«Momentuan izugarrizko negar pila egin nuen. Jakinda 19-16 gindoazela, Jokinek [Altunak] aukera zuenez bakarrik jokatzeko, buruan nuen gauza bakarra zen Jokinek finalean egoteko aukera izatea. Orduan, esan nion aterako nintzela kantxara. Hara atera nintzenean eta Altunak ikusi zidanean nola nengoen, –hutsune bat egin du ezin diolako malkoei eutsi–, berak esan zidan horrela ez zuela merezi, berak nirekin jokatu nahi zuela finala eta ez zela gustura sentituko hala egiten ez bazuen», horrela kontatu du Xabi Tolosak, EITBko kameren aurrean, pasa den igandeko partidan jendeaurrean ikusi ez zena.
Hunkituta jarraitzen du anoetarrak Binakako Txapelketako finalerdietako ligaxkako partida jokatu eta biharamunean, herenegun Binakako Txapelketako finalean egoteko aukerak ihes egin ziolako. Elordi-Zabaleta bikotearen aurka jokatu zuten Tolosak eta Altunak, eta gipuzkoarrak 19-16 irabazten zihoazela, zuntz haustura izan zuen Tolosak.
Lesioari dagokionez, anoetarrari egindako erresonantzia magnetikoan «lesio miofaszial bat (II. gradua) antzematen da eskuin hankako barne bikian» eta beraz, errekuperazio fasea «bilakaeraren araberakoa» izango da.
Zuritik beltzera pasatu zen Aspeko atzelaria istant batean, eta Binakako Txapelketa bateko finalean izateko aukera zapuztu zitzaion.
Finalerdiko ligaxkako azken partida jokatu eta biharamunean egin ditu adierazpenak EITBn, eta esan du Bilbon sentitu zuen «atsekabea» eta «pena» pixkanaka alde batera uzten ari dela. Inguruko jendearengandik eta pilota zaleengandik «sekulako babesa» jaso duela gehitu du, eta horrek «animo asko» eman dizkiola. Haren jaioterrian ere, Bilbotik itzultzerakoan harrera egin zioten pilotariari.
Zaleek ez dute bakarrik utziko Xabi Tolosa zoritxarreko une hauetan. Elkartasuna adierazi diote herrikideek Tolosaren jaioterrian #Anoeta #eskupilota pic.twitter.com/isHArn9bAp
— ASPE Pelota (@ASPEpelota) March 26, 2023
«Segituan» nabaritu zuen ziztada
Gertatutakoaren ondoren, buruari bueltak eman ote zizkion galdetuta, Tolosak nabarmendu du hori baino gehiago «atsekabea» eta «pena» sentitu zuela: «19-15eko emaitza batekin finala geroz eta gertuago ikusten duzu, edozer pasatu daiteke, baina bat-batean horrelako lesio bat izateak atsekabea eta pena ematen dizu».
«Segituan» nabaritu zuen Aspeko atzelariak zuntz-haustura zuela, eta azpimarratu du «guztiz bat-batekoa» izan zela, eta aurrez ez zuela ezer nabaritu. «12-18ko deskantsuan badaezpada medikuari deitu nion hankak atseden har zezaten, prebentzio modura. Lehengoan ere Eibarren berdina egin nuen, eta ondo egin zidanez, atzo [herenegun] erabaki bera hartu nuen», azaldu du Tolosak.
Hala, 19-15eko tantora arte dena ondo zihoan, hamaseigarrenean ezbeharra iritsi zen arte. «Sekulako ziztada nabaritu nuen. Ez dakit nola esan, baina momentuan nabaritu nuen giharra hautsi egin zitzaidala», adierazi du anoetarrak.
Momentu horretan, bere bikote Altunak izandako jarrera «txalotzekoa» eta «hamarrekoa» izan zela goraipatu du, eta «eskertuta» dagoela harekin: «Bere arrakasta pertsonala alde batera utzi zuen, eta bere lagunaren osasuna guztiaren gainetik jarri zuen. Detaile hori pilotazaleek eta pilotako munduak asko eskertuko du».
Altunak ez ezik, Elordik eta Zabaletak partidaren ondotik egin zituzten adierazpenek ere «hunkitu» zuten, «berriro ere», Tolosa. «Etxera etorri eta ordenagailua piztu nuenean, enpresakideen adierazpenak ikusita, berriro ere sekulako negarrak egin nituen. Pilotari guztien elkartasuna islatzen duen irudia da, familia bat gara. Ander Imazek eta Unai Lasok ere mezuak bidali zizkidaten, eta azpimarratu nahiko nuke Fernando Bidarte Aspeko nagusia denak eman didan tratua».
Tolosak zorterik onena opa die Elordi eta Zabaletari, «sekulako» txapelketa egin dutelako eta «merezimendu osoz» daudelako finalean.
«Hauxe da nire aukera»
Anoetarrak aukera paregabea zuen aurten finalera iristeko, hein handi batean Altuna zuelako bikote: «Esan zidatenean Altunarekin jokatuko nuela, pentsatu nuen: Hauxe da nire aukera». Tolosaren hitzetan, «buru-belarri» ibili da txapelketa guztian zehar «ahalik ondoen eginez gauzak», «seriotasunez» entrenatzen eta «konfiantza hartzen» kantxan.
Behin finalaurrekoetan zeudela, finala zuten «helburu»: «Sekulako partida jokatzen ari ginen bai Jokin bai ni, azpimarratuta Jokinek egin zuen partida sekulakoa izan zela, bi aurkariak dantzan jartzeko gaitasuna eduki zuelako. Nire tankerako pilotari batentzat sekulakoa aukera da final bat jokatzea, eta lesio batengatik bat-batean amets hori zapuztea gogorra da».
Atzo egin zioten erresonantziaren emaitzaren zain, Tolosarentzat garrantzitsuena da «ondo errekuperatzea» eta «denborarekin» eta «pazientziarekin» ondo itzultzea kantxara. «Bizitzak aurrera jarraitzen du eta bihar ere eguzkia aterako da, eta hemen aurrera jarraitu besterik ez dago», adierazi du anoetarrak.