NAIZ

EAEko Gizarte ekimeneko ikastetxeetako greba egunak %65 inguruko jarraipena izan du

EAEko gizarte ekimeneko ikastetxeetako grebak %65ko jarraipena izan du, sindikatuen arabera, eta Bilboko manifestazioan 5.000 langile batu dira. Patronalek oinarrizko aldarrikapenak aintzat hartzen ez badituzte mobilizazoak indartuko dituztela ohartarazi dute ELA, Steilas, CCOO, LAB eta UGTk.

Gizarte ekimeneko ikastetxeetako langileak, Bilboko manifestazioan.
Gizarte ekimeneko ikastetxeetako langileak, Bilboko manifestazioan. (Aritz LOIOLA | FOKU)

ELA, Steilas, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek astearte honetarako Araba, Bizkai eta Gipuzkoako gizarte ekimeneko ikastetxeetan deitutako grebak «jarraipen zabala» izan du, %65 ingurukoa. Gizarte ekimeneko itunpeko ikastetxeetako 9.000 langile inguru zeuden grebara deituta. 200 ikastetxe baino gehiagotan 130.000 ikasle ingururi ematen diote hezkuntza. Kristau Eskolaren arabera, jarraipena %20koa besterik ez da izan.

Kolektibo desberdinetan jarraipen zabala izan du grebak, sindikatuen arabera: administrazio eta zerbitzuetako langileen artean, Haur Hezkuntzako lehen zikloko langileetan, Hezkuntza laguntzako espezialistetan eta etapa guztietako zein Lanbide Heziketako irakasleetan, alegia. Lan zuzendaritzak greba egun honetarako «gehiegizko zerbitzu minimoak» ezarri dituen arren, sindikatuek batu dituzten datuen arabera, geldialdia %65 ingurukoa izan da, Bizkaian eragin nabarmenagoarekin. Bilboko manifestazioan 5.000 langile inguru batu dira.

Sindikatuek lan hitzarmenaren negoziazioak blokeatuta daudela salatu zuten orain hilabete, «patronalek edukien gaineko proposamenik ez dutelako egiten». Aldarrikapen nagusiak lan zamak arintzeko neurrietan, sektore feminizatu eta prekarizatuenentzat hobekuntzetan, KPIaren araberako soldata igoeretan, lanpostuak mantentzeko neurrietan eta Lanbide Heziketako edukietan oinarritzen dira. Euskara planak, berdintasun planak eta lan osasuna eta bereziki arrisku psikosozialak abordatzeko planak ere jomugan dituzte sindikatuek.

Mobilizazioetara jo aurretik, negoziazio mahaian ordezkaritza daukaten Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalei idatzi bat aurkeztu zieten. Bertan, negoziaketarako sindikatuen borondatea agertu eta «edukiz betetako» lan hitzarmen baten inguruko proposamena mahaigaineratzeko eskatu zieten.

«Gaur gaurkoz ez dute patronalen aldetik inolako erantzunik edo berririk izan. Ezta proposamenik jaso ere», salatu dute grebaren antolatzaileek. «Patronalen immobilismo eta balizko proposamenik ezaren aurrean», gaurko deitutako grebarekin aurrera egin dute sindikatuek.

Lanuzteak «izan duen jarraipena eta manifestazioak izan duen babesa» ikusita, sindikatuek sektoreko patronalei «edukiak» izango dituen proposamen bat helarazteko eskaera egin diete. Horrela izan ezean greba eta mobilizazioak indartzen jarraituko dutela jakinarazi dute.