Ramon Sola
Aktualitateko erredaktore burua / Redactor jefe de actualidad

German Rubenachen amnesiaren iluntasunean argi-izpi bat: «Neska ez da hiltzen»

Berrosatu diren Irunberriko Arroilaren gertaera latzetan bada ondorio bereziki etsipengarri bat: jazotakoa argitzeko German Rubenachen nahi eta ezina. Biziraun arren amnesia peritraumatikoa du betirako. Baina zerbait piztu zitzaion barruan bere bikotekide Susana Arregiri buruz galdetu ziotenean.

Irunberriko Arroila ikusgarri eta beldurgarrian Susana Arregi eta Jon Lizarralde oroitzeko ekitaldia, 2010. urtean.
Irunberriko Arroila ikusgarri eta beldurgarrian Susana Arregi eta Jon Lizarralde oroitzeko ekitaldia, 2010. urtean. (Jagoba Manterola | Foku)

GAR taldeko guardia zibilek (ez dakigu zenbat zeuden han) eta German Rubenachek -orduan ETAko kide zenak– baino ezin izango lukete azaldu 1990ko ekainaren 25eko eguerditik hurrengoaren goizaldera arte Irunberriko Arroilan gertaturikoa. Eta batez ere Susana Arregi eta Jon Lizarralde nork, nola eta noiz hil zituen. Beste inork ez. Izan ere, Guardia Zibilak pasabide horren bi sarrerak –bi tunel dira– itxita izan zituen 20 ordu haietan, ETAren aurka inoiz izan den polizi operazio luzeena burutzeko.

Baina guardia zibilek ez dute inoiz argitu nahi izan. Eta Rubenachek ezin du gogoratu.

Pako Aristik idatzitako ‘Negarraren arroila’ ikerketa liburuak ondorio samingarri honetan sakontzen du, auzia 33 urte hauetan argitu ezin izanaren gako nagusienetakoa baita. Amnesia peritraumatikoa pairatzen du German Rubenachek Arroilan buruan jasotako tiroaren ondorioz; ez zen hil baina oso larri zauriturik atera zuten bertatik. Eta bizi osorako izango du, sendagileek azaldu dutenez.

Umetan honelako lesio bat jasan ezkero ehun eta neurona horiek bersortu daitezke eta oroitzeko gaitasuna berreskuratu, baina helduaroan zen (25 urte zituen Rubenachek 1990. hartan). Hortaz, Guardia Zibilarekin talka egin zuteneko unea gogoratzen du -Jose Luis Hervas ajentea hil zuten ETAkideek–, bai eta hortik korrika atera zirela eta, baina gerokoak ez.

Gauzak honela, hilketak argitze aldera inolako ekarpenik egin ahal izan du Bilbon jaio eta Iruñeko Arrotxapean hazi zen militanteak? Ezetz dirudi. Baina agian bai, Aristik hausnartu duenez.

Itzul gaitezen 1990ko ekainera. Auzitegi Nazionalaren aginduz, lehen itaunketa bost egun beranduago egin zioten Rubenachi, Iruñeko erietxean zela, Zaintza Intentsiboetako medikuaren aurrean. Hitz egin ezinean zegoen, besteak beste tiroaren ondorioz mingaina zulatua zuelako, eta horregatik erantzunak idatzi behar izan zituen, oso hitz gutxi eta letra larriz, euskaraz.

Guztiz nahasi eta kontraesankorra da «deklarazioa», horrela deitzerik bada, oso larri dagoen pertsona baten ondoezaren adierazle. Baina une zehatz batean, bera eta Lizarralderekin Irunberrin zegoen neskak bere buruaz beste egin ote zuen galdetzen diotenean, «NESKA EZ DA HILTZEN» idazten du German Rubenachek.

Arregi gogoratzen duen margoa bere herrian, Oñatin.

Bitxia bada erantzuna, eta honako hau Aristik ondorioztatzen duena: «Bere oroimen lanbrotsuan badira erantzun zentzuduna, ekintza bat egitera joan zirela, armak dauzkatela herria askatzeko, eta, batez ere, NESKA EZ DELA HILTZEN. Hor dago, agian, eman zioten bigarren tiroaren esplikazioa?». Argi-izpi, errealitate flash moduko bat izan daiteke erantzun hori, idazlearen aburuz.

Izan ere, Susana Arregik buruan bi tiro izatea bertsio ofiziala guztiz ezineko egiten duen aldagai nagusienetakoa da. Inork ezin du bere buruaz beste egin buruan bi tiro emanda, eta gainera distantzia ezberdinetatik, balistika-probek nabarmendu zuten bezala. Rubenachi Arregi hiltzea leporatzearen bitartez estali nahi izan zuen bertsio ofizialak «zulo» hori, baina Auzitegi Nazionalak tesia gezurtatu zuen 1995eko epaiketan eta arrotxapearra errugabe jo zuen.

Beste datu garrantzitsu bat ahaztu gabe: Arregi oñatiarra ez zen bakarrik Rubenachen ETAko taldekide, bikotekidea ere bazen.

Guardia zibilen presioak eta 24 urte preso

Erietxean Rubenachi hartutako deklarazio guztiak Guardia Zibilaren presio larrien menpe burutu ziren, bestalde, ETAko kidearen osasun egoera negargarriak baldintzatuta izateaz gain. Presio horiek auzi-instruktorearen gainean ere ezarri zituzten, Agoizko auzitegiko 29 urteko epaile bat, Maria Jesus Erroba izenekoa. Ospitalean nork agintzen zuen agerian uzteko-edo, epaileari miaketa egin zioten guardia zibilek, bai eta Nafarroako abokatuen dekanoari ere, deklarazio horietako baterako bertaratu zenean.

Uztailaren 10ean egindako beste itaunketa batean (gertaerak izan eta bi aste beranduago), abiatu bezain laster ezustekoa hartu zuen epaileak: alboko ohean motxila bat utzia zuen guardia zibil batek, eta barruan, magnetofoi bat, dena grabatzeko, agertu zen. Hori gelatik atera eta azkenean galderei bide eman zietenean, beste «ezbehar» bat: polizikide bat aurkitu zuten ospitaleko gelako komunean eserita, walkie-talkie bat eskuan, hau ere Rubenachek esango zuen guztia jasotzeko prest.

German Rubenach, 2014. urtean espetxealdia agortu ondoren. (NAIZ)

Zertxobait hobera egin bezain laster Madrilera eramango zuten German Rubenach, eta hortik kartzelara, 24 urtez iraungo zuen espetxealdia abiatzeko; 2014an amaituko zitzaion zigorra, non eta Penintsularen kontrako muturrean, Puerto de Santa Marian.

Arroilarena argitu ezin izana, ordea, bizi osorako zama izango dela sumatzen du Pako Aristik: «Ez dakigu berak zenbat sufritu ote duen ahanzturako kondena honengatik, Irunberrin gertatu zena argitzeko inpotentziak zenbateraino mikaztu duen haren gogoa, zer sentitzen duen hildakoen senideekin aurrez aurre dagoenean, ezin ezer kontatu, ezin ezer esan zoritxarreko egun hartaz, irudirik ez oroimenean, hitzik ez ahora, dena ilun, beltz, dena gau –idatzi du liburuan–. Bera bizi da, besteak hil ziren: ez dago errurik, halere, ezintasuna besterik. Bukatzen ez den kondena, Irunberrin benetan zer gertatu zen jakin ezina».