NAIZ

Iruñeko Udalak urtean 6.900 euro ez ordaintzeagatik Donibaneko gazteak lokalik gabe utziko ditu

Donibane auzoko San Juan Xar Txiki ekimenaren lokalaren alokairua pagatzeari utziko dio Iruñeko Udalak. Urtean 6.900 euro baino ez dira. Erabaki honen bidez, auzoko haur eta gazteek orain arte izan duten espazioa desagertzeko zorian jarri dute.

Donibane auzoko biztanleek San Juan Xar Txikiren egoera salatzeko egin duten agerraldia.
Donibane auzoko biztanleek San Juan Xar Txikiren egoera salatzeko egin duten agerraldia. (SAN JUAN XAR TXIKI)

Urtean 6.900 euroko kostua ordaindu nahi ez duenez, lokalik gabe utziko ditu Iruñeko Udalak Donibaneko haur eta gazteak San Juan Xar Txiki elkartearen atarian auzotarrek salatu dutenez.

Agerraldian azaldu dutenez, 2016an ekin zion bere bideari San Juan Xar Txiki elkarteak. Jarduerak aurrera egin ahala auzo elkartetik aparteko lokal bat beharrezkoa zutela ikusi zuten «sortzen ari ziren beharrak asetzeko, auzo-lokala txiki geratzen ari baitzen gutxinaka-gutxinaka».

Horrela, 2019an San Juan Xar Txiki izeneko lokalera egin zen jauzia. Donibaneko auzo-lokalaren plaza berean dago, Irantzu Monastegiko plazan. Auzolanaren bitartez egin beharreko obrak egin eta urte horretako irailean ateak zabaldu zituzten. Udalak alokairu-gastuak ordaintzea lortu zuten.

Gauzak horrela, pandemia heldu zen «eta horrek denbora batez izoztu egingo zizkigun gogo, emozio eta gozatzeko irrika horiek guztiak, denbora luze bat igaro arte».

«Indartsu itzuli ginen irailean, aurreko ekainean bizitako errealitatea aldatzeko helburuarekin. Pandemiaren ondorioz, proiektuaren egoera ekonomikoa eta bizi-egoera asko ahuldu ziren. Horrela, pixkanaka proiektuari forma ematen jarraitu genion. Berrasmatzen, bizirauteko. Auzoari oxigenoa ematen jarraitu ahal izateko. Gure txikiei eta haien familiei. Motorra, oraina eta etorkizuna direlako eta haien kezka eta beharretan pentsatzen duen proiektu bat merezi dutelako», azaldu dute.

Kontratua amaitutzat eman du Navarra Sumak

Halere, otsailean zaplastekoa jaso zuten. Navarra Sumak gidatzen duen Iruñeko Udalak San Juan Xar Txiki lokala hustu behar zutela jakinarazi zien, adostutako alokairu-kontratua amaitu zelako. «Halaber, idazki horren bidez jakinarazi ziguten ez zutela inolako asmorik akordio hori berritzeko», salatu dute.

«Urtean 6.900 euroko kostuaz ari gara. Gure auzoarentzako 6.900 euro horiek bizitza, ilusioa eta hazkunde pertsonala eta kolektiboa esan nahi dute. Errespetua esan nahi du, baita aukera-berdintasuna ere. Azken batean, auzoa egiteko, sentitzeko eta bertan bizitzeko modu bat da», nabarmendu dute.

Gauzak horrela, apirilaren 22an mobilizazioara deitu dute, San Juan Xar Txiki lokaletik abiatuko den kalejira moduko manifestazio batekin.