NAIZ

Donostiako Bariantean EH Bilduk proposatzen duen aldaketak lurzoru publikoa berreskuratuko luke

Donostiako Bariantean (GI-20 errepidean) EH Bilduk proposatzen duen eraldaketak 60 hektarea lurzoru publiko herritarren beharretera zuzenduko lituzke, ostiral honetan Juan Karlos Izagirre alkategaiak nabarmendu duenez.

Juan Karlos Izagirre, gaurko aurkezpenean.
Juan Karlos Izagirre, gaurko aurkezpenean. (EH BILDU)

«GI-20 errepidea etorbide atsegin bihurtzeko proiektuak Añorga eta Altza arteko 60 hektarea lurzoru publiko berreskuratzea ahalbidetuko du. Zortzi kilometro horiek aukera bat irekitzen dute auzo mugakideetan esku hartzeko, funtsezko eskaerei erantzunez, hala nola etxebizitzari, ekipemanduei zein mugikortasunari, emisioak eta zaratak murriztuz», nabarmendu du EH Bilduren Donostiako alkategai Juan Karlos Izagirrek, ostiral honetan egindako agerraldian.

«EH Bilduk hiriari beste begi batzuekin begiratzearen aldeko apustua egiten du. Eta, zentzu honetan, mahai gainean jartzen dugun Donostia hiru ardatzetan oinarritzen den Donostia da: kostaldearen ardatza, Urumearen ardatza, eta bariantearen ardatza. Izan ere, errepide zaharra etorbide atsegin batean eraldatzeak irekitzen dituen etorkizunera begira aukerak. Ildo horretan, gogoratu behar da mende erdia igaro dela GI-20 errepidea eraiki zenetik, eta, normala denez, denbora horretan aldatu egin dira bai erabilera, bai herritarren beharrak. Beraz, errepide honek gure egunerokoan betetzen duen rolak ere horixe bera egin du, alegia, aldatu», azaldu du Izagirrek.

«Eraiki zenean, azpiegitura horrek hiriko mugikortasun-arazo askori irtenbidea eman zien, ordura arte herrigunetik igarotzen ziren ibilgailu astunen trafikoa arinduz eta kaleetatik ibilgailuak murriztuz. Hala ere, bigarren ingurabidea (AP-1) eraiki zenetik, trafikoa erdira murriztu eta hiria inguratzeko funtzio nagusia aldatu den arren, errepideak tamaina eta espazio bera izaten jarraitzen du. Alde horretatik, eta saihesbideak «lubaki efektua» egiten duenez, EH Bilduk urratsak eman nahi ditu hiri-ardatz hori etorbide atsegin bihurtzeko, eta, horretarako, lurzoru publikoko 60 hektarea berreskuratu nahi ditu Añorgatik Altzaraino», azaldu du alkategaiak.

Eragin sakona auzo askotan

Proposamena azaltzeko txosten bat egin du EH Bilduk mugikortasun alorreko eragile ugarirekin elkartu ondoren. Txostenean nabarmentzen denez, egitasmo honek aldaketa sakonak ekarriko lituzke Intxaurrondo, Añorga, Egia, Loiolako Erriberak, Loiola, Altza, Aiete eta Amara Berri auzoetan.

Juan Karlos Izagirre EH Bilduren zerrendaburuak adierazi duenez, «ardatz hori birmoldatuta, hiru erronka tratatuko ditugu aldi berean: etxebizitza, klima-aldaketa eta mugikortasuna». Azpimarratu duenez, «proiektu honek, ekialdetik mendebalderako mugikortasuna arintzeaz gain, ‘lubaki efektua’ gainditzea eta auzo bereko bi ertzak hurbiltzea ahalbidetuko du, Intxaurrondon adibidez». Ildo horretan, Carlos I.aren hiribidean egindako esku-hartzea gogorarazi du.

Proiektua poliedrikotzat jo du Izagirek da eta, besteak beste, 2.500 etxebizitza berri eraikitzea ahalbidetuko duela nabarmendu. «Azpimarratu behar da berreskuratutako lurzoru guztia publikoa denez, gure proposamena gai dela hiriak aurre egin behar dion arazo larrienetako bati erantzuteko, hots, etxebizitzari. Lurzorua publikoa denez, babestutako etxebizitzen kopurua ehuneko handienetara igo daiteke, hau da, gutxienez % 70era. Beraz, ez da lurzoru berririk okupatu beharko eraikitzeko, eta, aldi berean, beste etxebizitza-eredu batzuk probatzeko aukera zabalduko da. Libre utzitako espazio osotik, 23 hektarea berdeguneetara bideratuko dira, natura hirian integratzearen garrantziaz jabetuta. Horrek hiria inguratzen duen gerriko berdea sendotzeko bidea irekitzen du».

Honekin batera, hamaika kilometro bidegorri berri egongo lirateke, Antigua eta Intxaurrondo lotuz. Oinezkoentzako beste hamabost kilometro bide berri ere sortuko lirateke.

Añorgan, Intxaurrondon eta Altzan disuasio-aparkalekuak sortuko lirateke, garraio publikoarekin lotuta.

Txingurrin lanpostu berriak sortuko liratekela eta emisioak eta zaratak murriztuko liratekela nabarmendu du ere EH Bilduk.