«Mugikorrik gabe askeago sentitzen hasi ziren ikasleak»
Telmo Lazkano irakasleak Donostiako Usandizaga Peñaflorida Amara Institutuko DBHko 4. mailako ikasleek mugikorrak astebetez uztea eta sare sozialen gaineko gogoeta kritikoa egitea lortu zuen. ‘No Phone Challenge’ proiektuak Lakuak ematen duen Elkar Eginez saria jaso du.
Donostiako Usandizaga Peñaflorida Amara Bigarren Hezkuntzako Institutuan irakasle zela, Telmo Lazkanok ‘No Phone Challenge’ proiektua martxan jarri zuen DBHko 4. mailako ikasleen artean. Pentsa zitekeenaren kontra, ikasle gehienek onartu zuten astebetez smartphonea ikastetxeko zuzendaritzan kutxa batean uztea. Lazkanok ere utzi zuen. Helburua, mugikorren erabileraren gaineko hausnarketa kritikoa egitea zen eta sare sozialekin «harreman osasuntsua eraikitzea». Egitasmo horrek Lakuako Osasun Sailak adikzioen arloan ematen duen Elkar Eginez saria jaso du.
«Etxetik mugikorrik gabe ateratzea zerbait berria bezala deskribatu zuten. Hilabete batzuetara, batzuek esan zidaten mugikorraren erabilera erdira murriztu zutela eta aplikazio batzuk kendu zituztela. Hori beraien kabuz egin zuten», nabarmendu dio Lazkanok NAIZi. Telefono adimendunei buruzko formakuntza ikastaroak ere ematen ditu eta mugikorrarenauzi@gmail.com helbidea eman du informazioa jaso nahi dutenentzat.
Nola baldintzatzen dute algoritmoek gure bizitza?
Uste dugu sare sozialak dohainik direla. Gauza bat ordaindu behar dugunean, mesfidantza sortzen zaigu, materiala egokia ote den, jatorri etikoa ote duen, ea prezioarekin bat datorren… Baina produktu hori dohainik denean, fidatu egiten gara eta justu kontrakoa egin beharko genuke. Ondorengo galdera egin beharko genioke geure buruari: Zergatik hain aberatsak diren teknologia-enpresek hainbesteko kostua duten produktuak gure esku dohainik jartzen dituzte? Nola da posible enpresa bat multinazional bilakatzea dohainik eskaintzen duen produktu batekin? Bizitzan ezer gutxi da dohainik eta enpresa munduan, are gutxiago. Diruarekin ordaintzen ez badugu, zerekin ordaintzen dugu? Erantzuna: gu gara produktua.
Gure mugikorraren erabilera erabat monitorizatuta dago. Enpresek informazio guztia bildu, metatu eta erabiltzen dute gu pantailaren aurrean ahalik eta denbora gehien mantentzeko. Badakite erabiltzaile bakoitzari zer nolako edukiak eta noiz bidali. Demagun korrika egitea gustuko dugula eta zapatila berri batzuen bila gabiltzala, egindako bilaketengatik. Zapatilak saltzen dituen enpresa baten iragarkia iritsiko zaigu, baina ez lanean gaudenean, baizik eta erosketa egiteko denbora dugunean.
Gure big data biltegiratu eta data brokers izeneko enpresen esku uzten dute. Hauek pertsonak klasifikatu egiten dituzte eta informazioa publizitate enpresei saltzen diete.
Atentzioaren ekonomian oinarritzen da enpresa hauen negozioa. Gure arreta finitoa da eta lehiakortasun horretan enpresen helburua norbanakoaren arreta ahalik eta denbora gehien mantentzea da. Horretarako teknika psikologiko eta teknologikoak erabiltzen dituzte. Teknika horien albo-ondorioetan datza arrisku handiena.
«Mugikorrarekin egunean ematen zituzten bospasei orduak ohitura osasuntsuetan inbertitu zituzten; adibidez, amona bisitatzera joan, mendi irteera bat egin, liburu bat irakurri…»
Zeintzuk dira albo-ondorio horiek?
Erradikalizazioa eta burbuila efektua. Hegazkinak lehorreratzen ikustea gustuko badut, hasieran Youtubek horrelako bideoak birbidaliko dizkit; horiek ikusten jarraitzen badut, bideo ikusgarriagoak bidaliko dizkit eta, azkenik, hegazkin istripuak. Honi burbuila efektua gehitu behar zaio. Zenbat eta gehiago kontsultatu eduki bat, are eta selektiboagoak bihurtzen dira plataformak eta soilik antzeko tematikak bidaliko dizkigute. Burbuila baten barruan sartzen gara eta ez dugu bestelako errealitaterik ikusten. Egia errealitateari buruz dugun pertzepzioa da eta bestelakorik ikusten ez badugu, jasotzen duguna egia bezala identifikatuko dugu eta askotan egia absolutu bat bezala. Demagun hamabi urteko Leirek eskolan irainak jaso dituela bere fisikoagatik eta etxera itzultzean plataforma batean ‘nola argaldu’ bilaketa egiten duela aste batzuetan.
Erradikalizazio eta burbuila efektuak aplikatuz gero, zer nolako mezuak jasoko ditu neskato honek? Honi gehitu behar diogu nerabezaroaren berezko ezaugarriak. Nerabeak oso moldagarriak dira eta. Familia nuklearretik aldentzen dira eta lagunek, aisialdiak eta errealitate birtualak garrantzi handia hartzen dute.
Eskaini ohi dituzun formakuntza ikastaroetan zein kezka helarazten dizkizute?
Beti errepikatzen den galdera ea mugikorrarekin zenbat denbora pasatu behar duten da. Kontuan hartu behar dugu sare sozialak adikzioa sortzeko diseinatuta daudela, koloreetatik hasita logika algoritmoraino. Nerabe, baita heldu askorentzat ere, mugikorra ez da tresna soil bat. Batetik, menpekotasun handia eragiten duen zerbait da eta, bestetik, nerabeentzat mugikorra beraien identitatearen eta autoestimuaren zati handi bat da.
Oro har, bizitza bizi beharrean, bizitza besteei erakusteko bizi gara. Testuinguru honetan ulertu behar ditugu egungo ‘otoitz’ berriak: bazkari ponpoxo batean, jaten hasi aurretik platerari argazkia atera behar diogu sare sozialetara igotzeko, edo kontzertua pantaila baten atzetik ikusi. Gaur egun, 13 egunetik behin pertsona bat hiltzen da selfie arriskutsu bat egiteagatik.
Beste adibide bat ipiniko dut. Iratik bere burua ume kanta bat dantzatuz grabatu duela eta bideoa sare sozialetara igotzean, 30 like lortzen dituela, eta horrek hiru hamarreneko ongizate maila eragiten dio.
Hurrengoan, ume kanta bat grabatu beharrean, reggaetoi bat grabatuko du. Like kopuru askoz handiagoa lortuko du eta zortzi hamarreneko ongizate maila. Hurrengoan, reggaetoia barruko arropan edo bikinian dantzatuko du eta like askoz gehiago jasoko ditu. Bere ongizate maila nabarmen igoko da baina ongizate maila iheskorra, artifiziala eta adiktiboa da. Enpresa pribatuak horretaz baliatzen dira eta milaka nerabe ‘langile ez ordaindu’ bezala erabiltzen dituzte. Adibide bat: dantza eta koreografia hauek mundu mailan # hashtag bidez zabaltzen dira. Influencer batek #Doritos dantza igotzen du sareetara. Egun gutxitan, milaka eta milaka ikasle #Doritos koreografia dantzatzen eta dorito bati kosk egiten agertzen dira. Estaliriko publizitatea da. Nerabeak ordainduak ez diren langile bihurtzen dituzte.
«Bizitza bizi beharrean, bizitza besteei erakusteko bizi gara»
Nola erreakzionatzen dute nerabeek hori azaltzen diezunean?
Inork ez du gustuko norbaitek zer egin behar duen esatea, ezta debekuak ere. Era berean, inork ez du manipulatua izan nahi. Manipulazio horretaz ohartzen garenean, neurriak har ditzakegu. Nire ikasleek sare sozialek zertan duten negozioa eta zein teknika erabiltzen dituzten ikusi zutenean, eta haien osasunean zuten eraginaz ohartu zirenean, esan zuten ez zutela produktu bat izan nahi. Konturatzen badira sareak benetan zer diren, beraiek izango dira lehenak neurriak hartzen. Hor dago gakoa. Sareak oso aberasgarriak izan daitezke. Ni ez nago horiek debekatzean alde, baizik eta harreman osasuntsu bat eraikitzearen alde. Horretarako hiru euskarri behar dira: adinera egokitutako heziketa, adina errespetatzea eta heldua nerabeen bidelagun izatea.
Adituen hitzetan, smartphone bat erabiltzeko gutxieneko adina 14 urte dira. Orduan, zergatik dira gero eta gazteago mugikorra dutenak?
Gurasoen bi beldur aipatuko nituzke. Uneoroko kontaktua ematen digun segurtasuna galtzearen beldurra, batetik. eta, bestetik, ea gure nerabea bakarra izango den sare sozialik ez duena eta, hortaz, isolatuta geldituko ote den. Bi beldur horiek guztiz ulergarriak dira eta ondorengo hausnarketari bide ematen diote: mugikorra eta sare sozialak bat izango balira bezala hartzen ditugu. Horrek zentzua du zeren %98,5ak smartphone bat du. Soilik deiak eta mezuak bidaltzeko balio duen mugikorra eskain diezaiekegu. 10-12 urterekin sare sozialen erabilera autonomo batek arazo asko sor ditzake eta ondorioak larriagoak dira adin tarte honetan.
Nola lortu zenuen ikasleek mugikorra uztea?
Proiektuak berez hiru fase zituen. Mugikorrak uztearena azken urratsa izan zen. Lehenengo formakuntza saioa egin genuen. Eta, ondoren, sare sozialei buruzko galderak bota nizkien hausnarketa kritiko bat egin zezaten; esaterako, ea filtro estetikoak erabili behar diren edo ez. Lehen egunetan dependentzia sintoma nabariak azaldu ziren: antsietatea, lo egiteko zailtasuna, gehiago jatea, urduritasuna. Laugarren egunetik aurrera askeago eta zoriontsuago sentitzen hasi ziren. Etxetik mugikorrik gabe ateratzea zerbait berria bezala deskribatu zuten. Batek esan zuen esperimentu honek bere identitatea aurkitzen lagundu ziola. Orokorrean, mugikorrarekin ematen zituzten bospasei orduak ohitura osasuntsuetan inbertitu zituzten; adibidez, amona bisitatzera joan, mendi irteera bat egin, liburu bat irakurri… Gutxi batzuk etorri zitzaizkidan esanez ez zutela mugikorra bueltan izan nahi. Nire helburua ezagutza eta iritzi kritikoa bultzatzea zen. Handik hilabete batzuetara, batzuek komentatu zidaten mugikorraren erabilera erdira murriztu zutela eta aplikazio batzuk kendu dituztela. Hori haiek beraien kabuz egin zuten, gurasoek ezer esan gabe. Proiektu xume batek hori lor badezake, zer ez luke lortuko komunitate oso batek elkarlanean arituko ez balitz?
Nola jaso duzu sari hau?
Sorpresaz. Ez nuen pentsatu proiektuak horrelako oihartzuna izango zuenik. Oso pozik, ikasleengatik batez ere. Sari hau beraiena da, haiek dira protagonistak.