NAIZ

Lau herrialdetako Egiaren Batzordeek jasoko dituzte Bakearen Gernika Sariak

Argentinako, Hegoafrikako, Timor-Leste eta Kolonbiako Egiaren Batzordeei eta gatazkan dauden eremuetako adingabeekin lan egiten duten Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Elkarteen plataformari emango dizkiete Bakearen Gernika Sariak.

Raul Alfonsin Argentinako presidentea, Videlaren diktaduraren giza eskubideen urraketak jasotzen zituen ‘Nunca más’ txostena jasotzen.
Raul Alfonsin Argentinako presidentea, Videlaren diktaduraren giza eskubideen urraketak jasotzen zituen ‘Nunca más’ txostena jasotzen. (Daniel MERLE | Argentinako Nazioaren Artxibo Orokorra)

Gernika-Lumoko Udalak bakearen alde egindako lanagatik banatzen dituen Bakearen Gernika Sariak nori emango dizkion jakinarazi du. Aurten, Argentinako, Hegoafrikako, Timor-Lesteko eta Kolonbiako Egiaren Batzordeek eta gatazkan dauden eremuetako adingabeekin lan egiten duten Euskadiko Elkarteen plataformak eskuratuko dituzte.

Egiaren Batzordeak aldi baterako ikerketa-erakundeak dira, gerran, diktaduretan, erregimen autoritarioetan eta gatazka armatuetan gertatutakoa argitzeko eta giza eskubideen urraketa larriak argitzeko lan egiten dutenak. Hain zuzen ere, bakearen mesedetan egiten duten lana aitortuko diete sariekin.

Munduan 51 batzorde inguru daude, tartean, Argentina (1984), Hegoafrika (1998), Irlanda Iparraldeko ko biktimei buruzko Komisarioaren Txostena (1998) edo Timor-Leste (2005). Baita Kolonbiako Batzordea (2022) ere, nabarmentzeko modukoa esperientzia berritzailea delako bakea eraikitzeko egiten dituen ekarpenetan.

Bestalde, Txernobileko hondamendiak eragindako eremuetan bizi diren adingabeekin lan egiten duten Euskadiko Elkarteen plataforma ere sarituko dute, Chernobyl Elkartea, Chernobyleko Umeak, Txernobilen Lagunak eta Ukraina Gaztea batzen dituena.

Apirilaren 26an 37 urte beteko dira Chernobyl-eko hondamendia jazo zenetik. Horregatik eta Ukraniako gerragatik, milioika pertsonak etxetik alde egin behar izan dute, beste herrialde batzuetara babes bila joan direlarik. Nabarmentzekoa da Chernobyl-eko hondamendiaren urteurrenak bat egiten duela Gernikako bonbardaketarenarekin.