NAIZ

Elkartasunezko hiru plaza, edozein momentutan espetxeratu ditzaketen Barbado eta Zelaiaren alde

Barbado eta Zelaiaren defentsaren helegitea aztertu du asteazken honetan Auzitegi Gorenak. Atzera botako balu, gazteak edozein momentutan kartzelaratu ditzakete. Egoera salatu eta elkartasuna adierazteko elkarretaratzeak egin ditu ANkerkeriari STOP plataformak Gasteiz, Amurrio eta Agurainen.

Galder Barbado eta Aitor Zelaiari babesa adierazteko Gasteizen egin den elkarretaratzea.
Galder Barbado eta Aitor Zelaiari babesa adierazteko Gasteizen egin den elkarretaratzea. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Gasteiz, Amurrio eta Agurainek Galder Barbado eta Aitor Zelaiari babesa adierazteko elkarretaratze bana hartu dituzte asteazken arratsalde honetan, egun honetatik aurrera espetxera sartzeko arriskuan egon baitaitezke gazte arabarrak.

2021eko otsailaren 2an lau urteko espetxe zigorra eta hamar urteko inhabilitazioa ezarri zien Auzitegi Nazional espainiarrak Barbado eta Zelaiari, «helburu terroristekin lehergailuak egiteko elementuak gordetzea» egotzita. Gazteen defentsak absoluzioa eskatzeko helegiteak aurkeztu zituen ebazpen honen kontra, haien errugabetasun presuntzioa atzera botatzeko adina frogarik ez zelako aurkeztu gazteen kontra.

Helegite horien ebazpenak zehaztuko du Barbado eta Zelaia espetxeratuko dituzten edo ez eta, hain zuzen, errekurtso horiek aztertzen ari da asteazken honetan Auzitegi Gorena, bi urteko itxaronaldiaren ostean. Atzera botako balu eta epai irmoa ebatzi, beraz, apirilaren 26 honetatik aurrera bi gazteak edozein momentutan atxilotu eta atzera ere kartzelaratu –sei hilabete egin zituzten preso 2019an– ditzake Poliziak. Gazteentzat zortzi urteko espetxe zigorrak eskatzen dituen Fiskaltzaren helegitea ere aztertzekotan da Gorena.

Egoera honen aurrean, eta Barbado eta Zelaiaren kontrako «jazarpen politiko-poliziala» salatzeko asmoz, elkarretaratzeak egin dira 19.00etan Gasteiz, Amurrio eta Agurainen, gazte arabarren eskubideen alde egiten duen ANkerkeriari STOP plataformak antolatuta.

Amurrion egindako elkarretaratzea. (ANkerkeriari STOP)
Amurrion egindako elkarretaratzea. (ANkerkeriari STOP)

Elkarretaratzea egin bitartean, antolatzaileek deitoratu dute bost urte igaro direla «amesgaiztoa» hasi zenetik. Orain, Auzitegi Gorenak «edozein momentutan» epai irmoa emango duela ohartarazi dute eta, beraz, «edozein momentutan Aitor eta Galder espetxeratuak izan daitezke».

«Elkartasun sareak josi» eta egoeraren salaketa publikoa egiten segitzeko konpromisoa agertu du plataformak. «Elkartasun dinamika honek jazarpen poliziala, jazarpen politikoa, Auzitegi Nazionaleko epaiketaren salbuespenezko izaera eta azken bi urteetan bizitza normala egiteko ezintasuna salatzen ditu», agertu dute.

Aguraineko mobilizazioa, Barbado eta Zelaiaren alde. (ANkerkeriari STOP)
Aguraineko mobilizazioa, Barbado eta Zelaiaren alde. (ANkerkeriari STOP)

Gerta daitekeenari adi

Nabarmendu dute Euskal Herriak hasia duela normalizaziorako eta bakerako bidea; «Estatu espainiarrak, aldiz, horrelako mekanismoak erabiltzen jarraitzen du gure herriaren kontra», deitoratu dute. Hori dela eta, Auzitegi Gorenaren epaiak ekar dezakeenari adi egoteko deia luzatu diete herritarrei, eta epaia Barbado eta Zelaiaren kontrakoa bada mobilizazioak deituko dituztela iragarri dute.

Halaber, maiatzaren 2an Gasteizeko Sumendi espazioan antolatuko duten asanblan parte hartzera gonbidatu dituzten herritarrak.