NAIZ

Altuna, Elordi eta Zabaleta, zeharo hunkituta Tolosaren lesioarekin: «Pena handia»

Bilboko Bizkaia pilotalekuan jokatu beharreko partida espero baino lehenago bukatu da, Xabi Tolosak min hartu eta ezin izan baitu partida osatu, 19-16 irabazten ari zela. Honen ondorioz, Elordi eta Zabaleta arerioak, bai eta Altuna bikotea ere, oso hunkituta agertu dira ETBko kameren aurrean. 

Jokin Altuna Xabi Tolosari animoak ematen, azken txalo zaparrada jaso aurretik.
Jokin Altuna Xabi Tolosari animoak ematen, azken txalo zaparrada jaso aurretik. (EITB)

Bizkaia pilotalekuan batu diren ehundaka zaleren txalo zaparrada eraman du Xabi Tolosak baina seguru ez nahiko lukeen arrazoiarengatik. Finalerako txartel baten borroka estua jaso du Bilbok, Altuna-Tolosa eta Elordi-Zabaleta bikoteen artekoa, baina espero baino lehenago bukatu da dema. Anoetako atzelariak min hartu du 19-16 irabazten ari zela eta ezin izan du partida osatu. 

Ondorioz, Elordi eta Zabaletak jokatuko dute final handia Laso eta Imazen aurka –hurrengo igandean, Navarra Arenan–. Emaitza emaitz, igande honetan agerian geratu da pilotariek nolako estimuan daukaten atzelari gipuzkoarra.

Aitor Elordi eta Jose Javier Zabaleta –arerio gaur– eta Jokin Altuna –bere bikote txapelketa honetan– zeharo hunkituta agertu dira ETBko kameren aurrrean eta hiruak bat etorri dira adierazpen batekin: «Pena handia». 

«Egiten ari zen partidarekin, kriston pena; ze merezi zuen aurrera egitea txapelketa honetan», adierazi du Jose Javier Zabaletak. Era berean, berarekin «peti ondo portatu den» pilotaria izan dela nabarmendu du eta beraz, «hau gertatzea ez da batere polita».

Aitor Elordi, bestalde, zeharo jota agertu da, negarrari ezin eutsita: «Lagun handi bat da, berak ere lan asko egin du puntu honetara iristeko (geldiunea). Gehienbat, berarengatik pena; finalerako txartela lortu dugu baina triste». 

Bukatzeko, Jokin Altunak azpimarratu du aldageletara sartu eta jota ikusteak «kriston pena» eman diola eta nahiago lukeela berak min hartzea Tolosak baino, «asko ari zen jokatzen txapelketan». 

Onartu du pasatu zaiola burutik berak bakarrik jokatzea baina legeak ez du baimentzen eta jarraitu nahi izanez gero, Tolosa ere kantxaratu behar zela helarazi diotenean «egoista iruditu» zaio jarraitzea: «Esan diot lasai egoteko eta errekuperatu dadila». 

«Gustora ari nintzen baina berari errekuperatzea tokatzen zaio eta bera animatu behar dugu», adierazi du. 

Beraien adierazpenek oihartzun handia izan dute sare sozialetan. Arnaldo Otegi, EH Bilduko koordinatzaile nagusiak, esaterako, txio bat zintzilikatu du hiru pilotariei eskerrak ematen eta Tolosari animoak bidaltzen. 

Zenbait pilotazalek ere onartu dute «inork merezi ez zuen amaiera» izan duela partidak.