Nagore Belastegi
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Ulertzen ez duenari buruz idatzi du Martin Etxeberriak ‘Kangaroo’ poema liburuan

Martin Etxeberriaren ustez, denok dugu zer konpondu, berak ere bai, eta hori egiteko saiakera izan da ‘Kangaroo’ (Elkar). Poesiaren bidez bizitzari begirada zuzendu dio, ulertzen ez duen arren, ideiak antolatzeko asmoz.

Martin Etxeberria, ‘Kangaroo’ liburuaren aurkezpenean.
Martin Etxeberria, ‘Kangaroo’ liburuaren aurkezpenean. (Jon URBE | FOKU)

Ikerlari okzidentalak Australiara iritsi zirenean, kanguroa ikusi eta bertakoei animalia bitxi haren izena zein zen galdetu zien biologo batek, eta hauen «Kan Ghu Ru» erantzun zuten. Biologoak fin apuntatu zuen «kangaroo», hori animaliaren izena zelakoan, aborigeneek «ez dizut ulertzen» esaten ari zirela jakin gabe.

Nola edo hala, animaliak izen hori darama ingelesez orduztik, eta anekdota honek hasiera ematen dio Martin Etxeberriaren ‘Kangaroo’ (Elkar) poema liburua. Berak azaldu bezala, nahiz eta istorio hori umoretsua den, poemak nahiko ilunak dira. Gertaera hori aukeratu du bikoteak esaten diolako ez dituela bere poemak ulertzen, «eta nik esaten diot nik neuk ere ez dudala bizitza ulertzen». hala, ‘Kangaroo’ ulertzen ez duenari buruz idazteko aitzaki bat da.

Xabier Mendiguren editoreak aurkezpenean aipatu du nola bere anaiarekin batera beste generoko liburuak idatzi dituen Etxeberriak, baina bere kabuz ekin diola poesiaren bideari. Izan ere, bost urtetik behin edo ematen du poemario bat. «Ez du hiztegi arraroa erabiltzen, baina aldi berean ez du poesia erraz eta sinplea egiten, interpretatu egin behar da, surrealista da batzuetan», adierazi du.

Errealitatea beste begiekin begiratuz

Etxeberriak kontatu bezala, errealitatea eta mundua mugitzen ez diren zerbait bezala hartzen diren arren, bere ustez, begiratzen dugun begiaren arabera eraldatu egiten dira. Zentzu horretan, bere helburua izan da galtzea eta lurralde ezezagunetara bidaiatzea, «ez hainbeste buruan dudana ateratzeko, gordeta dagoena aurkitzeko baizik».

«Nahiko korporalak, inkluso genitalak» atera zaizkio poemak; azaletik haragira pasatzeko ahalegina egin du, eta gorputza, biluztasuna edota infernua iradokitzen dira. «Iluntasuna topatu dut, izen bat eman diot eta nire egiteko ahalegin bat egin dut», esan du. Bere iritziz, denok, berak ere bai, badugu zerbait iluna, edo minak, edo hainbeste gustatzen ez zaigun zerbait, edo konpondu beharrekoak.

Mendigurenek esan dio berak hiru seme-alaba dituela, lanpostu garrantzitsu bat, eta galdetu dio ea nola enkajatzen duen guzti horrek. Erantzunez, adierazi du kasu batzuetan kexatzeko ezer ez duela iruditu arren, denok ditugula gure kezkak. «Nire bidetik azaldu nahi dut nik nire buruarekin konpondu bejarrekoak ditudala, baina ez naizela berezia horregatik», azpimarratu du.