NAIZ

‘Paradisu zinema’ lehen musika beka abian da

Elkarrek, Antxeta Irratiak eta EHZ festibalak elkarlanean ‘Paradisu zinema’  izeneko lehen musika beka sortu dute. Iñigo Muguruzari «omenaldi xume bat» egiteko baliatu nahi dute, eta euskal musikari bultzada emateko. 10.000 eurokoa izango da beka, disko bat grabatu eta argitaratzeko.

Paradisu Zinema sormen bekako sortu dute
Paradisu Zinema sormen bekako sortu dute (Guillaume Fauveau)

Iñigo Muguruza musikaria gogoan, Antxeta irratiak, EHZ festibalak eta Elkar argitaletxeak elkarlanean ‘Paradisu zinema’ lehen musika beka martxan jarri dute. Astelehen goizean aurkeztu dute Baionako Eusko Ikaskuntzako egoitzan; Elkar Musikako Andres Camiok, Antxeta irratiko Aitziber Zapirainek eta EHZ festibaleko Joana Barbierrek azaldu dituzte nondik norakoak.

Camiok azaldu du bekaren ideia bururatu eta berehala jarri zirela EHZ eta Antxeta irratiarekin harremanetan proposamena luzatzeko, Muguruzaren senide eta lagunekin hitz egin ondoren. «Omenaldi xume bat egiteko asmoa genuen», esan du.

Zapirainek kontatu du proposamena jaso zutenean ezin ziotela «ezezkorik eman», batetik irrati elkarte bezala horrelako proiektuetan parte hartzea garrantzitsua iruditzen zaielako. Eta bestetik, Bidasoa eskualdeko irratia izanik, aukera baliatu behar zutelako. Izenburua «ezinhobea» dela aitortu du eta gogoratu Antxeta irratiaren hastapenetatik Muguruza familia gertu egon dela beti, «modu batean edo bestean parte hartzen». Horregatik garrantzitsua iruditu zaio Iñigoren izena izatea bekak. Bestalde, bekaren garrantzia ere azpimarratu du: «Sortzaile asko daude Euskal Herrian, eta baliabide gutxi nahi den horretara heltzeko». Azkenik eskerrak eman ditu eta parte hartzaileei dei egin die: «Onenak irabazi dezala paradisura bidea».

Barbierrek hartu du hitza EHZ festibalaren izenean, eta berak ere aitortu du proposamena luzatu zitzaienean, «dudarik gabe» baiezkoa eman zutela. «Festibalarekin dugun helburua bada euskal sorkuntza bultzatzea, euskal sortzaileak aitzineratu eta oholtza bat ematea horiei». Eta iruditzen zaio bekak horretan ere lagunduko duela. Gainera, bekaren irabazleak 2024ean EHZn jotzeko aukera izango du.

Bekaren oinarriak

Camiok adierazi du beka, azken batean, «disko bat grabatu, argitaratu eta sustatzeko» izango dela. Irizpideei dagokienez, jatorrizko kantuak izan beharko dira, eta euskaraz, «ez dago beste mugarik», azaldu du. Guztira 10.000 euroko balioa izango du bekak eta %50 Elkarreko estudioetako lanetara bideratuta egongo da, eta beste erdia argitalpen kosteei eta sustapenari bideratuta.

Proposamenaren lagin bat bidali beharko dute musika taldeek, 2-3 kantu eta taldearen inguruko azalpena. Gaurtik abiatuta ekainak 30 bitarte bidali ahalko dira proposamenak paradisuzinemabeka@elkar.eus helbidera, eta epaimahaiaren erantzuna irailaren 15ean egingo da publiko. Bekaren asmoa gutxienez bi aldiz egitea da, 2025. urtean aurreikusten dute bigarren edizioa.