NAIZ

«Tradizioaren iturrira» begiratu dezagun, Nazioarteko Kontalaritzaren Eguneko aldarria

Itziar Zubizarreta idazleak idatzi du astelehen honetan ospatzen den Ahozkotasunaren Nazioarteko Egunaren mezua Ahoz Aho jaialdiren azken ediziorako. Gaur egun kontakizunen formak bilakaera berezia hartu duenez, «ahotik belarrirako transmisioa agerian uztea» aldarrikatu du.

Yoshi Hioki japoniar kontalariak hainbat emanaldi emango ditu aste honetan.
Yoshi Hioki japoniar kontalariak hainbat emanaldi emango ditu aste honetan. (NAIZ)

Martxoaren 20an ospatzen da nazioartean Ahozkotasunaren Eguna. Gurean, eta Ahoz Ahoren aurtengo edizioaren karira –ahozkotasunaren nazioarteko jaialdia da Ahoz Aho eta apirilera arte luzatuko da– Itziar Zubizarretak idatzi du testua. Euskal idazleak 2021eko edizioan Urrezko Kalabaza jaso zuen.

Ahoz Aho jaialdia Intujai Teatroak antolatzen du eta apirilaren 1era arte hainbat emanaldi prestatu ditu. Martxoaren 24an esaterako, Ahozkotasunaren Gala Nagusia egingo da Ordiziako Barrena jauregian; 25ean, larunbatean, Tolosan aurtengo Urrezko Kalabazak banatuko dituzte.

Manifestuan, Zubizarretak dio ahozko transmisioa kultura guztietan antzeko moduan gauzatzen dela, egitura poetikoen bitartez. «Baina ipuinak dira mundua mundu denetik gizakiaren eta gizabanakoaren eboluzioa adierazi duten kontakizunak –gehitu du–. Amandre ipuinetan aurkitzen dugu gizakiaren pentsamendu sakonaren adierazle paregabea. Haien aurrekoa erritutan eta mitoetan aurkitzen dugu: mundua nola sortu zen, munduaren barneko indarrak eta haien arteko tirabira, gatazka eta gertaerak... Baina batez ere, gizakiaren garapena adierazten dutelako ailegatu dira gureganaino; zientziak ordenatu du, neurri batean bederen, unibertsoaren adierazpena eta zientzia fikzioa sortu du literaturak ulertezinak gertatzen direnak adierazteko edota modu erromantiko batean oraindik mito zaharrak erabiliko ditugu behin eta berriz aurkikuntza berrien eredu eta parabola bezala».

«Mundua mundu denetik», kontakizun hauek ahotik belarrira hedatu direla aipatzen du Zubizarretak. «Baina transmisio hori aldatu egin da», zehaztu du, bere hitzetan hainbat faktore eta eduki mugitu egin baitura eta kontakizunen formak bilakaera berezia hartu dute gaur egun, «komertzial produktu bat bilakatu direlarik». Eraldaketa honetan ipuinen atal batzuk kendu eta beste batzuk puztu egin direla adierazi du, «demanda komertzialak eta transmititu nahi diren baloreak agerian jartzeko». «Berriz ere aldarrikatu beharko dugu tradizioaren iturrira begiratu, hura galbahetik pasa eta ahotik-belarrirako transmisioa agerian uztea», amaitu du.