Laudioko Gazte Danbada ez dute ahaztuko berta egon zirenek, baina batez ere Laudioko akanpalekuaren kokalekua da ahaztuko ez dutena. Eskaintza zabala izan zen, egitarauko tarte guztiak beteta zeuden, baita gune bakoitza ere. Gune batetik besterako distantzia handi xamarra izan arren, hori ez zen oztopo izan bertaratutakoentzat, nahiz eta egon zen danbada martxarekin nahasi zuenik ere.
Lehendabiziko Gazte Danbada 2013an izan zen, Ernai sortzearekin batera. Urduñan gaztea eta hasiberria zen antolakundeak jada ibilbide bat egina zen Laudiora heltzerako. ZukGua prozesuan zeuden gazte guztiek ez zuten militatzen, bi belaunaldi elkartu zirela sumatzen zen herri askotan, batzuen esperientziak eta besteen ilusioak gurutzatzen zuen antolakundea. Egonkortuta zegoen jada, eta eraldaketa pertsonal zein kolektiboak sumatzen hasiak ziren, Urrats Feminista izan zitekeen aztarnarik nagusiena. Aitzina geroz eta indar gehiago biltzen ari zen Ipar Euskal Herrian, bi urte eta gutxi ziren sortu zirenetik, Ernairekin elkarlanean antolatu zuten azken gazte martxa eta aurrera begirako proiektuak zituzten buruan. Lur Albizu eta Aitor Servier antolakuntza lenetan ibili ziren garai hartan, eta antolakundeak osasuntsu gogoratzen dituzte: «Jada existitzen ginen garaia zen, egonkortuta, apustu politiko berriak egiteko momentua zen». Aldaketak eta berrikuntzak esan nahi zuen Albizuk aipatutako «apustu» horrek.
Bi antolakundeek batera antolatutako lehen ekimen handia izan zen. «Akaso lehenago ez zeuden baldintzak indartzen hasi ziren bi antolakuadeen artean elkarlana sustatzeko», gogoratzen du Servierrek. Subjektu politiko gisa Euskal Herria irudikatzea eta bertako gazteen harremantzea ere garrantzitsuak ziren bozeramaileen iritziz.
Antolakundeak egonkortzen ari ziren gisan, euskal askapen prozesua egokitzapen fasean zegoen. Sukaldeko lanean zebiltzan etxe gehienetan: Abian prozesuan buru belarri zegoen Ezker Abertzalea, Gazte Mugimendua Gazteraikirako prestatzen ari zen, eta Ernai ere udazkenean ospatuko zuen Kongresurako lehen urratsak ematen ari zen, Aitzinak uztailak 14ko mobilizazio zuen buruan... Estrategia aldaketaren «ikur» izango zirenak bizitzen ari ziren, eta hori kristalizatu nahi izan zuten Laudion: «Gazteok egiten genuen lana prozesu politiko orokorrarekin konektatu nahi genuen, esanguratsua izan zen horretan Arnaldo Otegik emandako hitzaldia, askapen prozesuari egiten ari ginen ekarpena ikusarazi nahi genuen». Bateragune auzikoak espetxetik atera berriak ziren (Rafa Diez izan ezik), eta Otegiren hitzaldira sartzeko izugarrizko ilara egin bazen ere, gazte asko eta asko geratu ziren kanpoan.
Gune bakoitza bereizgarri
Garai hartan oso presente zuten Euskal Estatua eraikitzearen beharra, eta egitaraua ere zentzu horretan antolatu zuten, esparru ezberdinetatik egin zezaketen ekarpenaren inguruan formatu eta hausnartzera bultzata, «bazegoen ahalegin bat esaten genuenaren eta egiten genuenaren arteko distantzia txikitzekoa». Askok oroituko dute Laudioko gaztetxea, hamaika hitzaldi zein tailer egin ziren bertan, baina Albizuk feminismoaren inguruko tailerra du akorduan, zehazki zein eduki landu zuten ez badu burura ekartzea lortu ere, plazan «ekintza zuzen» bat egin zutela badaki, tailerrean parte hartutako emakueekin.
Sortzaile gazteei lekua egitea eta bertako elikagaiak sabeleratzea propio egindako bi apustu izan zirela gogoratzen dute garaiko eledunek. «Bestelako herri bat» irudikatzeko zutoin garrantzitsuak dira, biak. Sarritan elkarloturik egon ohi dira Euskal Herrian, otorduen baitan gertatu baitira aitortu gabeko kultur transmisio eraginkorrenak.
Akeita gunea izan zitekeen horren adierazle nagusia, «orain oso ohikoa dirudien arren, momentu horretan Akeitan garagardo artisauak soilik egotea bera bazen apustu baten sintoma», aitortzen dute. Bertako aisialdi eskaintza eta apainketa ere bereziki landutako eremuak ziren. Karpa barruan oholtzatxo bat bazegoen ere, antzerki batzuk lurrean egin ziren, publikoaren gertutasuna bilatze aldera. Atzekaldean mahaiak eta aulkiak muntatzen zituzten otorduetarako, eta hizketaldietarako, baina aurrekaldea alfonbra eta paleekin osatutako eserlekuek bete zuten. Ondoko plaza ere zirku tailerrererako telekin atonduta egon zen zenbait egunetan, eta han hemen ikus zitezkeen malabareak egiteko bola, bizikleta txiki edota diaboloak. Zunbaren bidez alaitu zituzten goizak Akeita ondoko estalpean, dutxatik pasatutako zein pasatugabekoek.
Zunbaren bidez alaitu zituzten goizak Akeita ondoko estalpean, dutxatik pasatutakoak zein pasatu gabekoak.
Udaletxeko plazan ere jendetza elkartu zen egindako ekitaldietan. Aberri eguneko ekitaldia egin zuten bertan, «independentzia» eta izar berdea zuen pankartarekin atera zuten talde argazkia ondoren. Urte hartan Iruñean egin baitzen Aberri Eguneko mobilizazioa Independentisten sareak deituta. Gazteak ez ziren bertaratu distantzia zela medio, baina keinu egin nahi izan zioten ekitaldi xumearen bidez. Igande goizen, aldiz, gazte artisauen azoka egin zen leku berean, Danbada osoan eutsi nahi izan zioten filosofiari jarraiki. Baina ez ziren gazte independentistak izan Laudioko Herriko plaza eta kioskoa okupatu zuten bakarrak, udaberriko oporrak izaki, prozesioa ere ospatzen da Laudion, eta bertan izan ziren Jesusen, Mariaren eta bestelako iltzatutako gorputzen karrozak, atzetik ilaran jendea zutela, despistaturen bat ere bai tartean.
Sorkuntza gazteriaren DNAn
Gazte sorkuntzari modu batera baino gehiagotara heldu zitzaion edizio hartan, baina zalantzarik gabe, musikariekin agindako apustua izan zen esanguratsuena. Danbadako egunetan, karpa handiaren baitan bi oholtza zeuden: talde «handienek» erabiltzen zuten bat, eta bigarrena gazte sortzaileek; kontzertu guztiak karpa beraren pean egitea berritasuna zen. Aurrelanketa ere berezia izan zen «Oholtza gainean bakerik ez» leihaketa jarri baitzen martxan zenbait hilabete lehenago. Euskal Herriko taldeek bideo baten bidez aurkezten zuten haien brua Danbadan jotzeko, Topatuko webgunean jasotako bozka kopuruek erabakitzen zuten nor igoko zen oholtzara.
Blaka taldeak egin zuen abestia, «Piztu gaua» izenburua zuen, eta aipaturiko sorkuntzaren filosofiarekin bat egin zuen. Talde batek egin bazuen ere, kolaborazio eta musikari askok hartu zuten parte, izan sorkuntza prozesuan zein amaierako abestian. Horren adibide da zazpi minutuko kantua egin izana, «ez da batere komertziala hain luzea den kantua, baina gure filosofiarekin bat zetorren» azaltzen du Albizuk.
Feminismoa erdigunera eta praktikara
Burujabetzek gurutzatu zuten Laudioko Danbadako egitaraua. Feminismoak presentzia berezia hartu zuen, ez hitzaldietako hizketagai izan zelako soilik, baizik eta antolakuntza ikuspegi feministatik egiten ari zirelako, edo ahal zen neurrian saiatzen behintzat. Antolakuntzako taldearen barruan, lehendabiziko aldiz sortu zen «zaintza łan taldea». Ekimena antolatzeko ardura banaketa genero rolei lotuta ez zegoela eta eskema horiek apurtzen zirela arduratzeaz gain, egunetako txandalariak zaintzeaz ere arduratu ziren. «Jendeak miseriak pasatzen ditu txandetan. Iruditzen zait kasi aitzindaritza izan dugula hori zaintzerakoan, bestelako festibal eta jaialdiek ere eraman dutela ondoren praktikara, baina hor oraindik berria zen salda eta aterki bat ematea jendeari, eta aldi berean oso inportantea zen».