NAIZ

Ikus-entzunezko plataformetan hizkuntza aniztasuna berma dadila eskatu dute

Hego Euskal Herriko, Balearretako, Kataluniako, Valentziako eta Galiziako hizkuntza politikako ordezkariak Palman bildu dira hizkuntza aniztasunaren inguruan elkarlana areagotzeko. Lehen urrats gisa, idatzi bateratu bat bidaliko dute plataforma nagusietara, hizkuntza aniztasuna berma dadila eskatuz.

Hizkuntza-politikako ordezkariak, Palman egindako bileran.
Hizkuntza-politikako ordezkariak, Palman egindako bileran. (NAFARROAKO GOBERNUA)

Hizkuntza Politikaren arloko Lankidetza Protokoloaren Segimendu Batzordea Balearretako, Kataluniako, Valentziako, Galiziako eta Hego Euskal Herriko Gobernuetako arduradun nagusiek osatzen dute eta batzorde horretako kideak bilera bat egin berri dute Balearretako Palma hirian.

Batzorde honek adostu du ikus-entzunezko plataforma nagusienetara idatzi bat igortzea, ordezkatzen dituzten lurraldeetako hizkuntza ofizial propioetan bikoiztu edo azpititulatu diren produktuen behar adinako eskaintza bat eskuragarri jartzearen garrantziaz jabetu daitezen. Gaineratu dutenez, Administrazio ezberdinek plataforma hauetako bakoitzarekin kontaktuak areagotuko dituzte aniztasun linguistikoa bultzatzeko euren apustua sendotze aldera.

Topaketan zehar, bestalde, RTVErekin ospatutako bileraren berri eman dute. Azaldu dutenez, RTVEri neurriak har ditzan eskatu diote, edukiak gaztelania ez diren beste hizkuntza ofizialetan eskaintzeko, Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko Lege Orokorra betetzeko helburuarekin, bereziki haurrengana zuzendutako Clan kanalean.

Horrez gainera, Protokoloko kideak kezkatuta azaldu dira, «Interneteko bilaketa tresnen (nagusiki Googleren) erabileran gaztelania ez diren hizkuntza ofizialetan lortutako emaitzak baztertzeak eragindako egoeragatik». Baztertze horrek Interneteko hizkuntzen erabileran zuzenean eragiten duela nabarmendu dute eta «arazoa ahalik eta azkarren ebazteko» nahia erakutsi dute. Hala, hizkuntza bakoitzerako eskuragarri dagoen informazioa trukatu dute.

Ikasketa planen erreforma

Lankidetza Protokoloa osatzen duten erakundeek beste zenbait gairi ere heldu diote, tartean irakasle tituluak eskuratzeko orduan Unibertsitateen Ministerioak sustatutako ikasketa planen erreforma. Izan ere, gaztelania ez diren gainerako hizkuntza ofizialen presentzia «drastikoki murrizten» du. Ondorioz, adostu dute «Ministerioarekin kontaktatzea, irakasleek, bere lana garatzeko dagokien lurraldeko jatorrizko hizkuntzan behar bezalako prestakuntza jaso dezaten».