Pasaiako sarraskiaren 39. urteurrenak lehio ireki bat dakar: sarraski hartatik bizirik ateratzea lortu zuen Joseba Merinok RTVEren webgunean polizietako bat ezagutu ostean, errekonozimendu proba batean identifikatzeko aukera izango du martxoaren 28an, asteartean. Egun horretan Donostiako Auzitegi Nagusiaren aurrean elkarretaratzea egingo du hainbat herritarrek, ‘Pasaiako sarraskia ikertu eta argitu’ leloarekin, goizeko 10.00etan.
Urteurreneko ekitaldi nagusia, aldiz, larunbatarekin deitu du Pasaia Argitu taldeak. 19.00etan hasiko da, Azpeitiko Azoka Plazan. Urtero legez, justizia, egia eta errekonozimentua eskatzeko zita izango da asteburukoa, eta antolatzaileek ohar batean aurreratu dutenez, erbesteak esnahi berezia hartuko du aurten.
Lore eskaintza
Hilaren 22an, asteazkenean, beteko dira 39 urte Poliziak Pasaiako badian Komando Autonomo Antikapitalistetako Dioni Aizpuru, Jose Mari izura, Rafa Delas eta Pedro Mari Isart hil zituela. Egun horretan, lore eskaintza egingo zaie biktimei Azpeitiko Enparan Dorretxearen atzeko monolitoan, arratsaldeko 19.00etan.
1984ko martxoaren 22ko sarraskia baino egun batzuk lehenago, Polizia espainiarrak Rosa Jimeno oriotarra bahitu eta torturatu zuen, bere kideekin Pasaiako badian hitzordua egitera behartzeko.
Itsasontziz iritsi ziren Komando Autonomo Antikapitalistetako kideak Pasai Donibanera eta tiroka hartu zituen Poliziak. Ordutik, hildakoen senideek gertatutakoa argitzeko borroka egin dute. Orain, 39 urtera, aukera bat daukate, martxoaren 28an egingo den errekonozimendu probarekin.