Pilotaren egutegi beteak ez du barkatzen eta indarren biltegia erreserban dutela ekingo diote 2023ko Buruz Burukoan parte hartuko duten pilotarietako askok. Beste batzuk, ordea, Zabaleta eta Rezustak kasu, uko egin behar izan diote urteko txapelketarik garrantzitsuena jokatzeari. Bergararrak atzo egin zuen azken proba eta, eskuak behar bezala ez zituela eta, parte ez hartzea erabaki du. Etxarrendarrak, ordea, atzo Espinalekin egindako entrenamenduan eskuin eskuko hatz txikia hautsi zuen eta hiru edo lau astez baja izango da. Azken orduan, Aitor Elordi eta atarikoan galdu zuen Danel Elezkano deitu ditu Aspek. Ez da hori oraintxe Eibarkoen ardura bakarra, Joseba Ezkurdiak ere zalantza handiak baititu, entrenamendu batean bikian izandako lesio baten ostean. Final laurdenetarako prest egotea espero du arbizuarrak, baina oraintxe bertan geldirik dago, entrenatu ezinik.
Unai Laso txapelduna, bere aldetik, nahikoa baikor somatu dugu igandean Binakako finalean izandako lesioa espero baino arinagoa denaren ustean. Bizkarreta-Gerendiaingoak esan duenez, udan izandako antzeko lesioarekin konparatuta, askoz arinagoa da oraingoa eta astelehenean Ugartemendiaren debutean Tolosan egoteko asmoa erakutsi du. Baikon beste berrikuntza nagusia Aitor Arangurenena da, Jon Ander Peñaren lekua hartuko du aginagarrak eta Jon Alberdirekin batera, berea izango da aurtengo aurpegi berria.
Atseden gehiago
Txapelketa sistemari dagokionez, iazko eskema errepikatzen da, hau da, final laurdenetako ligaxka errepikatzen da, baina iaz izandako arazoak ekidin ahal izateko, sailkatutako pilotariek bi astean behin jokatuko dituzte euren partidak. Pilotariek eurek eskatutako neurri honekin pozik agertu dira protagonistak. Hori bai, ez da inolako atzerapenik onartuko eta finala ekainaren 4an jokatuko da Bilboko Bizkaia pilotalekuan.