Nagore Belastegi
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Zaintza erdigunean kokatu du Felix Arrietak eztabaidara gonbidatzen duen liburuan

‘Zaintzaren haria’ liburuan Hego Euskal Herriko zaintza sistema eraldatzeko arrazoiak eta proposamenak egiten ditu Felix Arrietak. Izan ere, uste du indarrean dagoen antolakuntzak ez diola egungo errealitateari erantzuten, eta beharrezkoa dela aldatzea.

Felix Arrieta gaur goizeko aurkezpenean.
Felix Arrieta gaur goizeko aurkezpenean. (Andoni CANELLADA | f)

Felix Arrieta Deustuko Unibertsitateko Giza eta Gizarte Zientzietako fakultateko irakaslea da. Aurreko batean jada zaintzaren inguruan idatzi zuen liburu bat, gazteleraz, baina orain eztabaida hori euskaraz egitera bultzatu nahi du, «herriari zor diogulako».

Hala, ‘Zaintzaren haria’ (Elkar) lanak, Pili Kaltzadaren hitzaurrea duena, zaintza erdigunean kokatzen du. Liburu laburra da, edornork irakurri ahal izan dezan, hori baita egilearen helburua: jendearengana iristea gaia mahai gainean jartzeko. Bere tesia da egungo ongizate sisteman ez dugula zaintzari berariaz arduratzen den zerbitzu egoki bat, eta hori birpentsatu eta moldatu egin behar dela.

«Gizarte laneko ikasleekin saiatzen gara definitzen zer egiten duten gizarte zerbitzuek», esan du aurkezpenean. Baina zaila da hori ondo ulertzea, eta horretarako «zer den argitu, nola egin behar den zehaztu eta zaintza sistema berri bat artikulatu behar da», aipatu du.

Liburuan hiru atal nabarmentzen dira. Lehenengoan azaltzen du, bere ustez, zergatik gaur egun ongizate ereduak ez dien beharrei erantzuten. Bigarrenean kasu praktiko bat agertzen da, asmatutakoa, baina Grosen bizi den Kororen bitartez auzoetan bizi diren adineko zaurgarri guztiak islatu nahi dituena. Eta hirugarren zatian proposatzen du zer egin behar den egoera aldatzeko.

«Reklamazio bat egiten dut. 40 urte ingurukoak ‘Dragoi Bola’ belaunaldia garela esatea gustatzen zait, eta guri ere zor zaigu gauzak beste modu batera pentsatu ahal izatea», azpimarratu du. Hala, bere ustez, garrantzitsua da duela 40 urteko legeak alde batera uztea, eta berriak sortzea.

«Artxipielagoa eta mataza»

Liburuan aipatzen du egungo sistemak beharrei ez badie erantzuten bi arrazoirengatik dela: «artxipielagoa eta mataza». Hego Euskal Herrian jarri du begia, nahiz eta Ipar Euskal Herriko egoera antzerakoa izango dela pentsatzen duen. EAEn zaintza lurraldeka antolatzen da eta ez dago erkidego mailako inolako baturarik. Nafarroan, nahiz eta lurralde bakarra izan, berdina gertatzen da eta ez dago jarraikortasunik herriek eta gobernuak eskaintzen duten gizarte lanean. Horri deitzen dio «artxipielagoa», eta uste du toki mailan egituratzea beharrezkoa dela osasun eta gizarte zerbitzuei begirada bateratu bat emanez.

«Mataza» berriz, burokrazia da. «Gure belaunaldiko guztiek ikusi duten ‘Asterix eta 12 probak’ pelikula etortzen zait burura. Leihatila batetik bestera joan behar dira inprimakiak lortzen. Egun gure gizarte zerbitzuak hori dirudi. Mendekotasun agiria lortzeko leihatila batetik bestera joan behar duzu. Laguntza dutenek egin ahal izango dute, baina besteek ez. Gauzak sinplifikatu egin behar dira, erreferentziazko leihatila batekin», aipatu du argi eta garbi.

Aldaketarako une egokia

Liburuan aipatzen duen beste ideia bat desfamiliarizazioa da. Hau da, mendekotasun egoera duen pertsona bat etxean izatean, familiek erabaki ahal izatea eurek zaindu edo zerbitzu publikoetara jo nahi duten. Arrietarentzat, egun familia askorentzat ez da aukera bat eta eurek zaintzen dituzte derrigorrez. Kontrara, bere apustua zaintza publiko-pribatua indartzea da, familiek benetan aukeratu ahal izan dezaten, eta etxean zaintzea erabakitzen dutenei baliabideak eskaintzea.

Era berean, uste du une egokia dela eztabaida pizteko, alderdi gehienak prest daudelako gaiari buruz hitz egiteko eta gauzak aldatzeko. Zehazki, Gipuzkoarekin baikor agertu da Arrieta, eta espero du hori gainontzeko lurraldeetara zabaltzea. Hala ere, nahiz eta aldaketak goitik, gobernutik, egin behar diren, azpikoan, iritzi publikoan, gogoeta sortzea ere garrantzitsua ikusten du. Hori dela eta, ekainetik aurrera herriz herri ekimenak prestatzen ari da.