Hirugarren eta azken eguna du larunbat honetan Ernairen Gazte Topaguneak. Milaka gazte independentista gerturatu dira egunotan Elorriora eta gaur egin duten ekitaldi nagusian ere jende andana izan da. Hunkigarria izan da ekitaldia, orain artekoari errepasoa eman baitio, baina aurrera begira lanean jarraitzeko. 10 urte bete ditu aurten gazte antolakundeak, eta hain zuzen ere, 10 izan dira nabarmendu dituzten irakaspenak, urte bakoitzeko bana. Halaber, Euskal Preso Politikoen Kolektiboari ere hitza eman nahi izan diote, helarazitako gutuna irakurriz.
Ondoren, Ane Alava eta Txomin Aiartzak hartu dute hitza. Ernaiko kideek, gazte antolakundearen proiektua aldarrikatu dute. «Orainari kantatzen diogu», hasi dute hitzartzea, azalduz bizi dugun momentu honetan badagoela aukera «dena aldatzeko, lapurtu diguten etorkizuna berreskuratu eta berrasmatzeko». Izan ere, argi utzi nahi izan dute «sistema zis-heteropatriarkal kapitalistak» eskaintzen diena ez dutela nahi eta ez diela balio. Bestelakoa da Ernaik eraiki nahi duen etorkizuna, adierazi dutenez: «Guk komunitatean bizi nahi dugu, elkar ezagutu, lagundu eta elkarrekin eraiki».
Horretarako, boterea banatzearen beharra azpimarratu dute eta «erdigunean daudenei kendu eta ertzetara eramango» dutela baieztatu dute, aberastasuna banatuz denok askoz hobeto biziko garela sinetsita baitaude. Halaber, «aske eta burujabe» izateko nahia aldarrikatu dute, inoren menpek izan gabe Euskal Herrian bizitzeko. Era berean, herri feminista, euskalduna eta auzolanean antolatua sortzerako bidean «gazte botereak» duen balioa azpimarratu dute. Txandak egiten ibili diren guztiei egindako lana eskertzeko ere baliatu dute unea Alavak eta Aiartzak.
«Euskal Herriko zein Frantziar Estatuko espetxeetan bahituta dauden euskal preso eta iheslari politikoei» elkartasuna agertu diete eta egin dezaketen ekarpen nagusia dela sinetsita, borrokan jarraitzeko konpromisoa agertu diete.
Gazteen bizi baldintzei ere heldu diete Ernaiko kideek eta sistemak «bizi proiektu duin bat garatzeko aukerarik ematen ez» diela adierazi dute. Horrek aurrean, ezker abertzalea aurkeztu dute alternatibatzat, «baduelako proiektua» eta datozen hauteskundeetan gazteei EH Bildu bozkatzeko galdegin diete. Izan ere, gogora ekarri dute Ernai «erresistentzia hutsa aukera bat ez zelako sortu zen» eta bidea erraza ez dela jakitun badira ere, lanarekin «dena aldatzea» lortuko dutela azaldu dute.
«Dena aldatu nahi dugu. Dena aldatzen ari gara. Baina Euskal Herrian, sistema kapitalista zisheteropatriarkalarekin bukatzeko, independentzia beharrezkoa da. Eta kontrakoa dioena gezurretan ari da. Estatu bat behar dugu. Estatu bat behar dugu euskarak biziraun dezan, lana, aberastasuna eta denbora banatu ahal izateko, armairuak lehertzeko, amalurra suntsituz aberasten direnei planto egiteko. Estatu bat behar dugu, sozialismorako eta feminismorako bidea egiteko», aldarrikatu du gazte antolakundeak.