Hasterako, txapeldunari amaitu zaizkio Buruz Buruko honetan kale egiteko aukera guztiak eta bere txapelaren defentsa egin nahi badu, partida guztiak hil ala bizi jokatuko ditu Bizkarreta-Gerendiangoak, lehena egoera berean den Danel Elezkanoren aurka, larunbatean, berriz ere beteko dela dirudien Labrit batean. Emaitzak ez dira, ordea, nafarraren eta Zaratamokoaren kezka iturri bakarrak, batak zein besteak arazoak izan baititu azken egunetan bere ezker eskuarekin.
Unai Lasoren kasuan, arazoak ez dira berriak, Binakakoan ere pairatu zituen arazoak bere ezker eskuan, esaterako finalerdietako azken jardunaldiari uko egin zion finalerako gorde asmoz, eta oraindik ere ez da erabat osatu. «Binakakotik ezker eskuan arazotxo batzuk ditut, astez aste errekuperatzen noa, fisioarengana joaten naiz et nik uste dut larunbaterako ondo egongo naizela», azaldu du gaurko material aukeraketan. «Noski beti kezkatzen zaituela pixka bat, baina azkenean kantxan zaudela, beroan, min apur bat eginagatik beti ematen duzu dena», azaldu du Baikoren aukera bakarrak.
Danel Elezkanoren arazoak berriagoak dira, Iñaki Artolaren aurka jokatutako lehen partidan hasi ziren eta Elordiren aurka ere nahiko justu amaitu zuen, baina bizkaitarrak, alde horretatik, izan du abantailatxo bat, aurreko asteburuan ez zuelako partidarik jokatu beharrik izan. «Azken partida larri amaitu nuen, Bastidako lehen partidatik nabil larri. 15 egunetako atsedena beti dator ondo eta ea larunbatean nire mailarik onena ematerik dudan», azaldu du.
Presioa gustuko
Laso, gainera, igandean Altunaren kontra 22-9 galduta kolpe handi bat hartuta helduko da larunbateko partidara baina, arazoak arazo, bizkaitarrak oso aurkari arriskutsua espero du Labriterako. «Nik Lasorik onena espero dut, txapeldun handi bat da eta denbora asko darama hori erakusten. Badakit oso zaila dudala, baina nire jokoa ahalik eta ondoen egiten saiatuko naiz eta ea susto bat emateko moduan naizen», gaineratu du.
Bizkarreta-Gerendiaingoa da Baikori txapelketa honetan geratzen zaion aukera bakarra eta horrek ere presio apur bat gehiago sor diezaioke nafarrari, baina honek ez du gehiegi kezkatzen. «Noski presioa badagoela, baina nik azkenean nire lana egin behar dut, hil ala biziko partida bat da eta niri gustatu egiten zait halako partidak jokatzea. Tentsio handia egongo da eta berak ere irabazi egin beharko du aurrera jarraitu nahi badu».
Alde horretatik, «partida oso gogorra» espero du Unai Lasok, «bera gozatzen ari delako, ez dauka galtzeko ezer eta honek partida handiak jokatzera eraman du eta nik uste partida polita izango dela», gaineratu du.