NAIZ
Andoain

Andoaingo C2aren kaltetuen plataformak herri kontsulta lotesle bat egitea proposatu du

Andoaingo C2ak kaltetutakoen plataformarentzat «ilusio eta itxaropen handiko eguna» da. Milaka andoaindarren atxikimenduak emandako konfiantzarekin, proposamen bat egin dute N-I eta N-15 errepideen arteko loturaren gatazka konpontzeko. Herri galdeketa bat bultzatu nahi dute, legezkoa eta loteslea.

Andoaingo C2aren kaltetuen plataformak ekitaldi jendetsua egin du igande honetan Goikoplazan.
Andoaingo C2aren kaltetuen plataformak ekitaldi jendetsua egin du igande honetan Goikoplazan. (C2 proiektuaren kaltetuen plataforma)

«Ilusioz eta itxaropenez» mintzatu dira Andoaingo C2 proiektuak kaltetutakoen plataformako kideak, 3.490 herritarren aldetik jaso duten babesak konfiantza ematen dielako proposamen berri bat aurkezteko. N-I eta N-15 errepideen arteko loturaren inguruan dagoen gatazka bideratzeko, herri galdeketa bat bultzatzea da buruan dutena.

«Gure ahaleginak 18 urtetik gorako andoaindar guztiei kontsulta egitera bideratuta egongo dira. Kontsulta legezkoa eta loteslea izango da. Andoaingo Udalak sustatu eta antolatuko duena 2024 eta 2025 bitartean», adierazi dute Goikoplazan egindako ekitaldi jendetsuan. Plataformak esan duenez, 300 lagun bildu dira.

Agertu dutenez, kontsultan dauden aukera guztiak azalduko dizkiete andoaindarrei, eta horiei buruzko iritzia eman eta egokien iruditzen zaien bidea aukeratu ahal izango dute.

Hirutik batek eman du atxikimendua

Plataformaren dekalogoak 3.820 atxikimendu jaso dituela nabarmendu dute. «Horietatik 3.490 onartu dira, notariotzaren aurrean fede emanez, eta 330 baztertu dira, egiaztapena baliogabetzen duen zenbait arrazoirengatik. Hortaz, 3.490 atxikimendu aurkeztuko dira horretarako programatutako instantzietan», zehaztu dute.

Azaldu dutenez, «aurrekaririk gabeko kopurua» da. «Atxikimendua eman zezaketen hiru andoaindarretatik batek egin du. Herria gobernatzen duten bi alderdiek lortutako botoen antzeko kopurua da. Azken hauteskunde autonomikoetan botoa ematera joan zirenen %70ek egin dute bat dekalogoarekin».

Lakuako Gobernuan legegintzako herri ekimen bat sustatzeko 10.000 sinadura behar dira. Kopuru hori 2015ean aldatu zen; izan ere, lehen eskatzen ziren 30.000 sinaduretara iristea ezinezkoa baitzen kasu gehienetan.

«Andoaingo lorpena ikaragarria da. Lorpen komunitarioa, erabakiak hartzerakoan parte-hartzea aldarrikatzeko lorpena. Demokrazia parte-hartzailea aktiboki sustatzeko lorpena. Entzuna eta kontuan hartua izango den lorpena izatea espero dugu orain», azpimarratu du plataformak.

«Eskerrik asko maitasunezko, babesezko eta elkartasunezko ehunka adierazpenengatik. 3.490 atxikimendu horiei merezi duten balioa emango diegu, eta iragarritako instantzietan aurkeztuko ditugu», segurtatu dute.