NAIZ

Lasterbidean ekainaren 3an izango da Amasa-Villabonan, «‘Etxera!’ leloa egia bihurtzeko»

Kirola eta elkartasuna uztartzeko dei berri bat egin dute Amasa-Villabonatik larunbat honetan, ekainaren 3an Lasterbidean handi bat egin eta salbuespeneko politikarekin amaitzeko bulkada berri bat emateko. Izena emateko epea zabalik dago.

Amasa-Villabonan larunbat honetan egindako agerraldia.
Amasa-Villabonan larunbat honetan egindako agerraldia. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Iazko Kanpezuko edizio arrakastatsuaren ostean, Gipuzkoara itzuliko da aurten elkartasunez beteriko milaka kilometro bildu dituen kirol ekimena, pandemiak baldintzatutako azken edizioak atzean utziz eta zenbait berrikuntza proposatuz, «‘Etxera!’ leloa egia bihurtzen hasteko».

Amasa-Villabonan bertan, Errebote plazan larunbat honetan eginiko agerraldi batean aurkeztu dituzte Lasterbidean ekimeneko kideek eta Etxerat elkarteko euskal preso eta iheslarien senideek lasterketa berriaren nondik-norakoak.

Nabarmendu dutenez, «aro berrian sartu gara», presoak Euskal Herriko espetxetan daude eta urrunketa politikaren ondorioak desagertu dira, baina salbuespeneko politikarekin bukatzeak pauso gehiago eskatzen ditu.

«Oraindik ere, jendartearen lana eta mobilizazioa ezinbestekoa dugu, blokeo zentzugabe hori desblokeatzea lortzeko», azaldu dute Amasa-Villabonan bildutakoek.

Gogoratu dutenez, «badira oraindik salatzeko egoerak». «Lasterbideaneko kideek ekimena sortzean mahaigaineratu genuen bezala, azken errepresaliatua etxeratu arte, zereginik egongo da, beraz, esperantzaz eta determinazioz ekiten diogu gure lanari», adierazi dute.

Izan ere, lasterketaren logoa bera egoera berrira egokitu eta mapa ezabatuta, etxerako bidea adierazten duten geziak ageri dira orain, korrika eginez «Etxera! leloa egia bihurtzen» laguntzeko urrats berriak gehituz.

600 lagunentzako bazkaria eta kontzertuak

Iaz bezala, larunbatarekin ospatuko Lasterbidean, eta bi lasterketa izango ditu: 7,8 kilometroko ibilbide bat eta laburrago bat, 2,6 kilometrokoa.

Izena emateko epea zabalik dago: internet bidez Lasterbidearen webgunean, eta ekainaren 3an bertan Amasa-Vllabonako kiroldegian.

Lasterketaren osteko sari banaketa eta ekitaldiaren ondoren, herri bazkari handi bat izango da Amasa-Villabonan. Aurreratu dutenez, 600 lagunentzako bazkaria prestatuko dute, eta eguna amaitzeko musikaz bete nahi dute plaza XSakara, McOnak eta DJ Bull-en kontzertuekin.