NAIZ

Baionako manifestaldian negarra eragiteko gasa erabil izana salatu du LABek

LAB sindikatuak gogor salatu du negarra egiteko gasaren erabilpena ostegun honetan Baionan izandako manifestaldiaren bukaeran. Martxa amaieran atxilotu zituzten herritarren askatasuna eskatzeko elkarretaratzeak deitu dituzte Baionan eta Donibane Garazin.

Poliziak gasa erabili zuen Baionan izandako manifestazioan.
Poliziak gasa erabili zuen Baionan izandako manifestazioan. (Patxi BELTZAIZ)

LABek gogor kritikatu du Polizia frantsesaren jarrera. Izan ere, sindikatuak nabarmendu duenez, «Macronen erretretaren erreforma bidegabearen aurka mobilizatu diren manifestariak gasatu ditu» Baionan.

«Manifestazioan haur, adindun edo mugikortasun urriko pertsona asko presente ziren», gaineratu du, eta gertutakoa «onartezina» dela azpimarratu du komunikabideei bidalitako ohar batean.

«Gure karriketan segurtasun eta lasaitasun osoz, lankideen eta lagunen artean, familian manifestatzearen eskubidea defendatzen dugu, poliziaren aldetik gero eta gehiegizkoagoa den indarkeria jasan gabe», gaineratu du.

Azaldu duenez, manifestazioaren ondoren, Polizia frantsesak hainbat atxiloketa egin ditu «bortizkeria handia erabiliz». «Gainera, Baionako AEKren lokalean sartu eta miatu dute manifestarien bila», ohartarazi du sindikatuak.

Egoera honen aurrean, LABek sostengua adierazi die gasatuak eta atxilotuak izan direnei, baita AEKko langileei ere.

Elkarretaratzeak Baionan eta Donibane Garazin

Halaber, ostiral honetan, arratsaldeko 18.30ean, Baionako komisaldegiaren aurrean, eta Donibane Garaziko Herriko Etxeareb aurrean deituriko elkarretaratzetan parte hartzera dei egin du LABek.

«Macronen munduaren aurka mobilizatzen segi dezagun! Segi dezagun borrokan!», adierazi du sindikatu abertzaleak.

EHZ Festibalak, bere aldetik, agiria plazaratu du esanez 9 pertsona atzeman zituztela Baionan eta horietatik bi bere laguntzaile direla.

Prefeturak lau atxiloketa baieztatu zituen atzo arratsaldean.