Arnaitz Gorriti

Finala une batez gertu ikusi badu ere, Lointek Gernika Kopatik at geratu da azkenean (53-59)

Anna Montañanaren taldeak gaizki ekin dio neurketari eta asko kosta zaio Perfumerias Avenidak aurreneko erdian hartu duen abantaila horri buelta ematea. Nolanahi, azken laurdenean 52-55eraino hurbildu da, 14-2ko partziala lortu eta gero. Ez du, ordea, irabazten asmatu.

Itziar Ariztimuño, finalerdietako partidan zehar.
Itziar Ariztimuño, finalerdietako partidan zehar. (@CompeticionFEB)

LOINTEK GERNIKA BIZKAIA 53 - PERFUMERIAS AVENIDA 59

«Neurketara beranduegi iritsi gara», onartu du Lointek Gernika Bizkaiako Roso Buch eskolta katalanak, Perfumerias Avenidaren aurka Kopako finalerdia galdu berritan. Ez du arrazoi faltarik, azken laurdenera arte konforme baleude bezala jokatu baitute Anna Montañanak zuzentzen dituen jokalariek. Alabaina, azken laurdenean 14-2ko partziala lortu dute bizkaitarrek, Ygueravide, Spreafico eta Cvitkovicen puntuei esker, 52-55 hurbildu arte. Tamalez, azken minutu horietan patxada apur bat falta izan zaie gernikarrei eta Salamancako taldeak, puntuak banaka pilatu baditu ere, abantailari eustea lortu du.

Azken hamar minutu horietan erakutsi du Gernikak Kopako finala bere eskuan izan duela. Unetxo batez, aurreneko hiru laurdenen ostean miraria zirudien horrek, posible izateko tankera hartu du, Perfumerias Avenida bera ere ez baita aurreko denboraldietako munstro ukiezin hura eta bizkaitarrek benetan lehiakorrak direla erakutsi baitute. Baina ia azken-azkenean bakarrik lortu dute benetan hurbiltzea markagailuan, hutsegiterik txikiena egiteko tarterik gabe, eta perfekziorik inon ere izan ez duen partida jokatu dutela aintzat hartuta, ezin izan dute atzetik aurrera hasitako bide hori amaitu.

Bost minutu punturik gabe

Finalerdien hastapenak ez du zerikusirik izan final-laurdenetan bizkaitarrek erakutsitako nortasun horrekin. Laura Spreaficok erasoan pare bat falta atera baditu ere, ideia handirik gabe ekin diote norgehiagokari Anna Montañanaren jokalariek, finalerdietara iristearekin nahikoa balute bezala. Bost minutu baino gehiago behar izan dituzte gernikarrek aurreneko saskiratzea lortu arte. Hori gutxi balitz, Sandra Ygueravidek bi pertsonal berehalako baten egin ditu.

Bere baldarrean, Perfumerias Avenida bera ere ez da finegi ibili eta aldea hartu badu ere, neurketa mila puska egiteko aukera pasatzen utzi du. Horrez gain, Itziar Ariztimuño kantxaratzeak mesede egin dio eta azkenean, laurdenaren amaieran emaitza 7-13 jartzea lortu du, uneren baten 3-12 izan eta gero.

Zorterik batere gabe jokatu dute Anna Montañanarenek erasoaldi askotan. Hala, Brooque Williamsek partidaren haria galdu du epaileei protestaka, nahiz eta falta garbi askoak adierazi gabe laga dituzten azken hauek. Horrez gain Cvitkovicek hiruko garbi pare bat izan ditu, baina kroaziarrak ez du asmatu eta hala, Julie Wojtaren puntuek eutsi diote gernikarrei bigarren laurdenaren hastapenetan.

Baina markagailua 16-20 izatetik 19-35era pasa da bigarren laurdeneko azken zatian. Egia da Spreaficok bizkaitarren aurreneko hirukoa sartu duela, baina ordurako Salamancako taldeak hiruko marratik atzerako jaurtiketetan punteria findu du: Carletonek bi, Nogicek taularen kontra sartu den mirarizko hiruko bat eta Andrea Vilarok hurrengo. Bestela ere Perfumerias Avenida bazen finalerdi hau irabazteko faboritoa, 3-15eko partzial honen ostean, are gehiago. Nolanahi, Spreafico eta Cvitkovicen eskutik, atsedenaldira 24-37 hurbiltzea lortu dute gernikarrek. Igotzeko bide malkartsua, edonola ere.

Etsi gabe azkenera arte

Hamar puntuko langatik Perfumerias Avenidaren abantaila jaistea ia ezinezko helburua bihurtu da Lointek Gernika Bizkaiarentzat. Halakoren batean Sandra Ygueravideren puntuak aurkitu ditu talde bizkaitarrak, baina Salamancakoek Leonor Rodriguez, Onyenwere edo Princen bitartez alde handi horri eusten jakin dute. Inor gutxik jokatuko zuen ogerlekorik hamar minuturen faltan markagailua 38-53 ikustean.

Dena aldatu da, ordea, azken hamar minutu horietan. Perfumerias Avenidak Maite Cazorla eta Reisingerovaren partida eskasa asko nabaritu du eta, bestalde, pixkanaka bada ere, lortu dute bizkaitarrek halakoren batean hamar puntuz behetik jaistea bere desabantaila. Ia sinetsi ezinik, gernikarren zaleak ere artean lasai zirela, bizkaitarren partziala 14-2raino luzatu da, Cvitkovicek uztaipean egin duen lanari Spreaficoren beste hiruko batek eta Ygueravideren lanak lagunduta. Orduan bai, «Felipe Printzea» pabilioiak bizkaitarren aldeko joera hartu du eta azken minutu horretan, markagailua 52-55 zela, zernahi gertatzeko zorian izan da.

Baina «zernahi» hori ez da Lointek Gernika Bizkaiaren aldea izan. «Hauxe zen gure aukera behingoz final batera iristeko», onartu du, penatan, Roso Buch hegalekoak. Hutsegite txiki bat hemendik, Perfumerias Avenidaren jaurtiketa libre bat hortik... Nolanahi, Kopan egindako lanaz harro egon litezke bizkaitarak.

Gracia Alonso eta Lara Gonzalez, finalean

Aurreneko finalerdian, bestalde, Basket Zaragozak egundoko ezustekoa eman du Valentzia Basket 59-74 gainditu ostean. Hasiera baten valentziarrak, Raquel Carrera pibot gaztea buruzagi zutela, aurretik oso erraz aritu dira eta 14 puntuko aldea ere izan dute, baina atsedenaldirako 35na berdindu dute Aragoikoek, harmailetan bildu diren 8.874 ikusleen babesari esker eta Imani Tate eskolta estatubatuarraren bigarren laurden bikaina lagun.

Bigarren erdian urduritasuna nabaritzen hasi da talde taronja eta Raquel Carrera oso bakarrik geratu da, Alba Torrens edo Cristina Ouviña lako beste izarrak duela gutxi gainditu dituzten lesioeen erruz, fisikoki ez daude oraindik topera, eta Gulich eta Cox barruko jokalariek kale egin dute azken minutuetan.

Zaragozako Fiebich hegaleko alemaniarrak 16 puntu eta 8 errebote eskuratu ditu, baina neurketa erabaki duena Vega Gimeno izan da. Valentzia Basket 58-53 aurreratu da, baina Zaragozan jokatzen duen hegaleko valentziarrak bere sei hirukoei esker hautsi du neurketa. Valentziari urduritasunak eta nekeak gain hartu dio eta Vega Gimeno, Fiebich eta Mariona Ortiz antolatzailearen artean 1-21eko partziala erdietsita irabazi du talde mañoak.

Zaragozan bi euskal jokalari daude: Gracia Alonso de Armiño hegaleko bilbotarra eta Lara Gonzalez antolatzaile donostiarra. Biek ala biek jokatu dute finalerdia, Gonzalezek belauneko lesio baten erruz Kopa ezingo zuela jokatu bazirudien ere. Gracia Alonsok bost puntu sartu ditu eta bi, aldiz, Lara Gonzalezek. Nolanahi, beren lanik handiena defentsakoa da eta han nabarmendu dira bata zein bestea. Hala, igandeko 17.30etako finalean lekua irabazi dute.

PARTIDAKO FITXA

GERNIKA: Sandra Ygueravide (11), Laura Spreafico (11), Roso Buch (3), Sofia Da Silva (5) eta Gabija Meskonyte –hasierako bostekoa–, Itziar Ariztimuño (2), Julie wojta (5), Andrijana Cvitkovic (16) eta Brooque Williams.

AVENIDA: Cazorla (4), Vilaro (8), Carleton (8), Onyewere (8) eta Reisingerova (4) –hasierako bostekoa–, Rodriguez (9), Nogic (5), Prince (6) eta Fassoula (7), Gulbe eta Dominguez.

Epaileak: Zafra Guerra, Checa Nebot eta Garcia Crespo. Perfumerias Avenidako Reisingerova egotzi dute.

Partzialak: 7-13, 17-23, 14-16, 15-6.

Gorabeherak: Emakumeen Kopako bigarren finalerdia, 8.874 ikusleren aurrean.