NAIZ

Abartzuzako Zumadia eskolak leku gehiago behar duela esan dio Nafarroako Gobernuari

Abartzuzako Zumadia eskolak herri honetako eta ingurukoetako ikasleak biltzen ditu. Txikia geratu zaie eta espazio gehiago behar dute landa eremu honetan hezkuntza modu duinean eman ahal izateko. Nafarroako Gobernuak ez diela erantzun salatu dute.

Zumadia eskolako gurasoek gaur Abartzuzan egin duten agerraldia.
Zumadia eskolako gurasoek gaur Abartzuzan egin duten agerraldia. (ZUMADIA ZAINDU)

Abartzuza, Gesaltza, Lezaun, Jaitze eta Deierriko ikasleak jasotzen dituen Zumadia eskolako familiek pairatzen duten espazio falta salatu dute gaur egin duten agerraldian.

«Espazioa funtsezkoa da kalitatezko hezkuntza bermatzeko. Gure eskola bost talde izateko eraiki zen (bi Haur Hezkuntzan eta hiru Lehen Hezkuntzan). Irailaren 1ean zortzi talde izango ditugu espazio horretan, eta agerikoa da baldintza horietan hezkuntza proiektua ezin dela fundamentuzko kalitate parametroetan garatu. Horretaz gain, hurrengo bost ikasturteei begira egiten dugun aurreikuspenak esaten digu errealitate berberarekin jarraituko dugula», azaldu dute.

Hilabeteak eman dituzte Nafarroako Gobernuarekin egoera azaltzeko bilera bat eskatzen, baina ez dute erantzun ofizialik jaso.

«Familiok oso garbi daukagu, gure eskolako profesionalek Hezkuntza Departamentuari behin eta berriz azaldu gisan, hezkuntza jasotzeko espazioa nahitaezko baldintza dela hezkuntza praktika duin baterako. Horregatik, gure komunitatea osatzen duten eragileekin batera, erantzun urgente bat exijitzen diogu Nafarroako Gobernuari, hezkuntza espazioa zabaldu eta proiektuaren ageriko arrakasta soziala egonkortzeko. Biztanleria galtzeko joera pairatzen duen landa eremu honentzat, berebiziko garrantzia duen osagaia da eskola», aldarrikatu dute.

Duela hiru ikasturte hasi ziren Abartzuzako instalazio berrietan eta hasieratik izan dute espazio falta.

«Arazo hau konpontzeko daukagun borondatea eta elkarlanerako prestutasuna jarri nahi ditugu berriz mahai gainean. Era berean, eskola honen alde eta berau egonkortzearen mesedetan lan egiteko konpromisoan berresten gara. Landa eremu honek hala eskatzen du, eta hala behar du», gaineratu dute.