Ataun urte luzez itsasoari begira, arraungintza tarteko
”Ataunen Arraun” proiektuaren bidez garai bateako euskal arraunak nola egiten ziren asmatu, eta berriro egin dituzte Albaolako kideek. Euskal Herria mendeetan zehar itsasoari begira egon dela ziurtatzen du Xabier Agotek eta euskal itsasoaren historia eta ondarea bermatu eta transmititzea du xede.
Euskal Herria erabat itsastarra izan da, pentsatzen dugu baserritar herria garela, eta ez da hala» baieztapenak harrituko ditu batzuk, Xabier Agote Albaolako lehendakariarena da, eta berak ez du zalantzarik hala dela. Egurrezko txalupekin obsesioa izan zuen txikitan, tematuta zegoen, baina egurrezkoak gustatzen zitzaizkion gehien eta kezkatuta zegoen geroz eta txalupa gutxiago egiten zirelako egurrez. Bizkargainean pilatu ditu orduak, esperientziak, irakaspenak eta ametsak, horietako asko Albaola Itsas Fabrikan. Oraindik ere badu obsesioa egurrezko txalupekin, baina oraingoek izango dituzte hamar metro, eta jolasa baino askoz gehiago da beretzat.
Euskal Herriko itsasoaren historiarekiko dugun ezjakintasunak kezkatzen du gaur egun; eta zerbait egiteko garaia dela uste du: «konturatzen gara ez dakigula nondik gatozen, iraultza kultural bat behar dugu». 1813an kokatzen du berak euskaldunek itsasoarekin izandako harreman «handiaren» gainbehera. Izan ere, lehen itsasotik sartzen eta ateratzen ziren materialak, eta ondorioz baita dirua ere, Agoteren arabera. Euskal Herria pobretzen hastea eta itsasoarekin harremana gutxitzearekin lotzen du, eta horrekin loturik «memoria ere galdu genuen», kontatzen du donostiarrak. Atsekabea sortzen dio itsas historia eta ondarea galdu izanak Agoteri: «Gure (euskaldunen) identitateak badu alde batetik euskara, eta bestetik, folkloretik hartutako elementuak dira batez ere euskaldun egiten gaituzten ikur identitarioak. Historia zerbait intelektualagoa bezala hartzen da, ezagutu behar da, ikasi behar da… eta nolabait hori dena kendu digute, eta gero, berreskuratzeko aukera izan dugunean, ez dugu asmatu».
Baserri giroa ikertu eta jasotzeko izugarrizko lana egin dela uste du Agotek, Ataungo Aita Barandiaranek eginiko lana jarri du adibidetzat. Itsasoari erreparatuta, aldiz, horrelakorik ez dela egon kontatzen du, eta horegatik beraien alea jartzeko ahaleginetan dabiltzala Albaolan. Eta hori sumatu daiteke Pasaia San Pedron kokatzen den ontzigintza eskolan; barnekaldean museo funtzioa ere betetzen duen tailerra dago. Bertan aritzen dira mundu osotik etorritako aprendizak ikasten eta lanean. Izan ere, Agote Ameriketako Estatu Batuetako ontzigintza eskola batean ikasitakoa da, eta Euskal Herriratzean, misio hori hartu zuen beregain: hemen ontzigintza eskola propioa sortzea. Transmisioan eta jakintzan sakondu eta zabaltzeko garrantzitsua da Albaolako lehendakariarentzat. Ematen duenez, baita bertako ikasleentzat ere, izan ere, elkarrizketarako bisita egiten dugun bitartean hor dabiltza egurrezko oholak mugitzen kantuan, beste egur zati batzuk lixatzen beste pare bat... Giro ona nagusi, pasio berak elkartzen dituela nabaria da.
Arraunak barnekaldean
Kantauri itsasoak ez du haize egonkorrik, bertako arrantzale, saregile eta merkatariek hori ongi dakitela ziurtatzen du Agotek, udan haize gutxiegi egoten dela zehazten du, eta horrek zaildu ohi dituela lanak. Haize desegonkorra izateari gehitu behar zaio XVII.mendean itsasontziek motorrik ez izatea. «Arraunak eta belak ziren itsasontzien motorrak», eta haizearen bidez bela erabili ezin zenez, arraungintzan «aditu» bilakatu behar izan zuten: «Hemengo arrantzaleek, beraien zoritxarrerako, arraun egin behar zuten». Gaur egun arrauna «osagarria» dela azaldu du, baina garai batean tresnarik garrantzitsuena izan zela. Mundu guztiko ontziek zituezten arraunak, baina bertako meteorologia bereziagatik halabeharrez, Euskal Herrian adituagoak egin behar izan zuten jardun honetan.
Ontzien atal oso garrantzitsuak direla konturatuta abiatu zuten «Ataunen arraun» proiektua. Barnekaldeko herriek ere itsasoarekin duten lotura agerian utzi du proiektuak. Atauan hartu zuten erreferentziatzat, artxiboko testu zaharretan erreferentziaren bat jasota zegoelako. Arraunak sortzeko «arkeologia esperimentala» egin dutela aitortzen du, euskaldunen arraunak zehazki zein ezaugarri zeuzkaten aztertu nahi izan dute, eta lortutako informazioa baliatuz, gaur egun garraiko teknikak erabiliz eraiki. Pago egurra zen arraunak egiteko zuhaitz nagusia; ugaria delako batetik, eta ezaugarri egokiak dituelako bestetik. Ikertzen hasi ginen, historiari begiratzen, eta hasiera batean askori harrigarria iruditu zitzaion :Euskal Herria orokorrean, baina Gipuzkoa bereziki, oso espezializatuta zegoen arraungintzan.
Basotik itsasorainoko bidea
Basoan egiten ziren arraunak, baina ez ziren bertan bukatzen, prozesua kostaldean amaitzen baitzen. Agotek, tailerreko oholen artean bilatu du erakutsi nahi diguna, eta azaldu du: «Honi proto-arruna deituko genioke (alde batetik zabalagoa da eta pala du, bestetik estuagoa) arraun itxura hartzen hasiak diren oholak dira, basoan egiten ziren puntu honetara arte, eta ondoren kostaldera eraman bukatzeko».
Horixe izan zen Albaolako aprendizek Mikel Larrañaga aizkolariarekin batera egindako prozesua ere. Ataunera joan ziren guztiak, Marumendira zuraren bila. Behin moztuko zituzten Pagoak aukeratuta, enborrak bertan zartatu behar ziren, ez zituzten zerrarekin mozten, erdibitu egiten zituzten, ondoren, laukotu, eta aizkorarekin ziri forma luzea ematen zioten egurrari. Jarraian lehortzen utzi behar dela azaltzen du Agotek, «pandemia batek tardatzen duena tardatzen du egurrak lehortzen», kontatzen du irri batekin Agotek, eta ondoren azaldu du nolatan dakien hori. Izan ere, arraunari forma ematen lehenengo aldiz hasi zirenean berde eta fresko zeuden, eta ondorioz, okertu egiten ziren. Denbora gehiago beharko zuten lehortzeko, eta horretan utzi zuten beste tarte bat; urte bete, eta hala ere okertu egiten ziren enborrak nahiz eta «askoz gutxiago» izan. Azkenik, pandemia iritsi, eta horrek derrigortu zituen denbora gehiagoz lehortzen uztera: «Pandemiari eskerrak ikasi dugu egurrak lehortu eta egonkortzeko pandemia batek irauten duen denbora behar duela, pare bat urte».
Arraunak egin zituzten Albaolako aprendizek, teoria bat ere sortu zuten horretarako, ezin izan baitzuten ziurtasun guztiarekin iraganean erabiltzen zen teknika lortu. Baina frogatzea ere tokatzen zitzaien: «Txalupa uretara bota, eta aldez aurretik egindako arraunak probatu genituen, konturatu ginen metro bat motzegiak egin genituela, guk nahi genuen ontzirako ez zuten balio».
«Arraunek ez dute bizitza luzea», aitoetzen du Agotek. Hauskorrak direla azaldu du, okertu egiten dira, forma aldatzen zaie, puskatu egiten dira... Horren eraginez Euskal Herrian milaka eta milaka arraun egin behar izan direla kontatzen du. Bertako itsasontzientzako ez ezik, kanpora ere eraman dira euskal kostaldean egindako arraunak. «Ditugun datuen arabera, Gipuzkoan arraungintzaren salmentarako gune nagusiak Donostia, Pasaia eta Hondarribia izan ziren, baina arraunak pagadi askotan egin dira.Aurkitu dugun dokumentazioan Ataun nabarmentzen da arraungintzaren gune garrantzitsu gisa».
Arraunak Ataunen, Ataunek arraun
«Zer dela eta arraunak Ataunen egin?» galdetu zioten batek baino gehiagok Albaolako lehendakariari, eta berari gustatzen zaio besteengan interes hori piztea, kuriositate horrek hausnarrera bultzatzea. Erantzun erraza du galderak donostiarraren ustez, basoak zeuden tokian egiten ziren, kasu batzuetan basoko produkzioaren zati bat burnioletara bideratuta zegoen, baina beste zati handi bat itsasora joaten zen. Eta beraiek egin bezala, duela ehun bat urte ere prozesuaren zati bat basoetan bertan egiten zen: «Enbor batek asko pisatzen du, bideak oso txarrak ziren eta gurdiarekin garraiatzen ziren zamak, askoz ere logikoagoa litzateke enborrei soberan duten hori kendu eta nahiz eta bukatu gabe egon, pieza forma duela ekartzea kostaldera; errazagoa, merkeagoa eta azkarragoa zen». Hasieran harrigarra iruditu arren, erantzun logikoa duela ezin uka.
Gipuzkoa «buru-belarri» itsasoari begira zegoela kontatzen du Agotek, eta ulertzeko zaila egiten zaio nola itsasoko historia eta ondareari lotutako guztia gure gizarteak «erabat baztertuta» daukan. «Barnekaldeko jendea ere guztiz itsasoratuta zegoen, haritzei forma ematen, enborrak mozten, burdinoletan… dena zen itsasorako, dena zen itsasoa Euskal Herrian».
Ondarea eta transmisioa
Albaolan lanean dabiltzanek bersortu behar izan dute garai bateko arraunak egiteko teknika, ez baitzegoen inon jasota nola egiten ziren. Eta horrekin, Euskal Herriko itsas ondarea balioan jarri, berreskuratu eta transmititzeko baliatu nahi dute «Ataunen Arraun» proiektua.
«Ondarea ezin da babestu ez baduzu transmisioa bermatzen», halaxe uste du Albaolako lehendakariak, eta bere iritziz egun Euskal Herrian ez dago horrelakorik bermatuta. Ondare gisa zer eta nola ulertzen dugun ere eztabaidagarria iruditzen zaio, euskal itsas historiak eta bertan erabilitako ontzi, tresna zein teknikek garai batean ez zuten ondari izaera Agoteren arabera. «Itsas ondarea eoso berria da, guk sortutako zerbait da, ez baitzen lehenago kontuan hartzen. Hemen ondarea elizak, baserri batzuk, elizako organo edo koadroak... ziren». Eztabaida interesgarri zein luzea litzateke ondarearen definizioan sartzea, baina ur handietan sartzea litzateke.
Amerikako Estatu Batuetan ikasi zuen berak ontzigintza, eta ikusi zuen bertako gizartean oso prestigiatuta zegoena, hemen galdua zeoela. Itsas ondarea «oso dinamizatuta» zegoen Maine hirian, Agotek ontzigintza ikasitako hirian, eta horrek «inpaktatuta» utzi zuela aitortzen du, eta horrek sortu ziola ikusitakoa Euskal Herrian sortzeko gogoa. «Euskaldunak izan ziren mendeetan baleak ehizatzen bakarrak, ze handitasuna, ez? Eta ez diogu garrantziarik ematen», aitortzen du erdi etsiturik edo. Asmo horri jarraiki, euskaldunen itsas historia sortzeko ezinbestekoak izan ziren itsasontziak eta beren teknologien berreskuperapenean oinarrituz sortu zuen Albaola, «herrigintzaren asmotik sortua».
Proiektu gehiago aurreikusten dituzte datozen hilabete eta urteetarako ere: «Azken finean itsasoa eta itsas historia gauza zoragarri bat da, mendeetan atzeraeta munduko leku guztietara eramaten zaitu; izan ere euskaldunak egon dira Filipinetan, Indonesian, Txinan, Ameriketan, Noruegan… Nun nahi gabiltza gure historiaren uberan -ubera da itsasontziak atzetik uzten duen marka zuri hori azaltzen du, Pasaiako portuko itsasoak seinalatuz-, historia jarraika, oso aberatsa da gure itsas historia eta ondarea».