
Artium, Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak bultzatzen duen Juncal Ballestin Nazioarteko Ikerketa Bekaren epaimahaiak aho batez erabaki du 2023ko deialdiko beka Estibaliz Sadaba Murguia artista eta ikerlariaren ‘Voces resilientes. Prácticas artísticas feministas individuales y colectivas, la irrupción en los 90’ proiektuari ematea. Beka honen helburua arte feministaren historiografia garatzen laguntzea da, bai Euskal Herriko testuinguruan, bai nazioartekoan, bai eta museoaren programei eta bildumari lotutako artisten ekoizpenak aztertzen laguntzea ere.
Sadabak aurkeztutako proiektuak, Artium-etik aurreratu dutenez, zeharkako ikerketa bat proposatzen du, teoriaren, praktika artistikoaren eta aktibismo feministaren inguruko espazioen eraikuntzari eta artisten belaunaldietan izan duten eraginari buruzko saiakera bat eta soinu-dokumentu batzuk egiteko.
Hala, Sadabak elkarrizketak egingo dizkie 90eko hamarkadan sortutako hainbat artista eta kolektibori. Haien sorkuntza-prozesu pertsonalen esperientzietatik abiatuta, ikertzaileak artearen eta feminismoaren arteko elkarguneari buruzko ikuspegi berri bat proposatzea izango du helburu, zeinu bateko eta besteko botereek baztertutako artisten ikuspegitik.
Estibaliz Sadaba Murguiak (Bilbo, 1963) EHUn Arte eta Ikerketa doktorea da eta Arte Ikerketa eta Sorkuntza masterra du unibertsitate berean. 1994an Erreakzioa-Reacción kolektiboaren sortzaileetako bat izan zen. Artista gisa, hainbat gunetan aurkeztu ditu bere bideo-lanak: Madrilgo Museo Nacional Centro de Arte Reina Sofían (MNCARS), Bartzelonako Arte Garaikideko Museoan (MACBA), King Juan Carlos I Center-en (New Yorkeko Unibertsitatea), Berlingo Akademie der Künsten edota Roskildeko Museet for Samtidskunsten (Danimarka), besteak beste. Praktika artistikoari eta feminismoei buruzko hainbat mintegi eta lantegi zuzendu ditu, eta ‘Erreakzioa, Joyas y caprichos’ edota ‘Series múltiples’ argitalpenen koeditorea da.

Persecución, derechos humanos y dobles estándares

Cita en Donostia para apelar a la comunidad internacional a frenar el genocidio de Israel

Tres incendios en pocas horas, avivados por el viento: Jaizkibel, Ortuella y Orokieta

Desalojo de migrantes sin vivienda en Donostia tras el señalamiento del PP en redes
