Hamaika urte beranduago, iritsi zen berriro «Gazte Topagunea», horrela bizitu zuten batzuek behintzat. Topagunearen desmuntaiaren azken egunean Arrasatetik emakume helduen talde bat joan zen txanda egitera, «Jarraitxuak» omen, eta ilusioz aitortu zieten antolakuntzakoei: «Ze poza, kasik hamar urteren ondoren berriro ere Topagune bat antolatu duzuela!». Momentuan irribarre txiki bat egin eta bere barrurako «nola ba aspaldi antolatu gabe? bi urtean behin antolatzen dugu eta!» pentsatu zuen Xabi Iraola edizio hartako antolatzaileetako batek. Izena berreskuratzearen balantzan denetik zegoen, nostalgia, harrotasuna eta mugimendu osoarekin konektatzea. Ernai sortu zenetik bi urtean behin antolatu izan dute Topagunearen pareko ekimena, baina izen «zaharrera» itzultzeak anbizioa ere bazekarren berarekin.
«Bulkada berrien garaia da» esanez abiatu zuten gazte antolakundearen 40. urteurreneko kanpaina Leitzan. Etxarri Aranatzeko akanpalekuan oinak lokatzez zikindu zituztenak eta Oiartzungo Haikaldian oraindik jaio gabeak zirenak elkartu zituen dinamikak. Aknedun aurpegiak eta ile urdindun kaskoak elkartu zituen Lemoak, guztientzako tokia zegoen Ernai eta Aitzinak antolaturiko Topagunerik handienean: 8.000 lagun bildu ziren bertan.
Beti esan daiteke testuinguru berezia dela, baina edizio honetan bazeuden berezi sumatzeko aurrekari batzuk. Izar Hernando 2019ko Topaguneko bozeramailearen iritziz, gazte antolakundea zein askapen mugimendua bera «ez-leku» batean zegoen: «Topagune hau mugarri bat izan zen estrategia aldaketaren ondorengo momentuan». Globalizazioa urtetik urtera indartsuagoa izanagatik, Kataluniako proces delakoaren kondarrak oraindik bizirik zeuden, eta Euskal Herrian ere eragin handia izan zuen, independentzia grina bultzatu eta gertuago sumatzearekin batera. Mugimendu sozialek gero eta indar gehiago zuten: martxoaren 8ko greben indarra eta pentsiodunen mugimendua dira aipatzekoenak.
Altsasuko gazteen atxiloketak 2016an gertatu baziren ere, oraindik oso presente zegoen gaia zen, Espainian gertatzen ari zen eskuin muturraren gorakadarekin batera; aldi berean, EH Bildu handitzen eta zabaltzen ari zen eta espainiar Gorteetarako hauteskundeen bezperan izan zen Topagunea. ETA jada deseginda zegoen, estrategia aldaketaren gauzapena geroz eta ikusgarriago zen. Eta aldi berean, Jarrai antolakundea sortu zenetik 40. urteurrena ospatzen ari ziren. Gertakari eta joera guztiak nahasi eta ezker independentismoa indartzen ari zenaren sentsazioa zuten Iraolak eta Hernandok.
Eta aldi berean, antolakunde barruan ere aldaketak gertatzen ari ziren; «berpizte» hitzarekin definitzen ditu Iraolak. Izan ere, ‘Zukgua’ prozesutik antolakundera sartutako lehen belaunaldia antolakundea uzten ari zen, eta belaunaldi berri bat sartzeko «premia» sumatu zuten. Hori dela eta dinamikaren eta Topagunearen bultzada, Iraolak argi du: «Bulkadak ez ginen gu, etorri diren berriak dira». Hernandok Inurritegia kongresua ekarri du gogora: «Kongresu zail batetik gentozen eta Topagunea berrespen ariketa bat izan zen zentzu askotan, nor ginen eta estrategia zein zen berresteko eta gorpuzteko unea».
«Autodefentsa feministarako deia egin genuen ekimena hastearekin bat, eta prebentziorako kanpaina ere indartu genuen»
Gazteen Lemoa
Herriaren antolaketa eta guneen ezaugarritzea hurbildu zen jendearekin bat zetorren, «guztiek toki bat» izatearen ikuspegiarekin. Kaleak presentzia handia zuela gogoratzen dute, eta eguneko giroa azpimarratuko lukete egitarauari begiratuta. Herriaren gunekako mapa bat egiten ahalegindu dira Iraola eta Hernando, guneak eta hauen ezaugarritzea marrazten; elkarri lagundu diote puzzlea osatzen.
Akanpalekua herriaren kanpoaldean zegoen, bi aste lehenagotik txukun prestatuta. Bertatik atera eta jarraian Eskola gunea, Y gunea eta Akeita-NAIZ gunea zeuden. Lehenengoan hitzaldi eta tailerrek bete zuten egitarauaren zatirik handiena, bigarrenean gazte antolakundearen eta gazte borrokaren fase ezberdinek izan zuten presentzia; eta hirugarrenean aukera zabala zegoen, ardo dastaketatik hitzaldi handienetara, eta zunbatik goizero esnatzeko NAIZ irratiak egiten zuen saiora. Herri guneak plaza ezberdinak zituen, eta bakoitzari atera zioten beharrezko etekina: gaztetxea eta sortzaileen plaza zeuden herriaren erdialdean, baita jantokia ere. Kontzertuen gune handia eta Ezker Pareta Akeita-NAIZ gunearen eta Sortzaileen plazaren tartean zeuden, hauek gauez soilik irekitzen ziren, ordea. Eta azkenik, udaletxearen atzeko plazan herriko oholtza zegoen, egunean zehar kontzertu eta ikuskizun ezberdinak elkartu zituena.
Toki oro ez da erosoa eta erasoetatik kanpokoa, ordea. Eta edizio horretan ere protokolo feminista martxan izan zen, baina Hernandok beste jauzi bat eman zutela azpimarratzen du: «Autodefentsa feministarako deia egin genuen ekimena hastearekin bat, eta prebentziorako kanpaina ere indartu genuen».
Hamaika bulkada
Egun haietako eskaintzaz galdetuta, egitarauaren barruan ezker independentismoko erreferentzia ezagunek tokia izan zutela gogoratzen dute, aipatu gisa, belaunaldi berrienei askapen prozesuaren oinarriak eta ildo berriak transmititzea eta eztabaidatzea garrantzitsua zela iruditzen zitzaielako. Eskaintza musikalari erreparatuta, «estilo ezberdinetako» taldeak bildu zituzten, eta agian «bereziena» Rotten XIIIrena izan zela gogoratzen dute. Izan ere, taldearentzat berezia zen, «taldekide bat lan istripuz hil eta ondorioz denboraldi batean kontzertuak emateari utzi zioten, baina Topagunean jo zuten, guztiontzat zen berezia», azaldu du Iraolak.
Sortzaileen plazak gune propioa izan zuen Lemoan. Hausnarketa batetik abiatu zirela azaltzen du Hernandok, «leku propioa ematea zen hausnarketaren gakoetako bat; Topagunez Topagune leku gehiago ematen joan gara, baina hausnarketak eta plazak bat egitea lortu genuela uste dut». Ekitaldi nagusiaz gain, Kalera Kalerak antolaturiko ekitaldian ere Lemoako pilotalekuak gainezka egin zuen: «EPPK ematen ari zen urratsak babesteko modu bat izan zen ekitaldi hori, bazen ‘gazte antolakundea zuekin dago’ esateko modu bat».
Ekitaldi nagusia «mimoz» egindakoa izan zela aitortzen du Iraolak, eta batez ere momentuan gertatzen ari zenari erreferentzia egin eta etorkizunari begiratzea lortu zutela aitortu du. Horren adibide izan zen Galder Barbado gazte presoak (Topaguneko muntaketa lanetan zebilen, bi hilabete lehenago espetxeratu zuten) bidalitako gutuna, bozkatzeko baimena eskatzeko paperean idatzi zuen, eta gazteei indarra emateaz gain EH Bildu bozkatu eta herriz herri borrokan jarraitzeko deia egin zuen.
Euskal Herri osoa kabitzeko herria eraiki zuten gazteek lemoarren laguntzarekin. Herritarrekin eta Udalarekin oso eskertuta daudela kontatu dute kide ohiek. Edizio hartan ez zuen euririk egin bisitariak bertaratu ziren egunetan, baina bai lehenago eta ederki gogoratzen dute antolatzaileek: «Bi asteren faltan akanpalekua urak hartu zuen, guztia putzuz bete zen, eta egoera ikusita berehala etorri ziren herrikideak traktore, ura bonbeatzeko makina eta katiuskak jantzita laguntzera. Haien lanari esker lortu genuen guztia atontzea gazteak iristerako». Askatasuna lortu daitekeela frogatu zuten berriro ere milaka euskal gaztek, lau egunez bederen.