Osakidetzak aste honen bukaeran aterako du lehiaketara Bidasoko Ospitalean sei ebakuntza gela berri –gaur egungoak baino bi gehiago– egiteko proiektua. Iragarri duenez, lanak 2024an hasiko dira, 7,8 milioi euroko aurrekontuarekin. Lizitazioa gelditzeko eskaerari entzungor egin dio, beraz, Lakuak. Osasun Bidasoa herri plataformak prozesu parte-hartzaile baten bidez aukera guztiak aztertzea galdegin zuen. Bide beraren alde egin zuten udalek ere, Irungoak –talde guztien babesarekin, EAJrena izan ezik– eta Bortzirietako Bera, Lesaka, Etxalar, Arantza eta Igantzikoek.
Operazio geletako erizaina da Mariaje Alfonso, Osasun Bidasoa plataformako kidea, eta albistearen balantzea egin du NAIZentzat. Lehenik eta behin, lanean ari zirela, prentsaren bidez jakin dute berria. Horrek erakusten du Osakidetzak «goitik behera» egindako proiektua dela, «inorekin kontatu gabe».
Oroitu duenez, operazio gelak Donostiara eraman nahi zituztenean eta herritarren eta langileen mobilizazioek proiektu hori gelditu zutenean, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak agindu zien profesionalekin eta udalekin eskuz esku eginen zutela egitasmo berria, «baina ez da hala izan».
«Aurreko kudeatzaileak dimititu eta Agustin Agirre karguan ezarri zutenean, ez gintuen baliozko solaskidetzat ere hartzen».
Eraikin berri bat ospitale ondoan
Alfonsok azaldu duenez, Bidasoa Ospitalea txikia da zahartzen doan biztanleariaren beharrei erantzuteko. Itxaron zerrendak «jasanezinak» dira. Begietako arazoentzat, adibidez, urrirako eta azarorako ematen ari dira zitak. Plataformaren iritziz, egin behar dena, «ospitale guztietan egiten den bezala, erietxearen ondoan eraikin berri bat egin eta ebakuntza gelak bertan jartzea da», langileek lanean jarraitzen duten bitartean. «Ospitaleari arnasa emango lioke horrek. Ez dute horretaz ezertxo ere jakin nahi izan, ordea. Ez dute aurrekonturik eskatu ere. Gainera, gure ospitalea lur publikoz inguratuta dago eta alkateak uzteko prest daude».
Zer egin nahi dute? «Ospitalearen goiko solairua, denetan berriena, bota eta bertan eraiki ebakuntza gelak. Solairu horretan daude zuzendaritza, traumatologiako ospitaleratuak, haur psikiatriako kontsulta eta beste zerbitzu batzuk. Paziente horiek dagoeneko beteta dagoen azpiko solairuetan birkokatu beharra ekarriko du horrek. Ez hori bakarrik: ospitalean dauden pazienteek urte eta erdian edukiko dituzte obrak buru gainean».
Osasun Bidasoa plataformako kideak ez du zalantzarik eraikiko dituzten operazio gelak onak izanen direla, baina espazioa galduko da, oheak eta kontsultarako tokia. «Gaur egun baino bi ebakuntza gela gehiago jartzen badituzte, non sartuko dituzte pazienteak? Gainera, ez dago langilerik ere horretarako. Azkenean eraikin berri bat egin beharko dute erietxe ondoan, ez baitira pazienteak kabituko, eta garestiago aterako da».
Denona den dirua ongi kudeatu
Mariaje Alfonsok ohartarazi duenez, Osasunean beti jarri izan dira adabakiak eta horrek gastuak handitzea ekartzen du. «Kontuan har gaitzaten nahi dugu. Aukerak aztertzea, segur aski merkeagoak izanen direnak, eta etorkizunean pentsatzea. Hauteskunde garaian gaude, eskaintzea erraza da, baina ezin dira obrak legegintzaldi baterako pentsatu».
Plataforma mobilizatzen ari da jendea kontzientziatzeko eta «gure diruarekin, denon diruarekin, zer egiten ari diren jabetzeko».
Mobilizazio handi bat
Erizainak iragarri duenez, manifestazio handi bat antolatzen ari dira «gauzak ongi egin daitezela eta langileok entzun gaitzatela aldarrikatzeko». «Betikoa da, antolatzen duena zerbitzua erabiltzen ez duena da. Lubakian gaudenok ez gaituzte aditzen ere. Gasteizkoek jakingo dute, esaten digute».
Ebakuntza gelen proiektu honekin ez daude ados, hortaz. «Berriz diot, ez dugu zalantzan jartzen operazio gela zoragarriak izango direla, baina azken emaitzak ez ditu bidean izango diren zarata eta arazoak konpentsatzen, beste aukera batzuk badaudela kontuan hartuta. Azkenean eraikin berri bat egin beharko da ospitale ondoan, Zumarragan eta Txagorritxun egin den bezala, adibidez».
Plataformak ez du ulertzen Lakuako Gobernuak Bidasoa eskualdearekin duen «burugogorkeria hau, zergatik zigortzen gaituen hala». «Irunen PSEko alkatea dago. Horrekin dena esan dizut».
Oraindik proiektua gelditzeko garaiz daudela uste dute, eta horretan ahalegintzera doaz.
Kirofano «moderno, zabal eta erosoagoak»
Lakuako Gobernuaren osasun zerbitzuak ohar batean eman ditu asteazken honetan lehiaketara aterako duen proiektuaren xehetasunak. Azaldu duenez, «obrek ez dute ospitalearen operazio gelen martxa oztopatuko eta pazienteek ez dute bertze erietxe batzuetara joan beharko».
Kirofano berriak «moderno, zabal eta erosoagoak» izanen dira eta, orain arte bezala, Irun, Hondarribia eta Bortzirietako biztanleei bideratuak egonen dira. Oroitu duenez, gaur egungo instalazioek mantentze plan «oso zorrotza» jarraitu dute, baina 1990etik ez dute aldaketa esanguratsurik izan.
Osakidetzak erantsi duenez, erreanimazio unitate berri bat sortuko dute, oraingoa baino osoagoa, eta horri esker, konplexutasun handiagoko kasuak suertatzean herritarrek ez dute orain arte bezala Donostiako Ospitalera joan beharko.
Orotara 2.000 metro karratu izanen ditu blokeak, eta ospitaleratzerik gabeko kirurgiarako gune bat eta esterilizaziorako bertze bat ere barne hartuko ditu.
Osakidetzak nabarmendu duenez, Lehen Arretan eta ospitalean ematen den arreta hobetzeko eta modernizatzeko hartu duen konpromisoetako bat da kirurgia blokea birmoldatzea.
Osasun Bidasoa, protestan
Osasun Bidasoa mobilizatzen ari da Irungo Lehen Arretako guneak handitzeko eskatzeko ere. Herritarrei dei egin die datozen asteetako kontzentrazioetan parte har dezaten, ostegunetan, 12.00etan, osasun zentroen aurrean.
Gainera, elkarretaratzeak eginen dituzte ostegun honetan, 14.00etan Dunboako anbulatorioan; apirilaren 13an, 14.00etan Hondarribiko anbulatorioan; eta apirilaren 20an ere bai, 14.00etan Bidasoa Ospitalean.
Herri plataformak asteazken honetan kaleratutako oharrean dioenez, joan den martxoaren 7an, Osasun Sailak ‘Bidasoko ESIaren plan zuzentzailea. 2023-2033’ agiria plazaratu zuen. Horren arabera, Irungo Lehen Mailako Arretako zentroek zailtasun handiak dituzte eskariari behar bezala erantzuteko. Idatzi hori aztertuta, akats garrantzitsuak ikusi dituzte eta zalantza sortu zaie zorrotza ote den.
«Behin eta berriz salatu dugu duela urte askotatik Irun Erdialdeko eta Dunboako anbulatorioetan ez dagoela kontsultarako lekurik. Egungo egoerak eragotzi egiten du kalitatezko arreta ematea. Gainera, etorkizunean langile gehiago izatea bideraezina izango da».
Osakidetzak eskatuta, 2015ean Irungo Udalak orube bat gorde zuen Oinaurren, hirian hirugarren anbulatorio bat eraikitzeko. 2022an Oinaurreko anbulatorioa eraikitzeko proiektuaren lizitazioa hastea espero arren, ez zen halakorik gertatu, eta egitasmo hori lehenbailehen abiatzea exijitu du Osasun Bidasoak, bertze hainbat eskaeraren artean.