Aurtengo Aberri Eguna batera ospatzeko ekitaldia aurkeztu du Euskal Herria Batera ekimenak. Bilboko Done Bikandi Plazan, 1932ko lehen Aberri Eguna bukatu zen toki berean, eman dute Estitxu Garaik eta Ibai Zabalak aurtengo ekitaldiaren nondik norakoak.
Garaik gogoratu duenez, 2020ko Aberri Egunaren testuinguruan sortu zen ekimen herritarra da Euskal Herria Batera. Urte hartan, covid-19aren pandemiaren ondorioz etxean konfinatuta geundela, Euskal Herri osoan aldi berean eta modu bateratuan ospatzeko deialdia egin zuten esparru ezberdinetako hainbat herritarrek.
2021ean, oraindik pandemiaren testuinguruan, Aberri Eguna berriz ere batera ospatzeko deialdia egin zen, baina oraingoan herri guztietako plazetan. 2022an, pandemiako segurtasun neurriak atzean utzita, bateratasunean jarri zuten indarra eta Aberri Egunaren bezperan ekitaldia egin zuten Urruñan, Antton Abadiak 1851n bultzatutako lehen Lore Jokoak ospatu ziren toki berean.
«Aberri Eguna beti izan da ospakizun egun bat euskal herritarrentzako. Euskal komunitatearen ospakizuna da, askotariko emozioak sorrarazten dizkiguna eta elkartzeko baliatzen duguna», nabarmendu du Zabalak.
Aurten, sentipen bera hori jarraituz, ekitaldi bat antolatzea erabaki dute ‘Bagara, badugu’ lelopean Apirilaren 8an, Aberri Egunaren bezperan. Donostiako Miramar jauregian izango da, goizeko 11.00etan. Izan ere, Maitea Frontoiko Aberri Egunaren 90. urteurrena oroitzeko hautatu dute aurten gipuzkoar hiriburua.
«Gure asmoa, berriro ere batzen gaituenarekin hitzordu bat izatea da, eta ez banatzen gaituenarekin. Hemen aurrera egiteko prest dagoen herri eta komunitate bat badela esateko hitzordua. Euskal Herria egunez egun eraikitzen duten pertsonak daudela gizartearen esparru askotan», aldarrikatu du Zabalak.
Horregatik, Euskal Herri osoko eragile sozialak, politikoak eta sindikalak gonbidatu dituzte ekitaldira, baita kulturgileak, akademikoak eta kirolariak ere. «Aberri Eguna elkarrekin ospatzea eta euskal herritarren irudi bateratua eskaintzea da gure nahia», gehitu du Zabalak.
Horretaz gain, aurreko urteetako espirituari jarraiki, bestelako keinuak bultzatu nahi ditu Euskal Herria Batera ekimenak, hala nola euskal ikurrak etxeetan jartzea. «Badugulako harrotasuna, bagarelako euskaldunak eta Aberri Eguna ospatu nahi dugulako», azpimarratu du Garaik. Gainera, euskal diasporan beste ekimen batzuk bultzatuko dira.
Datozen egunotan xehetasun gehiago emango dituzte.