Tradizioa eta berrikuntzak ahalik eta erarik erakargarrienean uztartzea izan da, azkenaldi luze honetan, Oriamendi 2010 enpresak erremontea bere ataka zailetik ateratzeko erabili duen bide-orria. Konplexuak eta beldurrak alde batera utzita, kirol zahar hau garai berrietara moldatzeko beldurrik ez du izan Galarretako enpresak eta, momentuz behintzat, formula berritzaile hau emaitza onak ematen ari da.
Bi ezaugarri horiek inoiz baino gehiago nabarmenduko dira astelehen honetan hasiko den XII. Sagardoaren Txapelketan. Erremonteak erremontea izaten jarraituko du eta lehia izango da ETB-ko Erremontari saioaren muina, baina aurtengo edizioa bi berrikuntza berezirekin dator; itxuran eta jokoan. Lehenari dagokionez, adimen artifiziala erabiliz, "Erremontari" pertsonaia sortu dute, telebista saioan aurkezle gisa arituko dena eta kirol alorrean, erremontean lehen aldiz, partidak set formatuan jokatuko dira. 15 tantuko bi set-ek osatuko dute partidua hasiera batean, baina bikote bakoitzak set bana irabaziz gero, hirugarren bat jokatuko da bost tantora, partiduaren bikote irabazlea zein den zehazteko. Hau da, erramintako beste modalitateetan –palan eta zestan– dagoeneko errotu den formatuak Galarretara jauzi egingo du.
Aurreko bi urteetan izandako harrera onaren ondoren, Sagardoaren Txapelketa ETB1eko 'Erremontari' saioaren barruan jokatuko da, astelehenero, apirilaren 17an hasi eta ekainaren 12ra arte. Saioan, Sagardoaren txapelketa guztia emititzeaz gain elkarrizketak eta erremontearen ikuspuntu berriak ezagutuko dira, teknologia berriak erantsiz. Partidak Galarretan, 18:30etan hasiko dira eta gauez emango dira, telebistaz, Prime-Timean.
Sei bikote, enpresako onenarekin
Ohiturari jarraituz, Sagardoaren Txapelketan sei bikotek hartuko dute parte eta sei sagardotegi ordezkatuko dituzte; Goikoetxea V-Barrenetxea IV (Oialume Zar), Urriza-Martirena (Alorrenea), Aldabe-Azpiroz (Petritegi), Ezkurra II-Zubiri (Gurutzeta X Txuleta), Segurola-Juanenea (Bereziartua) eta Ansa II-Zaldua (Aburuza).
Set formatuan jokatuko denez, lehenengo setean txapak erabakiko du aurreneko sakea nork egingo duen. Bigarren setean, lehenengo seteko bikote galtzailea hasiko da sakatzen eta hirugarrengoan ordurarte tanturik gehien egin duenak.
Txapelketaren formatuan, denek denen aurka jokatuko dute hasierako ligaxkan eta lehenengo lau sailkatuak finalerdietara sailkatuko dira. Lehenengo bi setak irabazita (2-0) lau puntu batuko ditu bikoteak; 2-1 irabazten duenak hiru puntu lortuko ditu; 1-2 galtzen duenak puntua eskuratuko du; 0-2 galduz gero punturik ez da lortuko; eta lehen bi seten batuketan 16 tantura iristen ez denak puntu negatiboa izango du.
Finalerdiak ekainaren 5ean jokatuko dira; lehenengo sailkatua laugarrenaren kontra ariko da eta bigarrena hirugarrenaren aurka. Garaileak ekainaren 12an finalean elkartuko dira txapela erabakitzeko. Ez da atzerapenik onartuko inongo fasetan.
Urriza-Zubiri (Larre Gain) izan ziren iazko garaileak finalean Ansa II-Juanenea (Setien) 30-28 garaitu eta gero. Aurtengo txapelketak maila benetan altua izango du Oriamendiko pilotari onenekin. Binakako Txapelketaren mailakoa edo altuagokoa izango da.