NAIZ

Euskaltelekoek elkarri euskaraz egiteagatik haserretu den espainiar kazetaria

Hau ez da Javier Ares irrati-esatari espainiarrak sareak berotzen dituen lehen aldia. Euskal Herriko Itzulian gertatu da oraingoan, Euskalteleko zuzendariak Eurosporteko zuzeneko emisioan beren txirrindulariekin euskaraz aritu izana ez baitu ondo hartu. Eta ingelesez egin izan balute?

Jorge Azanza zuzendaria, Euskaltel Euskadiren Itzuliko txirrindulariekin hizketan.
Jorge Azanza zuzendaria, Euskaltel Euskadiren Itzuliko txirrindulariekin hizketan. (Monika del Valle | Foku)

Hiru hamarkada luze daramatza Javier Ares kazetaria espainarrak goi mailako txirrindularitzaren itzuli handienetan esatari gisa baina oraindik oso arrotz egiten zaio tropeletan sarritan erabiltzen den hizkuntza: euskara. Eta desesoro, haserre ez bada, ageri da Euskal Herriko Itzuliaren etapa batean, Euskaltel Euskadiko zuzendariak haren txirrindulariei aholkuak eta animoak beren berezko hizkuntzan eman dienean.

Hau da sare sozialetan bolo-bolo ibili den pasartea, Eurosport telebista-katearen zuzenekoan. Jorge Azanza taldeko zuzendariaren hitzekin hasten da:

 

«Esperimentu gisa ondo dago hau baina hobetu beharra dugu: gazteleraz hitz egin behar da ere, edo itzulpena egin», kritikatu du Aresek. «Euskara ikasteko ere egokia izan daiteke, norbaitek horretarako interesa badu», erantsi du, mespretxu nabariaz.

Erantzun asko jaso ditu Valladolideko kazetari aski ezagunak sare sozialetan. Gehienetan Euskal Herrian euskaldunen artean euskaraz aritzea gauza arrunta eta logikoa dela helarazi diote. Batzuk honelakoak ingelesez edo beste hizkuntza handi batez gertatu ezkero ez dutela inolako polemikarik eragiten oroitarazi dute. Eta zenbaitek «supremazista»tzat hartu dute bere jokabidea.

 

 

Polemika zalea da, bestalde, espainiar kazetaria, eta horren seinale Twitterren bere buruaren aurkezpen gisa darabilen mezua: «Ekaitza dabilenean, arranoek altuago egiten dute hegan».

Javier Ares, Eurosporten lanean. (Eurosport)

Jose Maria Garciaren aginduetara hasi zen lanean irratian, itzuli handi hauen berri emanez, duela 35 urte inguru, nahiz eta gero honekin liskar handia izan zuen gero, auzitegira heldu zena.

Real Madrid TV abian jarri zutenetako bat bilakatu zen urte batzuk pasata, eta beste zenbait hedabidetatik pasa ostean Eurosporten jardun du 2018. urtetik orain arte.

Ibilbide luze honetan hau ez da euskal kirolari edota taldeekin Javier Aresek duen lehenengo talka. 2017. urtean Osasunak oharra kaleratu zuen orduan aurrelari gorritxoa zen Oriol Rieraren defentsan, Aresek mikrofonotik bere aurka gogor egin ostean, hitz hauekin: «Inork ez dio esan oso txarra dela eta pena ematen duela. Osasuna ez litzateke Lehenengo Mailan egon beharko».