NAIZ

«Euskadi defendatzea, zerbitzu publikoak defendatzea da» dio Ahal Duguk Aberri Egunean

Podemos- Ahal Duguk manifestu bat kaleratu du Aberri Eguna dela eta, bertan, Euskal Herriaren defentsa egiteko zerbitzu publikoen defentsa egin behar dela adierazi du. Subirantasuna «zeregin kolektiboa» dela azpimarratu du.

Podemos Ahal Duguko ordezkariak artxiboko irudi batean
Podemos Ahal Duguko ordezkariak artxiboko irudi batean (Jaizki Fontaneda | FOKU)

Aberri Egunaren harira manifestu bat kaleratu du Podemos- Ahal Duguk, bideo batez lagundurik. Bertan, «lurralde anitz eta pluralaren subiranotasuna» aldarrikatu dute, eta aberriaren alde egitea «zerbitzu publikoen alde» egitea dela azpimarratu dute.

Euskal Herria eta subiranotasuna defendatzea beraien ustez zer den azaldu dute manifestuaren bidez, «zeregin kolektibo» bezala ulertzen dute, eta batez ere, «banderetatik harago, gure jendea bazterketarik gabe defensatzea» dela adierazi dute. Eskubide eta erakundeetan oinarritzen da subiranotasuna Podemos- Ahal Duguren ustez, eta hori «demokratikoki indartu» behar dela adierazi dute.


Publikotasunean, zerbitzu publikoen defentsan jarri dute arreta, eta esan dute publikotasuna dela interes pribatu eta partikularren aurrean defendatu beharrekoa: «Herritarren beharrizan eta eskubideekin negozioa egiten duten horien aurrean, edo guztionak diren baliabideak gutxi batzuen onurarako erabiltzen dituzten horien aurrean, nahiz eta ikurrina batean biltzen diren».

Euskal Herriko herritarrak defendatzea zer den gaineratu dute, «jende guztia defendatzea, eta ez uztea bi abiadurako herria izaten». Erreforma fiskal eta progresibo bati ekitea garrantzitsutzat jo dute, «gehien irabazten duenak ongizate-estatua mantentzeko ekarpena egin dezan».

Zerbitzu publikoen garrantzia

Defendatu beharreko bestelako zerbitzuak eta erronkak ere azpimarratu dituzte: «Eskola publikoaren aldeko apustua egitea eta eskolaren segregazioarekin amaitzea da Euskadiren alde egitea, osasun publikoaren aldeko apustua egitearekin batera». Bestetik, trantsizio ekologikorako zein energia berriztagarrien aldeko «apustu ordenatua» bultzatzearen alde agertu dira, zaintza eredu publiko bat ezartzearekin batera. Oinarrizko produktuen prezioan esku hartzea, eta etxebizitza eskuratzea eskubide bihurtzea ere erronkatzat markatu ditu Ahal Duguk.

Alderdiari gorazarre eginez amaitzen dute manifestua: «Euskal alderdia gara, eta harro gaude gure nortasunaz, ziur baikaude aberria egiten dugula Euskadiren ikuskera zabala guregain hartzen dugunean, jarrera eta sinbolo heterogeneoetatik, eta argi izanik eskubide sozialak eta zerbitzu publikoak guztionak direla».