Xole Aramendi
Erredaktorea, kulturan espezializatua
Elkarrizketa
Estela Solana
Chillida Lekuko erakusketen arduraduna

«Chillida modu zientifikoan ikertuko duten ahots berriak behar ditugu»

2024ko urtarrilaren 10ean beteko dira ehun urte Eduardo Chillida jaio zenetik. Aste honetan ekingo zaie mendeurreneko ekitaldiei eta 2025. urtera arte luzatuko dira. Artista gaur egunera ekartzeko une egokia dela iritzi dio Estela Solanak eta autore berrien ekarpenak sumatzen ditu faltan.

Estela Solana, Chillida Lekun.
Estela Solana, Chillida Lekun. (Gorka Rubio | FOKU)

‘Topalekua IV’ eskultura handia  –hamasei tonakoa– jendaurrean jarriz ostegun honetan emango diete hasiera mendeurreneko ekitaldiei.

Eduardo Chillida Juanteguiren (Donostia, 1924-2002) sorkuntza artistikoaren dimentsioa osatzeko baliatu nahi da mendeurrena. 80ko hamarkadari jarriko zaio fokua. Izan ere, Chillida Leku museoan bisitariak apenas du orduko lanik ikusteko aukerarik. «Oso garai esanguratsua da Eduardo Chillidaren ibilbidean. Tamaina handiko eskulturak egin zituen. Chillidaren obra potenteenak dira eta gaur egun Espainian zehar sakabanatuta daude. Museora ekarri nahi ditugu, orain bertan daukagun bilduma osatzeko», argitu du Estela Solanak.

Zergatik du hainbesteko pisua garai hark? «Bere herriaren beroa sentitu zuen Chillidak; ordura arte atzerrian zen ezaguna. Garai hartan hasi zen hemen errekonozitua izaten. ‘Haizearen Orrazia’ 1976an jarri zuen eta urtebete lehenago eskuratu zuen Rembrandt saria Donostian. Poz handia eman zion saria bere etxean jasotzeak», esan du Solanak.

Chillida oso goiz hasi zen bere lanaren aitortza jasotzen. 1958an Chicagoko Graham Foundation saria eta Veneziako Bienalean Eskulturaren Nazioarteko Sari Nagusiak irabazi zituen. Hortik aurrera, sariak ugariak izan ziren. «Zorte handia izan zuen bere lehenengo urteetan ospe handia lortu zuelako nazioartean».

Donostiar artistak hiru hamarkada behar izan zituen Euskal Herrian aintzat har zezaten. «Hemen beranduago eman zen ezagutzera, baina oso lan garrantzitsuak egin ditu hemengo historiari eta identitateari lotuta. Besteak beste, aipatzekoak dira hauek: Euskal Herriko Unibertsitate Publikoaren logoa (1975); ‘Gure aitaren etxea’ (Gernika, 1987); eta, agian esanguratsuena, ‘Haizearen orrazia’ (Donostia 1976)», nabarmendu du.

Haurtzaroa itsaso ondoan igaro zuen eta horrek paisaiarekin eta espazioarekin zuen harremana markatu zuen. Ondo ezaguna zuen eskultura kokatu zuen tokia, umea zela olatuak nola hausten ziren ikustera joaten baitzen bertara. «Hiriaren eskultura ikoniko bat da», Solanaren esanetan. «Hainbat lan ditu gure kulturaren, gure ingurunearen parte direnak».

«Sorkuntza prozesuan landutako materialaren gaineko azterketak egin dira, baina bere obra ez da kontzeptualki aztertu. Ahots berriak behar ditugu Chillidari buruz modu zientifikoan idazteko»

1951n erabaki garrantzitsua hartu zuen. Etsita, artista bezala bidea topatu ezinik, Paris utzi eta etxera itzuli zen. «Orduan aurkitu zuen benetako hizkuntza artistikoa. ‘Inoiz ez dut sentitu hain garbi ni hemengoa naizela’, esan zuen».

Eta sentipen horri lotuta bere artea aldatu beharra zuela ikusi zuen. «Ordura arte igeltsua eta antzeko materialak erabili zituen. Hona bueltatutakoan hasi zen burdinarekin lanean. Burdinola txiki batean hasi zen, txatartegira joan eta han bildutako igitai eta mailuak erabiliz. Ulertu zuen bera hemengoa izanik bere arteak ere hori erakutsi behar zuela. Ibilbide artistikoa bere identitateari lotuta dago», adierazi du.

1983an erosi zuen Zabalaga baserria. XVI. mendeko habe berrituek sendo eusten diote. Museoa irekitzeko erabakiaren atzean –2000. urteko irailean– bi arrazoi zeuden. «Batetik, bere obra ikusgai jartzeko leku egokia behar zuen, Aime Maeght, bere galerista zena, hil ondoren», esan du.

«Bestetik, baserria euskal kulturaren sustraia da eta oso inportantea da Chillidarentzat; horregatik erabaki zuen baserrian jartzea museoa. ‘Ni hemengoa naiz eta nire obra ere hemendik sortzen da’ esan nahi zion munduari. Noski, bere obra hainbat balio unibertsalei lotuta dago eta, nahiz nazioarteko mezua transmititu, euskal sustraiak dituela erakutsi nahi zuen. Bere obra guztiek euskaraz hitz egiten zutela zioen, nahiz eta berak ez jakin», adierazi du Solanak.

Arte publikoa

45 eskultura ditu barreiatuta Chillidak munduan zehar. «Ez da kopuru handia, baina inportanteak dira. Izan ere, hiriarekin lotura estua lortu dute eta identitatea ere eman diete».

Ideia hura buruan hasi zen sortzen. «Artea munduarekin partekatzeko asmoz ekin zion bideari. Nahiago izan zuen eskultura publikoa egin artelan ugari sortu baino. Eskultura asko egiten badituzu –moldeak erabiliz– saldu bai, egiten dituzu, baina obrak bere arima galtzen du. Jada ez da inportantea, eta kontzeptu hori garrantzitsua zen berarentzat. Aldiz, obra publikoa bada edozeinek goza dezake».

Ez zuen askorik idatzi, eta, bere hausnarketen faltan, Cosme de Barañano da eskulturgilearen ahotsa.

«Batzuetan ez dakit espaziotik bereizten ari naizena, zizelkatzen ari naizena, lantzen ari naizen materia-masa den, edo korridore barruak eta betiko itxiak egiten ari diren airea den», aipa daiteke idatzita utzi zituenen artean.

Historialariek eta arte kritikariek zein Octavio Paz, Gabriel Celaya eta Jose Angel Valente olerkariek aztertu zituzten Chillidaren lanak.

Bere jaiotzaren mendeurrenean zer daukagu oraindik ezagutzeko? «Octavio Pazen hitzak gogoratzea gustatzen zait. ‘Eduardo Chillidaren obran burdina burdina da; harria harria da’. Eta hala da, materia eta espazioaren arteko elkarrizketa da bere sorkuntza. Materia, natura bezala, oso inportantea zen berarentzat eta horregatik errespetatzen ditu materialaren forma eta nortasun primitiboak», esan du.

«Materia ebidentea da, ikusi eta ukitu egiten duzu eta laztasuna, hoztasuna… sumatzen duzu. Aldiz, espazioa askoz misteriotsuagoa da. Barruan kontzeptu ugari gordetzen ditu poesiari, espiritualtasunari, arkitekturari eta musikari lotutakoak. Sorkuntza prozesuan landutako materialaren gaineko azterketak egin dira, baina bere obra ez da kontzeptualki aztertu». 

«Bere gudu-zelaia esperimentazioa eta galdera metafisikoetan oinarrituta materiarekin izandako elkarrizketa sakona izan zen. Izan ere, bere burua ‘hutsaren arkitekto’ izendatu zuen»

Garbi dio. «Chillida modu zientifikoan ikertuko duten ahots berriak behar ditugu kontzeptuak aztertu eta bere obrak jokatu zuen papera jakin dezagun. Lan oso garrantzitsua gelditzen da egiteko, bere biografia zientifikoa. Lan hau egin ondoren konexio eta gai berriak agertuko dira ziur, bere obra hobeto ulertzen lagunduko digutenak». 

Eraldaketa

Arteak eraldaketa bilatzen du, lehenengo artista berarena eta ondoren ikuslearena. «Eskultura txiki batean berak karratu txiki bat zulatu eta hori etxea dela irudikatzen du. Bertan sartu eta zuk paretak eta materialak deskubritu behar dituzu. Sentimenduak piztuko dizkiguten lekuak sortu zituen eskulturen bidez. Gu ukitzeko, nolabait. Gu eraldatzeko, naturarekin harremanetan jartzeko. ‘Haizearen orrazia’-n argi eta garbi ikusten da hau; gu naturarekin harremanean jartzea du helburu. Eskulturaren bidez gugan aldaketa eragin nahi du. Tindaya proiektuaren asmoa ere horixe zen, nahiz polemikoa izan. Bere asmoa utopikoa zen, nire iritziz. Naturarekin bat egitea, eta horrekin batera, gure kontzientziarekin. ‘Zer gara naturarekin ala kosmosarekin konparatuz?’ galderari erantzutea». Gijoneko “Elogio del horizonte” lana jarri du horren beste adibide gisa. «Bertan sartu eta zeruarekin, izarrekin... konektatzen zaitu. Haizea ere badabil eta mikroskopioan norbaitek behatzen duen mikrobioa bazina bezala sentitzen zara; horrelako sentsazioak sortu nahi zituen».

Chillidak hutsunea, bolumena, argia, itzala, muga, infinitua eta halako kontzeptuak ikertu zituen. Zenbaitentzat aurkakoak dira, berarentzat elkarren osagarri. Materiaz eta formaz harago existentziaren  kontzepzio etiko, mistiko eta transzendentala landu nahi izan zituen.

(Gorka RUBIO | FOKU)

«Euskal Herriko artista eta sortzaile guztientzat Eduardo Chillida erreferentzia bat da eta bere jeinua eskultura-hizkuntza pertsonal paregabea sortzean datza. Artista gisa, iturri askotara jo zuen. Bere sorkuntzan eragina izan zuten hainbat arlotako (artea, filosofia, zientzia, poesia) gaiei buruzko irakurle bikaina zen», nabarmendu du.

Solanaren esanetan, «bere gudu-zelaia esperimentazioa eta galdera metafisikoetan oinarrituta materiarekin izandako elkarrizketa sakona izan zen». Bere burua “hutsaren arkitekto” izendatu zuen. «Agian horregatik, arte garaikideko historiako klaseak haren lanak irakastera bideratzen dira gehiago, beste egile batzuei arte garaikidearen joerei buruz hausnartzeko eginkizuna utziz. Bere lana hain da zeharkakoa eta unibertsala... bere ondarean sakontzea beti zeregin agorrezina da». Asko harritu egingo liratekeelakoan dago eskultorearen lanaren sakontasuna ezagutzean, «obrek bere jatorriarekin zerikusia dutelako, eta arte plastikoa bera gainditzen duten beste hainbat diziplinarekin. Jakintza-multzo hori guztia da bere lanek erakusten dutena eta gizartearen zati batek gure identitatearen partetzat hartzen duena».

Chillidaren arteak gaur egun duen indarraldiaz galdetuta, hona erantzuna: «Artista preziatu ororen artea garaikidea da beti. Hain zuzen ere, denbora da bere obraren oinarrizko gaietako bat eta bere eskultura askok iraganaren, orainaren eta etorkizunaren ideia islatzen dute kontzeptu mailan. Bere lanetan, pertsonen garaia baino askoz harago doan garaia aipatzen du, gizakiaren kontzeptua gaindituz». Alde horretatik, bere proiektu publiko gehienak eguratsarekiko erresistenteak diren materialez egin zituen. «Baina Eduardo Chillidak bazekien lan horietarako erabiltzen zituen material motek (burdina, corten altzairua...) mugak zituztela denbora pasa ahala. Hori zen, hain zuzen, bere lanen gainazalean inprimatuta ere ikusi nahi zuena, haien bilakaera, ez baitzituen amaitutzat jotzen eguraldi kaskarrak haietan nolabaiteko koska egin arte», amaitu du.