Opari batetik abiatu zen Bernhard J.Mathiueten ‘Lehendabiziko harria’ liburua itzuli eta argitaratzeko proiektua. Fito Rodriguezi oparitu zion J.Mathiuetek alemanierazko bere liburua, eta donostiarra alemanez ikasten hasi zen liburua ulertu eta iritzia egileari eman ahal izateko. Arantzazu Martinezekin hasi zen alemaniera ikasi eta liburua itzultzen, «nik orrialde bat egiten nuenerako, berak hamabi itzuliak zituen» aitortu du. Azkenerako, liburuaren proiektua gauzatu zuten, Rodriguezek sarrera idatzi du eta Martinezek euskarara ekarri du nerabeentzako eleberria, Dakit Argitaldariaren eskutik.
Donostian egin dute aurkezpena asteazken goizean. Gazteentzako eleberria izanagatik filosofiaz diharduela azaldu dute. Sabin Oregi Dakiteko kidea, Rodriguez, Martinez eta J.Mathiuet bera egon dira aurkezpenean, «pertsonaiek elkarri galderak egiten dizkiete, eta jendea horrek harritu du, baina niretzat ezinbestekoa zen» adierazi du idazleak, gertakizunak, elkarrizketak eta hausnarketa filosofikoak nahasten direla kontatzerakoan.
Klima aldaketaren eraginez Azoka herriko biztanleek ziztu bizian alde egin behar izan zuten, hamabost urteko Nischiik herri osoari etorkizun oparoa ekarriko zion ideia izan zuen, baina herritarren ahaleginak ez dira nahikoak zoriontasunera iristeko. Abiapunturako eszenatokia da hori, eta horri tiraka liburua «fabula» bat dela adierazi dute, baina hausnarketa eta eztabaida filosofikoekin guztiz lotuta. «Zentzuaren» eta «Niaren» inguruan hausnartzeko parada eskaintzen du; eta azaldu dute elkarrizketetan «beldurrak uxatzeko teknika zehatzak» proposatzen direla, idazlearen beraren esperientzia pertsonalean oinarrituta.
J.Mathiueten arabera «hezitzeko eleberria» izan daiteke, liburuan zehar planteatzen diren galderengatik, eta horregatik, nerabeentzat «oso egokia» dela uste du. Aitortu du liburua idazterakoan ez zuela helbururik: «Hasiera eta bukaera nituen, baina ez nekien tartean zer gertatuko zen, ez nuen asmo ideologikorik, nik mundua nola ulertzen dudan azaltzea bazik». Gauza konplexuak «hizkuntza sinplean» idazten saiatu dela aitortu du, «garrantzitsua da hori, denek uler dezaten».
Harrien presentzia
Rodriguezek egin du liburuaren sarrera, eta azaldu du garrantzitsua iruditzen zitzaiola «kokapena» egiteko, izan ere, «fundamentalismoaren aurkako» testu bat dela, eta nondik egiten den argitzea egin beharreko lana dela. Izenburuaren azalpena ere eman du; batetik, J.Mathiuetek harriekiko «miresmen berezi» bat duela azaldu du, esanahi propioa ematen diela idazleak, «bizitza propio bat balute bezala». Eta bestetik, ondoren lantzen diren elementu filosofikoen loturarengatik: «‘Bekaturik gabe dagoenak, bota dezala lehen harria’ esamoldeari egiten dio erreferentzia».
Martinezek egin du itzulpen lana eta itzultzaileena sormen lana dela azpimarratu du, «ez da kalko bat, moldaketa bat da, sormen baldintzatua da, interpretatu egin behar da». Itzultzaile lanetan «interferentziak» egoten direla onartu du eta horietako batzuk kontatu ditu. Alemanieraren eragina interferentzia bat dela azaldu du, eta baita ezagutzen diren hizkuntzena ere: «Egungo gizartean txertatuta dauden terminoen eragina hor dago, voilà baldin bazegoen, hala utzi dut, jada gure gizartean erabiltzen delako, eta uste dudalako ezinhobea zela». Testuinguruari begiratuta ere, garai ezberdinetan idatzi zuen jatorrizko idazleak, eta berak, eta ondorioz, moldaketa batzuk ere egin dituela gaineratu du, garaiaren interferentzia ere egon dela.
Oso liburu filosofikoa dela adierazi du, eta ikuspegi horretatik edozein zalantzaren aurrean idazlearekin kontrastatu ahal izatea «pribilegio» bat izan dela. Hitzen baten zentzuaren inguruan zalantzatik abiatuz elkarrizketa interesgarriak izan dituztela esan du. Estiloari dagokionez, bere estiloaren antzekoa dela adierazi du: «Xume baina zorrotz idazten dugu biok, gehiegizko adjektibaziorik gabe».
Amaitzeko, mahaiaren inguruan elkartutako guztiak ados agertu dira liburuan bizitza ulertzeko «pauta» batzuk jasotzen direnaren ideiarekin. Harrietara itzuliz, adierazi dute eleberria, harriak bezala, naturak (eta kasu honetan irakurleak) moldatzen duela, bizitza duela.