Maite Ubiria

Hamaika arrazoi erretreten erreformaren aurkako hamargarren protesta egunari ekiteko

Urtarrilean abiatu ziren protestek beste norabide bat hartu zuen frantses Gobernuak 49.3 artikulua baliatu ondoren. Sektore berriak eta molde berriak azaldu dira geroztik karriketan. Giro nahasian erretreten erreformaren aurkako hamargarren mobilizazio eguna deitu dute astearte honetan sindikatuek. 

Iragan martxoaren 23an Baionan eginiko martxa.
Iragan martxoaren 23an Baionan eginiko martxa. (Patxi BELTZAIZ)

Iragan martxoaren 23ko mobilizazio egunak bestelako giroa irudikatu zuen frantses Estatuan bezala bezala baita Euskal Herrian ere.

Bederatzigarren protestaren atarian, baita horren ondotik ere, sindikatuek blokeatze eta errepide zein argindar mozketak biderkatu zituzten erretreten erreforma 49.3 artikuluaren bidez onartu izanak zekarren jauzia markatuz.

Tonu aldaketa hori baieztatuz Santa Ursula eta Saint-Leon biribilgune arteko «ohiko» ibilbidea baztertu zuen intersindikalak martxoaren 23an, Baionan.

Hala, A63 autobiderako sarbide nagusietariko den Grand Basque biribilgunerantz iparrorratza ezarri zuen martxak.

Bertan, hesia ezarria zuen frantses Poliziak eta, hilabete bi lehenago erretreten erreformaren aurkako mugimendua abiatu zenetik lehen aldiz manifestarien aurka oldartu ziren poliziak negar egiteko gasa baliatuz.

Orotara bost herritar atxilotu zituzten, eta horietatik lau biharamunean aske gelditu ziren.

Bosgarren atxilotua, ordea, atxiloaldi luzeagoa pairatzeaz gain, epaiketa bati aurre egin beharko dio, Baionako Epaitegiak pertsona hori auzipetzeko urratsa egin ondoren.

Dinamika sindikala gainditzen duen norabide berria

Egiari zor, bederatzigarren mobilizazio horren bezperan Emmanuel Macronek eskaini zuen elkarrizketak ez zuek giroa baretzen lagundu. Alderantziz, su-azkartzaile gisara jokatu zuen.

Bide batez, Gobernuaren eta eragile sozialen arteko ika-mikari irtenbideak bilatzeko orduan koxka berri bat azaleratu zuen: Eliseoko maizterra errealitatetik kanpo zegoen agintaria bezala azaldu zen.

Kez beteriko gaualdiek utzitako irudiekin bete dira geroztik telebista kateak, baita nazioarteko hedabide nagusien portada zein atari digitalak ere.

Heldu den urtean Olinpiar Jokoak jasoko dituen «argien hiria» zabor metek azkarturiko suteen metropolia bezala azaldu da munduari begira.

Irakurketa kaskarrak bata bestearen atzetik kateatu dituzte agintariek.

Zentzura mozioa bederatzi botoengatik gainditu ondoren, erreforma egintzat eman zuen Gobernuak. Berdin Elisabeth Borne lehen ministroak zein Emmanuel Macron presidenteak erreformaren ibilbide demokratikoa «amaitutzat» eman zuten.

Izan ere, testua onarrarazteko baliatu zuten formula aho batez defendatuz biek ala biek mezu zinez arriskutsua barreiatu zuten, erreformaren aplikazioa trabatzeko «molde gogorragoak» beharko liratekeela erabili aditzera emanez.

Tentsioaren gorakada

Asteak joan asteak etorri, gizarte sektore berriekin hornitu da erretreten defentsan antolaturiko mugimendu soziala. Nork espero zezakeen mutaziorik ez zela gertatuko?

Ehunka lizeo eta unibertsitatetan gauzatu diren blokeatze saioek hala erakutsi dute. Baita eskuin muturreko taldeek egungo egoera nahasiari probetxo ateratzeko erakutsi duten nahikeria ere.

Gerald Darmanin Barne ministroak «ezker muturra» egin du eztanda bortitzaren erantzule. Eskuin muturreko sektoreek burutzen dituzten erasoak gero eta larriagoak direla frantses Estatuan ahantzita.

Izan ere, joan zen asteburuan, Deux-Sevres-eko departamenduan eraiki nahi duten urtegiaren aurkako auzia borroka ekologista bat izatetik segurtasun dotrinaren ispilu okerrena bilakatu izanak dagoeneko gainditzear dagoen lapikoan deskarga berria ekarri dezake.

Noraino sumatuko da paisaia-aldaketa gaurko mobilizazio egunean? Hori da martxoaren 28ko deialdiaren gainean dagoen galdera ikur nagusietariko bat. Baita kezka iturria ere.

Baionan, hitzordua 10.30tan emana da. Ordu horretan, sindikatuek berriro ere karrikara joko dute hamargarren protesta egunari ekiteko hamaika arrazoi badirela baieztatzeko xedez.