NAIZ

EDA Drinks & Wine Campus, edarien eta ardoaren sektorea indartzeko proiektua

EDA Drinks & Wine Campus. Hauxe da edarien eta ardoaren sektorea indartzeko 2025ean martxan jarriko den proiektuaren izena. Basque Culinary Centerrek gauzatuko du eta bi egoitza izango ditu: bata Gasteizen eta bestea Arabako Errioxan. 

Gasteizen aurkeztu dute EDA Drinks & Wine Campus proiektua.
Gasteizen aurkeztu dute EDA Drinks & Wine Campus proiektua. (IREKIA)

Edariak eta Ardoa (EDA) Drinks & Wine Campus. Honela deitzen da Lakuak eta Arabako Foru Aldundiak sustatuko duten proiektua, Basque Culinary Centerrek gauzatuko duena. «Nazioarteko ikuspegia eta proiekzioa ditu eta honako hau da bere xedea: ardoaren eta edarien sektorearen lehiakortasuna indartzea, prestakuntzaren, ikerketaren, berrikuntzaren eta ekintzailetzaren babesaren bidez», adierazi dute.

Ohar batean azaldu dutenez, 2025ean jarriko da martxan, eta bi egoitza izango ditu: bata Gasteizen eta bestea Arabako Errioxan. Izan ere, «Arabak lotura estua du mahastizaintzaren eta ardogintzaren munduarekin, eta EDA Drinks & Wine Campus kokatzeko gune paregabe da. Ezagutzan oinarritutako zentro aitzindaria izango da, ekonomiaren sektore estrategiko baterako, eta lankidetza publiko-pribatuaren adibidea».

«Horren bidez, lurraldearen garapen ekonomikoa eta soziala sustatuko dira, bikaintasunetik abiatuta; Euskadiko ardogintzaren esparrua eta ardoaren kultura bultzatzeaz gain, txakolinaren, sagardoaren eta garagardoen esparrua ere sustatuko ditu, eta beverage unibertsoaren alderdi guztiak landuko eta garatuko ditu nazioartean. Kombuchak, teak, kafeak, garagardoak, destilatuak, alkoholik gabeko edariak, etab. Mundu likidoaren unibertso osoak tokia izango du EDA Drinks & Wine Campusen», gaineratu dute.

«Mundura irekitako proiektua»

Ekimen honetan parte hartzen duten eragileen esanetan, «mundura irekitako proiektua da, eta aliantzak eta sinergiak bilatuko ditu prestigio handiko erakundeekin, enpresa liderrekin, upeltegiekin, unibertsitateekin, ikerketa-zentroekin eta partner pribatuekin, nazioarteko lankidetza-sarea sortzeko xedez. Horrela, ideia berriak elkartzeko eta sortzeko gunea sortuko du, talentua erakartzeko eta garatzeko asmoz, berrikuntzan, bikaintasunean, ezagutzan eta jasangarritasunean oinarrituta».

«Laburbilduz, EDA Drinks & Wine Campusen helburua da edarien sektorea eraldatzen laguntzea; izan ere, nazioarteko erreferente bihurtuko da berrikuntzaren arloan, eta enpresa eta erakundeetarako osagai diferentziala eskainiko die negozioak, produktuak eta zerbitzuak diseinatzerakoan kalitate, jasangarritasun eta osasunaren printzipioen arabera», azpimarratu dute.