NAIZ

Oihana Bartrak jarri dizkio hitzak Pantailak Euskaraz ekimenaren abestiari

Pantailak Euskaraz ekimenak abestia eta bideoklipa aurkeztu berri ditu. Oihana Bartrak jarri dizkio hitzak kantuari eta Josu Bergarak sortu du musika, eta hainbat antzezle eta abeslarik hartu dute parte bideoklipean.

Pantailak Euskaraz ekimenaren «aldarrikapenak lau haizetara zabaltzea» du helburu platarformak sortu berri duen abestiak eta honen bideoklipak. Hitzak Oihana Bartra bertsolariak sortu ditu eta kantua, aldiz, Josu Bergara musikariak konposatu du. Bideoklipean hainbat musikari eta antzezle ezagunek ere hartu dute parte, tartean Aitziber Garmendia, Iñaki Ortiz de Villalba, Sara Cozar, Joanes Etxebeste, Nerea Loron (La Furia Rap) eta Tom Lizarazuk (Bulego).

Abestia Basauriko Blue Bayou estudioetan grabatu zen David Sanchez Damianen gidaritzapean eta bideokliparen irudiak, berriz, Lekeition hartu ziren. Bertan Pantailak Euskarazeko hainbat kide, senide eta lagunek parte hartu dute, eta baita Isuntza Traineruko neska arraunlariek ere. Kameralari lanetan eta muntaketan Joseba Rodriguez eta Lander Gurtubai ibili ziren. Bideokliparen zuzendaria, berriz, Ibon Iza Totorika izan da.

Ekimenaren sustatzaileek azaldu dute kantuaren bidez euren aldarrikapenek oihartzuna izatea nahi luketela. Izan ere, Pantailak Euskaraz orain urte eta erdi pasa sortu zen ikus-entzunezko plataforma nagusietan euskarak presentzia izan zezala bideratzeko. Euskara hutsezko streaming plataforma bat sortzea, zinemetan eta zinema jaialdietan euskararen presentzia legez bermatzea, Estatu espainoleko telebista publikoan euskararen presentzia lortzea eta EITBko programazio eta aurrekontuetan euskarazko kateek lehentasuna izatea ere badaude bere helburuen artean.