NAIZ

‘BizHiriak’, trantsizio sozio-ekologikoaz hausnartzeko hitzaldi zikloa egingo dute Txingudin

Txingudi eskualdeko trantsizio sozio-ekologikoaren inguruan hausnartzeko abiatu zuen BDSKOOPek ‘BizHiriak’ egitasmoa.

‘BizHiriak’ egitasmoaren egitarauaren aurkezpena.
‘BizHiriak’ egitasmoaren egitarauaren aurkezpena. (BDS Koop)

‘BizHiriak’ Txingudi eskualdetik trantsizio sozio-ekologikoaren inguruan hausnartzeko egitasmoa da. Astearte goizean aurkeztu dute egitasmoaren bigarren edizioa. Eredu sozio-ekologiko jasangarri baterako eskualdean aliantzak eta proiektu potentzialak identifikatzea du helburu. BDSKOOP Txingudiko eraldaketa fabrikak antolatu du.

«Bizi dugun prekarietate eta krisi ekologikoaren aurrean, gure lurraldetik egin dezakegunaren inguruan hausnartzeko topagunea» dela azaldu dute. Eta Apirilaren 20tik 29 bitarte etorkizunean eraldaketa ekosoziala emateko «erronkak eta aukerak» aztertuko dituztela adierazi dute, «eskualderako ideia ugari bilduz».

Eremu soziala eta ekologikoa lotu nahi dituzte solasaldi eta hausnarketa ezberdinen bidez: «Eremu sozialari begira prekarietatea, txirotzea edo eskubide sozial oinarrizkoenen narriatzea aipa genitzake. Eremu ekologikoan krisi klimatikoa, energiaren gaia edota bio-aniztasunaren galera masiboa».

Adierazi dute «sinetsita» daudela eredu sozioekonomiko berri eta justuago baten aukera badagoela, eta gaineratu dute uste dutela «inoiz baino beharrezkoagoa» dela modu «duinean» bizitzeko. Horretarako, «lurraldean eta behetik gora jardutea, elkarlanetik eta konpromisotik ezinbestekoa» dela azpimarratu dute.

Egitaraua

Ostegun honetan, apirilak 20, hasiko da, ‘Txingudik agroekologia sustatzeko estrategiak’ hitzaldiarekin, Urduñako adibidetik hasita hausnartuko dute. Hilaren 21ean, telekomunikazio eta sare publiko-komunitarioak nola eraiki izango dute hizketagai. 22an, hiri eredua izango dute hizpide; hitzaldi nagusi bat izango da eta ondoren, Katea-Ventas Auzo Elkartearen eta Artiako Lagunak zein Balaztako kideen esperientziak izango dira entzungai.

Apirilaren 26an, trantsizio ekosozialaren eskalez mintzatuko dira, eta horretarako, Debagoiena 2030, Udalbiltza eta Euroeskualdeko kideak izango dira Hendaian. Eta amaitzeko, 29an, ikuspegi ekosoziala lantzeko paseoa emango dute, «gure hiriari betaurreko more eta berdeekin begiratu diogu ibilbide-tailer baten bidez».