere, jaurtitzaileek hotz ekin diote lehiari eta ondorioz, Bilbao Basketen aurreneko bederatzi saskiratzeak uztaipetik iritsi dira. Uztaipean, nahiz eta Marc Gasol eta Miletic jokalari handiak izan, Gironak ez du larregi estutu eta horri etekina atera dio talde bilbotarrak. Defentsan, berriz, ia beti urrats bat atzetik joan dira, batez ere Marc Gasolek jokoa ikusi eta baloia mugitzeko orduan erakutsi duen azkartasunari esker.

Aurreneko laurdena nahiko hotz joan da, baina berdinduta bederen, beti ere ekimena bilbotarrek eraman badute ere. Francis Alonso eskolta andaluziarrak «bi gehi bateko» jokaldia amaitu du laurdenaren azken segunduetan hamar minutuen ostean Bilbao Basket 19-16 aurretik lagatzeko. Alabaina, lehenengo laurden horrekin ezin zitekeen antzeman partida nondik hautsi zitekeen, ezta hasierako ekimen horri Bilbao Basketek eusterik izango ote zion ere.

Francis Alonsok sartu du Bilbao Basketen aurreneko hirukoa bigarren laurdenaren hastapenean. Malagako jokalariari esker abiadura pixka bat hartu du Bilbao Basketen jokoak, ezinbestekoa Gironak Marc Gasol eta Eric Vila aurkitu baititu zenbait jokalditan laurden honen hasieran. Oraindik ere zer hobetu handiarekin, baina gutxienez talde katalanari konfiantzarik hartzen ez dio laga Bilbao Basketen jokoak. Are gehiago, tarteka bisitariak aurretik jarri badira ere, Hakansonen hiruko batek berriz ere aurretik jarri ditu Jaume Ponsarnauren gizonak. Bestalde, Suljemanovicek uztaipean egin duen lan onari esker, behingoagatik aldetxoa hartu du talde bizkaitarrak: 31-26.

Halakoren baten, kanpotik jokatzen duten jokalariak ere esnatu dira Bilbao Basketen eta Ignacio Rosa eta Adam Smithek aldea zabaltzeko balio duten hiruko bana saskiratu dituzte: 37-26 markagailuan eta ACB Ligan 1.100. partida zuzendu duen Aito Garcia Renesesen ezinbestean hutsartea eskatu behar izan du.

Ezin izan dio, ordea, alde horri eutsi talde bilbotarrak. «Pato» Garino eta Marc Gasol aurkitu ditu talde katalanak bigarren laurdenaren azken minutuetan eta atsedenaldira etxekoak oraindik ere aurretik iritsi arren, aldea erdira murriztu da: 42-37.

Aldeari eutsi ezinik

Petral xamar ekin dio Bilbao Basketek hirugarren laurdenari. Michale Kyserrek jarri dituen txapelei esker izan ez balitz, Gironak markagailua berdindu baino askoz gehiago egingo zukeen. Erasoan, ordea, bigarren laurdeneko erraztasuna erabat galduta jokatu dute beltzezko gizonek, Sulejmanovicek uztaipean emandako apurretatik bizimodua ateraz.

Halakoren baten, Girona aurretik ere jarri da, Taylorren bitartez 46-48 aurreratu baita. zorionez, Adam Smithek berehala eman dio erantzuna hiruko bati esker. Nolanahi, jokoaren ekimena erabat hartu du Gironak hirugarren laurdenean eta Bilbao Arenako jendea, aurreneko erdian hain hotz eta lasai egon dena, urduritzen hasi da.

Dena den, laurdenaren azkenera aurretik iristea erdietsi dute bilbotarrek, Tsalmpouris eta Denzel Anderssonen puntuei esker, eta baita Gironak saskiratzeko aukera errazen bat edo besteri ihes egiten laga diolako ere. Bestalde, bizkaitarrek ez dituzte aukeran izan dituzten jaurtiketa libreak sartzen asmatu. Alex Reyesek, aldiz, bi hiruko bikain kateatu ditu eta horri esker 61-55 aurretik iristen asmatu dute Jaume Ponsarnaurenek azken hamar minutuetara.

Partida are eta estuago eta larriago bihurtu da hurrengo minutuetan. Gironak neurketa irabazteko benetako aukera bat ikusi du eta Bilbao Basketek, berriz, «Gure Etxea, Gure Arauak» leloari nolabait eusteko ahaleginak eta bi egin ditu. Orain gose, hurrengoan ase, nolabait aurretik mantentzeko gaitasuna erakutsi dute Ponsarnaurenek eta Marc Gasoli kiroltasunez kontrako falta bat adierazi ostean, arnas apur bat hartu ahal izan dute etxekoek: 70-63 Hakansonen bitartez, artean partida amaitzeko sei minutu falta baziren ere.

Pare bat minutuko agoniaren ostean, Francis Alonsoren hiruko batek partida ia bilbotarren poltsikoan sartu du, baina Girona ez da burua makurtzeko etorri Miribillara eta Fjellerup hegaleko argentinarrak berehala erantzun dio, neurketa azken txanpara markagailua 75-69 eramanez. Jaurtiketa libreen marratik, Francis Alonso berak –Sulejmanovicekin batera Bilbao Basketeko jokalari eraginkorrena–, beste puntutxo bat eman dio bere taldeari: 76-69.

Azken bi minutuetan sartuta, bizkaitarren hamargarren garaipena nola edo hala gorpuzten hasi da, Alex Reyesek bere hirugarren hirukoa saskiratu ostean. Handik aurrera jaurtiketa libreen soka etengabea iritsi da, baina partidak ez du bueltarik izan, azken segunduetan bilbotarrek ez baitute kalerik egin jaurtiketa libreen marratik. Garaipen garrantzitsua eta lasaitu ederra bilbotarrentzat.

PARTIDAREN FITXA

BILBAO BASKET: Ludde Hakanson (10), Adam Smith (6), Xavi Rabaseda (1), Emir Sulejmanovic (14) eta Michale Kyser (6) –hasierako bostekoa–, Nikola Radicevic (2), Francis Alonso (18), Alex Reyes (11), Denzel Andersson (1), Ignacio Rosa (3) eta Georgios Tsalmpouris (10).

GIRONA: Colom (3), Taylor (12), Garino (8), Miletic (7) eta Marc Gasol (18) –hasierako bostekoa–, Prkacin (4), Fjellerup (14), Vila (9), Sorolla (2), Hill (), Figueras () eta Ondrej Hanzlik.

Partzialak: 19-16, 23-21, 19-18, 23-22.

Epaileak: Peruga, Sanchez Sixto eta Baez. Bilbao Basketeko Tsalmpouris eta Gironako «Pato» Garino egotzi dute bost faltarekin.

Gorabeherak: Txaloka hartu dituzte Bilbao Arenako ikuslegoak Quino Colom, Bilbao Basketeko jokalari ohia, eta Marc Gasol partidaren aurkezpenean. 9.256 ikusle bildu dira harmailetan.