Iker Bizkarguenaga
Elkarrizketa
Maribel Lopez de Luzuriaga, Jose Manuel Martinez
Euskal Eskola Publikoaz Harro

«Guk ez genuen lege berria eskatzen, eskola publikoari balioa ematea baino»

Hezkuntza Legearen eztabaidaren harira, eskola publikoaren aldeko talde berriak sortu direla nabarmentzen dute Euskal Eskola Publikoaz Harro Topaguneko kideek. Lege berriak egungo sistema duala betikotuko duela irizten diote.

(Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Laster heltzekoa da -bihar onartuko du Jaurlaritzak- Hezkuntza Lege berriaren proiektua. Zer espero duzue?

Maribel LOPEZ DE LUZURIAGA: Hasieratik, akordioaren aurretik ere, mesfidantza handia erakutsi dugu. Akordioa etorri zen eta kontrako jarrera adierazi genuen. Lege zirriborroa atera zen eta, akordioan azaltzen ziren zenbait gauza zehaztu beharrean, kontrakoa gertatu zen. Kezka guztiak gainditu zituen. Beraz, ez dugu gauza handirik espero. Gure jarrera legearen aurkakoa da, eta horretan gabiltza, mobilizazioak eta salaketak egiten.

Aipatu duzuenez, hasiera-hasieratik egon zarete Hezkuntza Akordioaren aurka. Kritika, batez ere, edukian edo prozeduran jartzen duzue?

M.L.L.: Edukian, batez ere. Prozeduran, Legebiltzarreko Hezkuntza taldeak askotan esan du oso harberak izan direla, ehun eragile baino gehiagoren ahotsa entzun dutela; eta hori egia da, gu ere hor egon ginen, baina gero akordioan eta lege zirriborroan ez zen guk esandakotik ezer agertu. Orduan, entzuteko jarrera bai, baina edukia guk aipatutako noranzkoaren guztiz kontrakoa da.

Jose Manuel MARTINEZ: Gure ustez, akordio politikoa izan da, baina ez da akordio sozialik izan; ez da eskolako eragileekin egin. Irakaskuntza publiko ia osoa akordio honen kontra agertu zen, eta ez da ahaleginik egin eskola komunitatearekin edukiak adosteko.

Akordioa politikoa dela esan duzue. Baina akordio horrek Legebiltzarraren %90aren babesa jaso zuen, eta kanpoan PP+Cs eta Vox geratu ziren. Zer ondorioztatzen duzue? Ez dago Parlamentuan eskola publikoaren aldeko talderik?

M.L.L.: Guretzat ere galdera zaila da hori. Akordioa atera zenean, eragile politiko desberdinen irakurketak ikusita, ematen zuen lau akordio zeudela. Talde bakoitzak akordio horren irakurketa guztiz desberdina egiten zuen. Zirriborroarekin ere bakoitzak bere bidetik jo du. Lege honetan bakoitzak bere irizpidea noraino sartu ahal izan duen ikusiko dugu. Baina umezurtz gaudela sentitzen dugu. Eskola publikoaren eragileak umezurtz gaude eta gure diskurtsoa ez dugu ordezkatuta sentitzen.

Zertan oinarritzen duzue zuen kontrakotasuna?

M.L.L.: Beti esan dugu daukagun hezkuntza sistema dual hau gainditu behar dela. Eta akordio honen bidez betikotzeko pausoak emango direla uste dugu. Hezkuntza Zerbitzu Publikoa izeneko ente bat sortu dute eta hor barnebiltzen dira sare desberdinetako ikastetxeak, baldintza batzuk betez gero finantzaketa guztia jasoko dutenak. Baina ikusten ari garena da aurrez finantzaketa guztia jasoko dutela, eta baldintzen aipamen zehatzik ez dela egiten. Duela 30 urteko ibilbidea betikotzera eta zilegitzera doa. Eskola publikoa ardatzean jarriko dutela diote, baina orain arte egin dituzten urrats guztiak kontrako norabidean joan dira, sare bikoiztasuna blindatzera.

Dena den, egungo legea aldatzeko beharra ikusten duzue?

M.L.L.: Guk ez genuen Hezkuntza Lege berri bat eskatu, guk eskola publikoak dituen beharrei erantzutea eskatzen genuen. Eskola publikoari benetako balioa ematea, eskola publikoari baliabide gehiago eskaintzea, eskola publikoa delako unibertsala, doakoa, anitza, euskalduna... Gizarteak dituen beharrei erantzuna ematen dien eskola bakarra da. Eskola publikoaren legea, 1993koa, zaharkituta zegoen, baina lege horren puntu asko ez dira bete. Eskatzen duguna da eskola publikoari duen balioa ematea eta dituen beharrak asetzea.

J.M.M.: Lege berria beharrezkoa da, orain daukagun egoera konponduko bada. Gauzek dauden bezala jarrai dezaten ez dugu lege berririk behar.

Bi gai nabarmendu dira: segregazioa eta euskara. Lehenengoari helduz, nola konpondu segregazioaren auzia?

M.L.L.: Aditu askok honi buruzko hausnarketa egin dute, segregazioaren arazoa ez delako hemen bakarrik ematen, eta denek aipatzen dute sistema pribatuaren gehiegizko presentzia dela arrazoia. Beraz, segregazioari partxe txikiekin aurre egitea ez dugu ontzat ematen. Segregazioa benetan gainditu behar bada, kausari heldu behar zaio; sistema dual hau gainditzea eta benetan sare publikoa ardatza izatea.

J.M.M.: Segregazioan bi faktore oso garrantzitsuk eragiten dute. Horietako bat, sare pribatuaren gaineskaintza da. Guk defendatzen dugu plaza publiko nahiko dagoen lekuetan ez dela irakaskuntza itunpekoaren plazarik egon behar. Zertarako eman diru publikoa pribatuari, plaza publiko nahikoa badago? Planifikazioa modu arrazionalean egin behar da. Zerbitzu publikoa eskola publikoa da, horri eman behar zaizkio dirua eta lehentasuna. Eta publikoak ezin badu dena jaso, orduan, modu subsidiarioan, pribatuari.

M.L.L.: Familien aukeratzeko aukera faltsua ezartzen da, eta horrek segregaziora eramaten gaitu. Segregazioa gizartearen ondorio bat da. Gizarteari aukera hori ematen badiozu, bakoitza bere txokora doa. Ezin da ustezko eskubide hori jarri gizarte kohesioaren gainetik.

J.M.M.: Umeak banatu behar baditugu, ume guztiak banatu behar ditugu, ez zaurgarriak bakarrik, denak. Eta hori herriz herri, auzoz auzo, ume guztiak modu orekatuan banatuko dituen matrikulazio bulego zentralizatu bat ezartzen bakarrik egin daiteke.

Aste hauetan matrikulazioagatik polemika egon da.

M.L.L.: Bagenekien ez zela ondo aterako... Zarata batez ere ikastetxe batzuetatik heldu da, kanpo geratu diren ikasleak direla eta. Baina badakigu hori ikastetxe publikoetan lerroak ixteko ere baliatuko dela; ikasle zaurgarriak itunpeko ikastetxeetan banatuko dira, horrela ikastetxe publikoak ixteko.

J.M.M.: Ume zaurgarri horiek banatzeko neurria alferrikakoa da, hutsaren hurrengoa, ez du segregazioaren aurka balio.

M.L.L.: Gainera familia batzuk estigmatizatzeko balio du. Eskola publikoak beti hartu ditu denak. Badakigu familia horiekin lan egiten; gureak dira, maite ditugu, gurekin nahi ditugu. Estigmatizatu eta beste ikastetxeetara bidaltzea, eta estralurtarrak bezala erortzea ez zaigu bidezkoa iruditzen.

Hizkuntzari dagokionez, Lehen eta Bigarren Hezkuntzan ezagutu beharreko minimoak ezartzea berme nahikoa iruditzen al zaizue?

M.L.L.: Ez. Beti esan dugu euskara indartu behar dela, eta horretarako baliabide nahikoa behar dugu. Hezkuntza publikoan urteak daramatzagu hori esaten, sekulako ahalegina egiten dute eskola publikoek euskalduntzeko, baina baliabide gehiago behar dugu. Eta murgiltze eredu orokortu bat aldarrikatu dugu beti. Ikastetxe guztietan euskarazko hezkuntzak izan behar du komunikazio hizkuntza. B2 maila eskatzea eta ikastetxe bakoitzak bere hizkuntza proiektua moldatzea, tira, gaur egun, ereduen sistemarekin, ez badu funtzionatu... Ez dugu ikusten B2 maila nork baiezta dezakeen, eta betetzen ez dutenekin zer gertatuko litzatekeen.

J.M.M.: A eta B ereduko %90 sare pribatuan daude, eta diru publikoarekin hori guztia finantzatzen ari gara.

M.L.L.: Eta D ereduko ikastetxe publikoetara joango liratekeen eta zaurgarritasun egoeran dauden ikasle batzuk A eta B ereduetara bideratuko dira. Euskararen alde egitea eskola publikoaren alde egitea da.

1993ko legea onartu zenean arrakala handia sortu zen. Antzeko egoera gerta daiteke?

M.L.L.: Eskola publikoaren eragileak ez gaude pozik. Gure desadostasuna agerian utzi dugu, akordioa mamitzen hasi zenetik eta lehenagotik ere. Gure eskakizunak mahai gainean jarri ditugu, eta ez zaigu erantzuten. Arrakala? Ba ez dakit; guk badakigu eskola publikoa zerbitzu publiko bezala defendatu behar dugula, eta gure bidea egingo dugu. Guk badakigu noren kontra ari garen, nori ari garen bere betebeharrak egiteko eskatzen. Eta afera honetan bakoitzak jakingo du non kokatzen den.

Akordiorik erdiesteko aukerarik ikusten duzue?

M.L.L.: Guk gurean jarraituko dugu, zerbitzu publikoak defendatzen. Espero dugu baten batek gure mezua eta aldarrikapenak entzutea.

J.M.M.: Orain arte ikusi duguna politika pribatizatzaileak izan dira, azken berrogei urteetan eta baita akordio eta lege honetan ere. Gure ustez, akordioak sistema publikoaren aldekoa izan behar du, eta ez pribatizatzailea.